Odolak mendekua nahi du

Egunotan dozenaka lagun hil dira NBEren Kongorako misioaren kontrako protestetan. Milizianoen erasoen aurrean ezer ez egitea egozten diete kasko urdinei.

Monusco Nazio Batuen Kongoko Errepublika Demokratikorako misioaren kontrako protestetan hildako herritar baten hileta, aurreko astean. STR / EFE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
«Tu egiten dute hildakoen gainean, eta odolak mendekua eskatuko du», ohartarazi du Edgar Mateso gizarte zibileko ordezkariak. Uztailaren amaieran, Ipar Kivuko herritar gazteek, sumendiaren laba balira bezala, Monusco Nazio Batuen Kongoko Errepublika Demokratikorako misioaren egoitzak setiatu zituzten, metatutako frustrazioa ordainarazteko.

Ruandako Gobernuaren babesarekin, M23 talde armatuak Rutshuruko mugaldean egindako erasoen aurrean beste aldera begiratu du Monuscok, eta horrek eragin ditu protestak. Bezperan, Mathias Gillman Monuscoko bozeramaileak argudiatu zuen nazioarteko misioak ezin zuela besterik egin, M23 taldeak dituen «arma sofistikatuak» direla eta. Adierazpenok, ordea, heriotzez aspertuta zeuden herritarren haserrea piztu zuen.

Kongokoa nazioarteko bake misio handienetako bat bada ere, ehunka mila kongoar hil dituzte azken urteetan. Izan ere, herritarrek ikusten dutena ez da kasko urdinen ezintasuna, aberastasunen arpilaketak jarraitu ahal izateko Monuscoren konplizitatea baizik.

NBE Nazio Batuen Erakundeak Monuscoren aurkako protestetan 36 pertsona hil ostean soilik egin zuen bat Kongok Ruandako Gobernuaren aurka egindako salaketekin. Bestalde, Kinshasako gobernuak, protestak baretzeko, iragarri zuen kasko urdinak erretiratzeko egutegia berrikusiko duela, eta, bide batez, Gillman kaleratzeko eskatu zion publikoki NBEko idazkari nagusiari.

Itxura batean, azken orduko keinu politiko horiek lasaitu dute herritarren haserrea, baina epe motzerako; azken egunetan ez baita nabaritu benetako aldaketarik, eta sarraski gehiago gertatu direnez, herritarren amorrua berriz berotzen eta indarberritzen hasi da.

Joan den astean, eta eraso bakarrean, zortziehun preso inguru askatu zituen talde armatu batek Butemboko kartzelatik, eta, beste behin, besoak gurutzatuta geratu ziren Kongoko armada eta Monusco. Jakina da iheslariek nora joko duten.

DDRCS armagabetze programak ez du aurrera egin orain arte, funts gabezia dela eta; bitartean, atzerriko milaka kasko urdinen soldata eta pribilegio garestiak ordaintzen jarraitzen dute. Herritarren aldarrikapen nagusi eta orokorra zera da: Kongok bere gain hartu behar dituela bake prozesuarekin eta biztanleriaren segurtasunarekin lotutako ardura guztiak.

«Monuscok prozesu hori garatzen laguntzeko mandatua dauka ustez, baina 22 urteren buruan emaitzak ez dira ikusten, herritarrak nekatuta daude», azaldu du Justine Masikak, Emakumeen Erakundeen Sinergiako bozeramaileak. Monuscoren aurkako protesten aurrekaria izan zen Ipar Kivuko Emakume Liderren Foroak uztailaren 22an Goman egindako manifestazio baketsu bat. Salatu zuten Monuscok ez diola beharrezko arreta eskaintzen Ituriko eta Kivuko emakumeek jasaten duten segurtasunik ezari.

Horren ostean antolatutako manifestazioak debekatuak izan ziren, eta horrek are gehiago indartu zituen protestak, sinetsaraziz posible zela Monusco Kongotik kanporatzea. Masikak BERRIAri nabarmendu dionez, Kongoko sortaldeko bakegintza eta egonkortasunean urratsik ez egiteaz gain, kasko urdinek herritarrak hil dituzte protestetan.

Egitate hori ezkutaezin bihurtu zen Kasindin, uztailaren 31n, Monuscoren aurkako protestak eskualde guztietan hedatu zirenean. Uganda eta Beni lurraldeen arteko muga zeharkatzeko, kasko urdinek armarik gabeko herritarrak hil eta zauritu zituzten goiz hartan, herritarrek euren telefonoen kamerekin tiroketa guztia grabatu zutelarik. Biharamunean, Bintou Keita Monuscoko buruak kasko urdinen jarrera gaitzetsi zuen, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa eta epaiketa publiko bat ere agindu zituen. Baina, orain arte, ez dute halakorik egin

Bakerako oztopo

«Kongoko Gobernuak segurtasun ardurak bere gain hartuko balitu, Monuscok ez luke Kongon egoteko eskubiderik izango», berretsi du Masikak. Hark bezala, beste herri erakundeek ere ez dituzte amaitutzat eman Monusco kanporatzeko ekimenak. Baina protestetan hildakoak lurperatu ondoren, Kongoko Gobernuari zuzentzen diote euren oihua. Monuscok aurrekontuak irensten dituen heinean, bake prozesurako oztopo bihurtu dela uste dute, haren presentziak eragotzi egiten duela gobernuak dagozkion ardurak bere gain hartzea.

Epe laburrean etekin politikoak aurkitzeko, atzerriko botereei men egiten dien gobernuarekiko asperduraren seinale ere badira Monuscoren aurkako protestak. Alde horretatik, gizarte zibilaren bilerak ugaritu egin dira azken egunetan, atzerriko botereen zurikeria salatze aldera. NBEk salatu du Ruandak M23ren gerra babesten duela, baina, hala ere, AEB Amerikako Estatu Batuek uko egin diote Ruandako Gobernua zigortzeari. Horren ordez, Kongoren eta Ruandaren arteko elkarrizketaren alde egin du AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek.

Zera dio Matesok: «Ustezko giza eskubideen urraketak zirela eta, AEBetako Gobernuak zalantzarik gabe zigortu zituen Joseph Kabilaren [Kongoko presidente izandakoaren] gobernukideak, euren kontuak blokeatzeraino; eta orain, berriz, Ruandak Kinshasari egindako erasoaren aurrean, eztabaidatzeko eskatzen digute berriro».

Gobernuak nazioartearekin duen harremanetan jarri du orain arte bere itxaropen guztia, baina agerikoa da, oraingoz behintzat, ez duela fruiturik lortu. M23 talde armatuaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoko armadaren arteko borrokak eten badira ere, milaka desplazatu daude Rutshurun goseak jota, eta egoerak ez du oraingoz ez aurrera, ez atzera egiteko itxurarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.