Gertatutakoa ahantz ez dadin

Eskuin muturrak duela 40 urte Hernanin hil zituen lau pertsonak oroitzeko ekitaldia egingo dute, gaur, eraildakoen senideek. Udala ere parte hartzekoa da.
Zaparen hiletako irudi bat, Hernaniko kaleetan.
Zaparen hiletako irudi bat, Hernaniko kaleetan. PEDRO LOUBET / ARGIAKO ARTXIBOA Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2020ko azaroak 22

Eskuin muturrak Hernaniko (Gipuzkoa) lau pertsona hil zituen 1980an. Frankismoaren ondorengo aurreneko urteak ziren. «Hernanin aintzat hartzen da gertatutakoa. Baina 50 urtetik beherako herritar askok ez dute gogoratzen zer gertatu zen, eta beste batzuek ezer ez dakite». Mari Jose Aizpuruaren hitzak dira. Hil zutenetako baten iloba da, Felipe Sagarna Zapa-rena. BVE Batallon Vasco Español taldeak bere gain hartutako eraso haietan hil zuten beste hernaniarretako bat Miguel Mari Arbelaitz izan zen. Trini Cuadrado da haren alarguna. «Oso gaizki pasatzen dut gogoratzen dudan bakoitzean, oso gaizki. Baina tira, esfortzu bat egin behar da, gertatutakoa ahantz ez dadin». Horretarako, herrian bertan, Atsegidengin (12:00), oroimen ekitaldi bat egingo dute gaur Sagarna, Arbelaitz, eta Luis Mari Elizondo eta Joquin Altimasberes —ultrek duela 40 urte hildako beste bi hernaniarrak— gogoratzeko.

Lauren senideek elkarrekin antolatu dute ekitaldia, eta udalari parte hartu dezala eskatu diote. Udalak eskaera onartu du, eta aurrenekoz parte hartuko du indarkeria politikoaren biktimen aitortza ekitaldi batean. BERRIAk jakin duenez, udalbatzan ordezkaritza duten lau taldeetako kideak dira joatekoak —EH Bildu, EAJ, Ahal Dugu eta PSE-EE—, eta aho batez onartutako adierazpen bat irakurriko dute, «biktimen arteko mailaketarik» egon ez dadila eskatzeko.

Aizpuruaren esanetan, azkeneko 40 urteotan beti sentitu izan dute Hernaniko Udalaren babesa. «Publikoki ez du esan, baina laguntza behar izan dugun bakoitzean alboan eduki izan dugu beti». Ezin du gauza bera esan gainontzeko erakunde publikoez. «Orain dela gutxi arte, ez digute kasurik egin». Cuadradok oroitu du 1980ko azaroaren 7an bere senarra eta Elizondo erailak izan ondoren hilkutxak udaletxean eduki zituztela. Juan Jose Uria Zubiarraian (HB) zegoen alkate. «Ez ziguten utzi, ordea, hilkutxak elizara sartzen, ikurrinak zituztelako».

Zergatik hil zituzten galdetuta, biek erantzun dute ez zutela inon militatzen, «nahiz eta beren ideia politikoak» eduki; eta erail zituztela herrian pertsona «oso ezagunak eta maitatuak» zirelako. «Nik eta beste jende askok uste dugu hura egin zutenek bazekitela mina eragingo zutela jende askorengan, ez bakarrik senideengan», nabarmendu du Aizpuruak.

Haren osabak zapatak konpontzen zituen, denda txiki bat zuen, eta Incansables txarangan kaxa jotzen zuen, «danbor txikia». Hil zuten gaura arte, inoiz ez zuten mehatxatu. «Saletxeberri tabernan [Urnieta, Gipuzkoa] zerbait hartzen ari ziren lauzpabost lagun. Nire osabari bi pertsona gerturatu zitzaizkion, eta esan zioten: 'Francoren hilobian bukatuko duzu'. Asaldatuta alde egin zuten handik». Handik ordu gutxi batzuetara hil zuten, etxeko atarian, «bi tiro jasota». Apirilaren 19a zen.

Hilketa horiek egitea leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak Ignacio Iturbideri eta Ladislao Zabalari 231 urteko kartzela zigorra ezarri zion bakoitzari. Egotzi zizkien, gainera, Tomas Albaren, Jose Ramon Ansaren eta Francisco Javier Ansaren hilketak. 1979 eta 1981 artean hil zituen BVEk, lehena Astigarragan, eta beste biak Andoainen. Heriotzaren hirukia deitu zitzaion Hernanik, Astigarragak eta Andoainek osatutakoari, eta gertatutakoa azaltzen duen izen bereko dokumental bat ondu zuten Imanol Laburu Larzabalek eta Jose Mari Salinas Solanok, 2015ean.

Iturbidek eta Zabalak dozena bat urte ere ez zituzten pasatu kartzelan. «Espetxetik atera eta gutxira, behin, Bilbon ikusi nuen Iturbide. Puf... Gauza asko datorzkizu burura, eta egin ezin duzun zerbait egiteko hainbesteko gogoa edukitzen duzu...», kontatu du Sagarnaren ilobak. «Nire bizitzan pertsona oso inportantea zen osaba». Hildakoak 41 urte zituen, eta ilobak, 21. «Osaba zenaren arrebak 80 urte baino gehiago ditu. Egingo dugun ekitaldia aipatu nionean, esan zidan oraindik ere min handia sentitzen duela». Familiakoek elkar babesten dute.

«Momentu» hori

Arbelaitz eta Cuadrado 1978an ezkondu ziren —Incansablesekoek jo zuten ospakizunean, Arbelaitzen laguna baitzen Sagarna—, eta 1979an alaba bat eduki zuten. Ondorengo urteetako «momentu bat» kontatu du Cuadradok: «Bost bat urte zituenean, alaba negarrez atera zen ikastolatik. Kurtso hartan, klasekide zuen bere aita hil zuenaren [Iturbide] iloba bat. Behar ez zituen gauzak adituko zituen mutiko hark etxean, eta gero klasean esan...».

Alabari «pixkanaka» joan zitzaion gertatutakoa kontatzen. «Gogorrena izan zen nik neuk bakarrik alabarekin aurrera egitea, etxera aurrera ateratzea. Eta alabak, ahaztu zitzaion arte, galdetzen zuen: 'Aita?'». Baina Cuadradok ez zuen gertatutakotik gorrotoa elikatu nahi izan. «Ikusi ditut gorroto ingurune bat eduki duten mutikoak, eta gerora istiluetan sartu direnak. Nik gauza horietatik guztietatik kanpo utzi dut alaba, eta pozik hazi da».

Erailketatik 40 urte joan eta gero, kalte-ordainak eman dizkiete senideei. «Zegokigun diru kopuruaren bigarren zatia 2016an edo 2017an ordaindu ziguten», azaldu du Aizpuruak. Hau da, bidean «oztopo askori» aurre egin behar izan dietela senideek —elkarrekin eta abokatu berarekin egin dituzte prozedura guztiak—. «2001ean, lehen zatia ordaindu zigun Espainiako Gobernuak, terrorismoaren biktimen legean oinarrituta». Abokatua konturatu zen, ordea, «beste batzuei» emandakoaren erdia jaso zutela. «Atzera paperak egitera, hortaz», duela urte batzuk beste erdia jaso zuten arte.

«Justizia, nolabait, egin da, eta erreparazioa ere egon da. Baina egia? Hori ez, hori ez dugu», hausnartu du. «Jakin nahi dugu nork eman zuen gure senideak hiltzeko agindua». Gertatutakoa ahantz ez dadin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Otegi, TV3n. ©BERRIA

Otegiren ustez, «euskal errepublikaranzko prozesuaren parte» da aurrekontuak onartzea

Berria

TV3 telebistan egindako adierazpen batzuetan, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du koalizioaren oinarriek proposamenari baiezkoa ematea espero duela. Otegiren ustez, «Espainiako Estatuan ez zen halako gobernurik izan Bigarren Errepublikaz geroztik».

Frederic Haranburu <em>Xistor</em> euskal presoa, Lannemezango presondegi kanpoan, bere senideek inguratua. ©BERRIA

Presondegitik atera da Frederic Haranburu 'Xistor' euskal presoa

Ekhi Erremundegi Beloki

Eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du urte eta erdiz, eta «baldintza zorrotzak» izanen ditu zortzi urtez. 30 urte baino gehiago eman ditu Frantziako presondegietan

Jose Luis Uriz eta Expe Iriarte, atzo, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Torturari bide eman ziotenei» erantzukizunak eskatu dizkiete

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Nafarroako Foro Sozialak ohartarazi du oraindik argitu gabe daudela Mikel Zabalzaren kasua eta «beste asko». Aitortza eskatu dute

Ortuzar, joan den uztailean. ©Javier Zorrilla / Efe

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.