Txinak iragarri du bake egitasmo bat aurkeztuko duela Ukrainarako

Yi diplomazialariak nabarmendu du beharrezkoa dela nazioarteko zuzenbidea indartzea, munduan Ukrainakoaren gisako «krisiak» eragozteko. AEBak garaipen militarra lortzearen alde mintzatu dira

Wang Yi Txinako diplomazialaria eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, herenegun, Municheko Segurtasun Konferentzian. JOHANNES SIMON / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Txinak «bakearen eta elkarrizketaren alde» jarraituko du lanean, «Ukrainako krisian akordio politiko bat» lortze aldera. Herrialdea konprometituta dago Ukrainaren eta Errusiaren arteko irtenbide adostu bat erraztearekin, Wang Yi Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zetraleko buruak atzo adierazi zuenez, Municheko Segurtasun Konferentzian. Yiren arabera, Pekin bake egitasmo bat ontzen ari da, eta azken xehetasunak fintzea falta zaio hura publiko egiteko.

Otsailaren 24an beteko da urte bat Errusiak Ukrainaren aurkako gerra hasi zuenetik. Hain zuzen, egun horretan «bakearen aldeko» diskurtso bat ematekoa da Xi Jinping Txinako presidentea, Antonio Tajanik herenegun esandakoaren arabera. Tajanik azaldu zuen Yik hitzaldi horren berri eman ziola ostegunean elkarrekin egin zuten bileran.

«Zerbait aurkeztuko dugu. Txinak Ukrainako krisiaren inguruan duen jarrera azalduko dugu», adierazi zuen Yik. Pekinen goi diplomazialariaren iritziz, ezinbestekoa da nazioarteko zuzenbidea indartzea munduko hainbat krisiri irtenbidea emateko. «Mundu seguru batek Nazio Batuen itunekiko atxikimendua behar du, eta horiek sustatzea».

Orain arte, Txina ez da lerratu Ukrainako gerran; ez Errusiarekin, ezta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeekin ere. Ukrainaren inbasioa kritikatu du, estatuen lurralde osotasun printzipioa urratzen duelako; baina, aldi berean, Mendebaldearen jokabidea gaitzetsi du, entzungor egin dielako Errusiak bere segurtasunari lotuta agertu dituen kezka «zilegiei». Era berean, erabaki okertzat jo du AEBek eta haren aliatuek Moskuri zigor ekonomikoak ezarri izana, bake elkarrizketetarako oztopo bat direla iritzita.«Ez gara gelditu beste albo batera begira. Ez gara suari su gehiago ematen ari. Bakearen eta elkarrizketaren alde gaude», ziurtatu zuen Yik.

Alemaniak, konferentziaren herrialde anfitrioiak, begi onez ikusi du Txinaren iragarpena. Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak «ongietorria» egin zion «Txinak munduaren bakea bermatzeko dituen ardurak» bere gain hartzeari. Desio bera agertu zuen Yik Europaren jarrerari dagokionez herenegun Olaf Scholz herrialdeko presidentearekin bildu ostean. «Europak pentsatu behar du zer egiteko estrategiko izan dezakeen, autonomiatik».

«Bake inposatua»

Dena den, okerreko irtenbideen arriskuez ohartarazi zuen atzo Baerbockek. «Bat gatoz gure nazioarteko kideekin: gerrak ahalik eta lasterren amaitu behar du. Baina ez inposatutako bake batekin». Alemaniako Atzerri ministroaren esanetan, beharrezkoa da Ukrainari gerran laguntzen jarraitzea negoziaziorako baldintzak eratu bitartean. «Errusiak borroka eteten badu, ez da gerrarik izango; Ukrainak borrokatzeari uzten badio, ez da Ukrainarik egongo, ezta nazioarteko ordenarik ere».

NBE Nazio Batuen Erakundeak Errusiaren erasoa gaitzesteko ebazpen bat bozkatuko du datorren astean, gerraren hasieraren urteurrenaren harira, eta Baerbockek estatu guztiak deitu ditu testuarekin aho batez bat egitera.

Ukrainak gerra irabaziko duela ziurra da, berriz, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariaren iritziz. Haren esanetan, garaipen militarrak izan behar du Ukrainaren eta NATOko herrialdeen helburua. Errusiak porrot egin ezean, Ukrainako gerra beste eraso batzuen aurrekari izan daitekeela ohartarazi zuen atzo Munichen. «Errusiarrei burutik kendu behar diegu gauza bera beste toki batzuetan ere egin dezaketenaren ideia».

Harago joan zen Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, eta ohartarazi zuen Txina «gertutik» ari dela jarraitzen Ukrainan gertatzen ari dena, Errusiak zenbateko «saria» lortzen duen ikusteko. «Gaur Europan gertatzen ari dena Asian gerta daiteke bihar». Haren ustez, gerrak agerian utzi du ez dela «NATOtik harago begiratzeko garaia», baizik eta aliantza hori indartzekoa. «Ipar Amerikak eta Europak elkarrekin egon behar dute. [...] NATO gabe, ez dago segurtasunik Europan», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.