Itxaropena eta kezka, Tigrayko bake akordioaren inguruan

Diasporan protesta ekitaldiak egin dituzte Etiopiaren eta Tigrayko matxinoen arteko gerraren bigarren urteurrenean. Milaka lagun hil dira borrokengatik, zibilen aurkako sarraskiengatik eta gosetearengatik

Tigrayk AEBetan duen diasporako zenbait kidek protesta bat egin zuten, herenegun, Washingtonen. URTZI URRUTIKOETXEA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Tigrayn gerra piztu zenetik bi urtera, eta Hegoafrikan bake hitzarmena sinatu berri, Etiopia iparraldeko herrialde horretako diasporak protesta ekitaldiak egin ditu munduko hainbat hiritan. Horietako bat Washington da; azken hamarkadetan iritsitako milaka lagun bizi baitira AEBko hiriburuan eta inguruko eskualdean.

Ostiralean bete ziren bi urte Tigrayko gerra piztu zela Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak iparraldeko eskualdearen aurka armada bidaltzean, Eritreakoaren laguntzarekin. Asteon berriz, bake hitzarmena sinatu dute Hegoafrikan. Bi urteotan, ehunka mila lagun hil dira borroketan, zibilen aurkako sarraskietan eta eskualdearen blokeoarekin hornidura faltak ekarri duen gosetean.

Egoera horretan, diasporako tigraytarrek bake hitzarmenaren aldeko afixak atera dituzte protestetan, Abiy Ahmeden eskaera ugari onartu behar izan dituztela jakin arren. «Espero dugu bakea etortzea, baina oraingoz beste bonbardaketa bat egon da; sarraskiek ez dute etenik. Guretzat okerrena bakartzea da: gurasoekin, senideekin ezin komunikatzea, ez jakitea zer gertatzen zaien», esan du Rahel Yifferrek; kantaria da eta Tigrayren aldeko ekintzailea. Ez du inolako konfiantzarik Ahmed Abiyren gobernuarekin: «Esperodut AfrikakoBatasuna modu argiagoan sartuko dela gaian, eta akordioa betearaziko dela». Berdintsu mintzatu da BERRIArekin Frez Teame, hura ere Tigrayko diasporaren komunitateko burua: «Nazioarteko indarrek, AEBek eta beste batzuek, akordio hau betearaztea nahi dugu. Ez dugu inolako konfiantzarik Etiopiako Gobernuan, baina itxaropena daukagu. Baina ez dugu nahi akordioa paperean geratzerik, oinarrizko zerbitzuak Tigrayra itzuli behar dira». Eta hau gehitu du: «90eko hamarkadan AEBetako presidente batek, Bill Clintonek, 'berriz ez' esan zuen Ruandako genozidioa gertatu zenean. Orain berriz ari da gertatzen. [Joe, AEBetako presidentea] Bidenen begiradapean, historia berriz errepikatzen ari da, gure herrialdeko biztanle indigenak ezabatzen ari dira, XXI. mendean hori gertatzea sinestezina da».

Tentsioa diasporan

Afrikatik kanpoko etiopiarren diaspora handiena Washingtonen eta aldirietan dago, udalak amhareraz ere argitaratzen ditu ohar ofizialak. Izan ere, gehienak amhara etniakoak dira, Ahmed presidentea bezala, eta gerrak tentsioa ekarri du. «Nire lagun onenetako bat amhara da, etiopiar gisa hazi ginen, bere ezkontzara joan nintzen. Baina sinetsi genuen herrialde horrek traizio egin digu. Lehengoan lagunak deitu zidan, eta esan zidan merezi genuela gertatzen ari zitzaiguna. Laguntzat genuen jendeak ere Ahmed Abiyrekin bat egin du, gu ezabatzeko».

AEBetako Estatu Departamentuaren egoitzaren aurreko protestan ehunka lagun elkartu ziren herenegun, asteburuan zehar egindako gainerako manifestazio eta bestelako ekitaldietan legez. Diasporako gazte elkarteko neska batek hartu zuen ahotsa ehunka manifestarien aurrean: «Duela bi urte bizitza eten zitzaigula sentitu genuen. Ordutik sufrimendua eta itxaropena nahasi zaizkigu, depresioa eta antsietatea, lorik gabeko gauak, ezintasunean, senideen berri jakin gabe, sarraskiei buruzko informazioak jasotzen, gosetean hiltzen ari ziren umeen berri izaten». Manifestarien artean, genozidioa salatzeko afixak, biktimen argazkiak eta Ahmeden gobernuaren laguntzaile eta arma hornitzaile izan direnen aurkako salaketak zeuden; hala nola Turkia zein Arabiar Emirerri Batuak.

Tigrayko bandera hori-gorrien artean, Etiopiakorik ez baina Eritreako batzuk nabari dira, Isaias Afwerkiren diktaduraren erbesteratuen eskuetan. Weldu Ghebraik independentziaren alde egin zuen borroka 80ko hamarkadan: «Sekula ez nuen pentsatuko horrelakorik gertatuko zenik, independentzia lortu eta horrelako erregimen faxista izango genuela. Horregatik etorri gara Tigrayko lagunekin protestan, bakea nahi dugulako». Eritreako Gobernuak Abiyrekin bat egin zuen, eta sarraski askoren erantzukizuna egotzi diote haren armadari.

Etorkizunarekin kezkatuta

Hasieran Etiopiako armadak lurralde osoa konkistatu eta Tigrayko matxinoek gerrilla gerrari ekin behar izan zioten, baina iazko ekainean kontraerasoa gauzatu eta eskualdearen kontrola berreskuratu zuten, Mekelle hiriburua ere hartuta. Abenduan bake elkarrizketei ekin bazieten ere, abuztuan gerra berpiztu zen. Setioak ekarri duen hondamendiaren ostean, bake hitzarmena konponbide onena izan dela diote, baina itxaropena dute gerra krimenak inoiz ordaindu beharko direla —Ahmedek Bakearen Nobel saria jaso zuen 2019an, Eritrearekin bakea sinatzeagatik—. «Garrantzitsuena elementu humanitarioa da orain: sei milioi pertsona inolako laguntzarik gabe daude», azaldu du Selome Girmay diasporako elkarteetako kideak. «Eritreako militarrak, Amhara eta Fano miliziak, eta Etopiako armada Tigraytik irten behar dira. Hau egin dutenak zigortu behar dituzte».

Duela ez askora arte, Tigraykoak ziren Etiopiako armadako arduradunetako asko, eta, estatu federalaren barruan, defentsa ardurak izan ohi zituzten. Egun, Addis Abebatik inoiz baino urrunago sentitzen dira, Yifferrek aitortu duenez: «Tigraytar asko Etiopiatik bereizitako estatu independentea eratzearen alde dago. Nik ere nahiko nuke, baina lehendabizi bakea behar dugu; janaria, edaria, botikak iristea Tigrayra; inbaditzaileek alde egin dezatela. Gero, tigraytarrek erabaki beharko lukete euren etorkizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.