Albistea entzun

Errusiak iragarri du Bielorrusiara hedatuko dituela arma nuklearrak

Arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko konpromisoak beteko dituela nabarmendu du Putinek. AEBek egiten dutenaren pareko neurria dela argudiatu du. Biltegi bat izango du prest uztailerako
Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, joan den otsailean, Moskun egin zuten bilera batean.
Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, joan den otsailean, Moskun egin zuten bilera batean. VLADIMIR ASTAPKOVICH / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2023ko martxoak 26

Arma nuklear taktikoak Bielorrusian kokatu ahal izateko akordioa lortu du Errusiak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak herrialdeko estatu telebistari adierazi dionez, hala adostu dute berak eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak. «Ez da ezohiko ezer. AEBek gauza bera egin dute azken hamarkadetan. Arma nuklear taktikoak hedatu dituzte aliatu dituzten herrialdeetan». Europan sei estatutan kokatu dituztela adierazi du. «Memoriak huts egiten ez badit, Alemanian, Turkian, Herbehereetan, Belgikan, Italian eta Grezian».

Putinek nabarmendu du pareko neurri bat adostu dutela Moskuk eta Minskek, «arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko betebeharrak urratu gabe», errepikatu du behin baino gehiagotan. Lehen aldia litzateke Errusiak mota horietako armak Bielorrusiara bidaltzen dituena, 1990. urtetik. Arma nuklear taktiko deitzen zaie gudu zelaian kalte mugatuak lortzeko erabiltzen direnei, hiriak osorik suntsitzeko ahalmena duten arma nuklearretatik bereizteko.

Akordioa zuzenean lotu du Erresuma Batuak uranio pobretuko armak Ukrainara bidaltzeko iragarri duen erabakiarekin. «Era batera edo bestera, teknologia nuklearrarekin du zerikusia». Putinek aitortu du uranio pobretuko jaurtigaiak ez direla suntsipen masiboko armen artean sailkatzen, baina esan du «arma arriskutsuenetakoa» dela, gisa horretako armek «hauts erradioaktiboa» sortzen dutelako. Ziurtatu du Jugoslavian eta Iraken minbizi kasuak ugaritu egin zirela arma mota hori erabili izanaren ondorioz. «Errusiak mota horretako milaka, ehunka mila jaurtigai ditu. Ez ditugu sekula ere erabili orain arte».

Kremlineko buruaren esanetan, Errusiak arma nuklear taktikoak biltegiratzeko azpiegitura bat izango du eraikia Bielorrusian uztailaren 1erako. Zehaztu du Moskuk ez duela arma horien gaineko kontrola Minsken esku utziko. Putinek gaineratu du Lukaxenkok lehenagotik ere proposatu ziola arma nuklear taktikoak Bielorrusiara bidaltzeko aukera.

Errusiako armadak nuklearrak garraiatzeko gaitasuna duten hamar hegazkin ditu jada Bielorrusian, eta Bielorrusiari emanak dizkio Iskander misil taktiko sistema batzuk, arma nuklearrak jaurtitzeko erabil daitezkeenak.

Aldaketa esanguratsua

Bielorrusiak muga egiten du Ukrainarekin, eta Errusiako armadak haren lurraldea erabili zuen Ukrainako inbasioaren lehen asteetan, Kiev hartzen ahalegintzeko. Mugakide ditu Polonia, Lituania eta Letonia ere, hirurak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak.

Errusiak orain arte mantendu duen irizpidea aldatu duela nabarmendu du Nikolai Sokol Desarmatzerako eta Ez Ugaritzeko Vienako Zentroko ikertzaileak. «Errusia beti agertu da harro ez dituelako arma nuklearrak hedatu bere mugetatik kanpo. Hori aldatu du, eta aldaketa handi bat da».

Moskuren eta Minsken arteko akordioa kritikatu du Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak. Haren iritziz, «gatazkaren areagotzea» hauspotzen du erabakiak.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, 1991. urtean, Moskuk arma nuklearrak zituen independentzia lortu berri zuten Ukraina, Bielorrusia eta Kazakhstan estatuetan. 1992an, hiru herrialdeek eta Errusiak adostu zuten armak azken horretara bidaltzea, eta lekualdatze prozesua 1996. urtean amaitu zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Israelgo espetxeetan preso daudenen hainbat senide, apirilaren 24an, Gazan. ©MOHAMMED SABER / EFE

Preso palestinarrek gose greba mugagabea abiatuko dute hilaren 18an

Mikel O. Iribar

Presoen Batzordearen eskakizun nagusia da Israelek nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea eta kartzeletako atxiloketa administratiboaren erregimena amaitzea; 4.900 presotik 1.014 daude erregimen horretan.

Gizon bat zabortegi batean lanean, Karatxin, Pakistanen. ©SHAHZAIB AKBER / EFE

AIren arabera, klima aldaketak kolokan jartzen ditu oinarrizko giza eskubideak

Maddi Iztueta Olano

Amnesty Internationalek ohartarazi du klima larrialdiak arriskuan jarriko duela gizartearen iraupena. Giza eta diru laguntzak handitu ditzatela eskatu die herrialde aberatsenei.

Ukrainako soldadu bat Donetsk inguruan, artxiboko argazki batean ©EFE

Errusiak adierazi du Ukrainaren «erasoaldi handi bat» zapuztu duela

Igor Susaeta

Moskuk nabarmendu du Ukrainako armadaren 250 bat soldadu hil dituela Donetsken. «Informazio faltsua» zabaltzea eta «operazio psikologiko bat» martxan jartzea egotzi dio Kievek Kremlini.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...