'Alan Kurdi' ontziak 88 migratzaile lehorreratuko ditu Italian, gaur

Sea-Eye GKEaren itsasontziak erreskatatutako errefuxiatuak hartzeko akordioa egin dute Alemaniak, Frantziak, Portugalek eta Irlandak. Azken orduetan 200 etorkin erreskatatu dituzte Mediterraneoan

'Alan Kurdi' ontzia Libiako kostaldetik gertu, joan den uztailaren 5ean. FABIAN HEINZ / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Astebete igaro du nora jo ez zekiela Sea-Eye Alemaniako GKE gobernuzko kanpoko erakundearen Alan Kurdi itsasontziak. Joan den urriaren 26an, 90 migratzaile erreskatatu zituen Libiako kostaldean, eta Taranton (Italia) lehorreratuko ditu gaur, hori egitekoItaliako agintarien baimena jaso ondoren. 88 etorkin porturatuko dira, osasun arrazoiengatik bi ebakuatu baitituzte azkeneko egunetan.

Italiak atzo goizaldean baimendu zuen porturatzea, eta, Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi zuenez, Alemaniak eta Frantziak 88 horietatik 60 hartuko dituzte, Portugalek hiru, Irlandak bi, eta gainontzekoak, oharrak zehazten ez duen arren, Italian geratzekoak dira.

GKEak Twitter bidez jakinarazi zuenez, «lasaitua» hartu zuen Italiaren erabakiaren berri edukizuenean, erreskatatutakoak «akituta eta traumatizatuta» baitaude. Dena dela, Erroma kritikatu zuen. Izan ere, Sea-Eyek nabarmendu nahi izan zuen albistea jaso zuenean Alan Kurdi-k parez pare zuela Calabriako (Italia) kostaldea, eta beste 36 ordu beharko zituela Tarantora iristeko. Bezperan tentsio uneak izan ziren, «eguraldi txarra» saihestearren Italiako uretan sartu baitzen ontzia, horretarako baimenik eduki gabe.

Azkeneko astean Italiara migratzaileekin ailegatu den bigarren itsasontzia da Alan Kurdi. Mugariko Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee GKEen Ocean Viking-ek 104 errefuxiatu lehorreratu zituen lehengo astean Pozzallon, Sizilia uhartean. Matteo Salvini iazko ekainetik eta aurtengo irailera Barne ministroa izandakoaren migrazioarekiko jarrera guztiz itxiaren aldean beste bat du Italiako gobernu berriak.

Bien bitartean, ontziek jarraitzen dute Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen. Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuak sare sozialetan idatzitakoaren arabera, Italiako bandera duen Asso Trenta izeneko merkataritza itsasontziak 200 migratzaile erreskatatu zituen, atzo goizaldean, Libiako kostaldearen parean. Laguntza zerbitzuaren esanetan, Italiako kostazainek badaukate horren berri.

Hartzeko konpromisoa

Open Arms GKEaren izen bereko ontziak hamabost migratzaile erreskatatu zituen joan den asteartean, eta horiek Maltan lehorreratu zituen herenegun.

Ontzi horrek berak udan egindako erreskate baten kudeaketak krisi politiko bat eragin zuen. Italian gobernua aldatu zuten irail hasieran, eta, aste batzuk geroago, Mediterraneoaren erdialdean erreskatatutakoak kuota sistema baten bidez automatikoki kokatzeko konpromisoa hartu zuten Italiak berak, Alemaniak, Frantziak eta Maltak. Herrialde horien intentzioa da herrialde gehiagok bat egitea konpromiso horrekin. Hain zuzen, eta horrekin lotuta, Luciana Lamorgese Italiako Barne ministroa Mediterraneoan erreskate lanetan aritzen diren elkarte humanitarioekin bildu zen duela bi aste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.