Ezustekoa eman du Pandorak

Babis Txekiako lehen ministroa zen faborito, baina hari lotutako ustelkeria kasuek herritarren hautua baldintzatu dute. Oposizioko eskuineko koalizioak azken unean hartu dio aurre ANO alderdiari

Andrej Babis Txekiako jarduneko lehen ministroa, hauteskunde emaitzak ezagutu osteko agerraldian, Pragan. MARTIN DIVISEK / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Pandoraren kutxatik gizakiaren zoritxar guztiak zabaldu ziren munduan, mito greziarraren arabera. Baina Pandorak lortu zuen itxaropenak ihes egin aurretik kutxa ixtea. Gaitzak gaitz, itxaropena gelditu zitzaion gizakiari. Berdintsu, mamu ugari etorri zitzaizkion gainera Andrej Babis Txekiako lehen ministroari Pandoraren paperak izenez ezagun egin den filtrazioa jakinarazi zutenean. Munduko beste ehunka dirudun eta agintarirekin batera, ustelkeria kasuekin lotu zuten informazioek herrialdeko gobernuburua. Hala ere, azken inkestan aurretik jarraitzen zuen Babisek, eta itxaropena geldituko zitzaion hari ere. Ez zaio nahikoa izan. Boto zenbaketaren azken txanpan, aurre hartu dio oposizioko Elkarrekin koalizio eskuindarrak, eta Alderdi Piratarekin gehiengoa osatzeko aukera izango du.

Txekiako Parlamentuaren behe ganbera aukeratzeko hauteskundeak izan ziren ostiralean hasi eta atzo amaitu zirenak. Emaitzetan aldea estua izan da. Elkarrekin-ek botoen %27,77 eskuratu ditu, eta Babisen ANO alderdiak botoen %27,15. Hirugarren indarra izan da Txekiako Alderdi Pirata, botoen %15,58rekin. Askatasuna eta Demokrazia Zuzena da behe ganberan ordezkaritza izango duen beste alderdia.

Parlamentutik kanpo gelditu dira Promesa alderdia (%4,7), Alderdi Sozialdemokrata (%4,7), eta Bohemiako eta Moraviako Alderdi Komunista (%3,6). Azken biek ez dute ordezkaririk izango lehen aldiz Txekia estatu independente bihurtu zenetik.

Boto gehien Elkarrekin koalizioak lortu duen arren, ANOk jarraituko du izaten talderik handiena behe ganberan. 72 eserleku izango ditu, Elkarrekin koalizioko 71 parlamentariren aldean.

Babisek porrota onartu zuen emaitzak jakin eta gutxira. Elkarrekin koalizioa zoriondu zuen, baina ez zuen baztertu Milos Zeman herrialdeko presidenteak gobernua eratzeko ardura berari egokitzea. Zemanek bozen aurretik adierazi zuen bakarka ordezkari gehien lortzen duen alderdiari aginduko ziola gobernua eratzeko negoziazioak hastea. Beraz, Babisi eman beharko lioke egiteko hori. Zemanek gaurko iragarria zuen hitzaldia atzeratu du, «osasun arrazoiengatik». Hala ere, gaur Babisekin biltzea espero dute.

Hauteskundeetan ordezkari gehien lortu izanak ezer gutxirako balioko dio ANOri, baldin eta oposizioko alderdiek kanpainan esandakoari eusten badiote. Elkarrekin koalizioak eta Alderdi Piratak baztertu egin dute harekin negoziatzeko aukera, eta biek elkarrekin 108 ordezkari izango dituzte 200 kideko ganberan. Batura horrek gehiengo osoaren babesa izango lukeen gobernu inbestidura bat adosteko bidea eskaintzen die.

«Oposizio demokratikoak gehiengoa izango du, eta horrek Andrej Babisen agintearen amaiera esan nahi du», adierazi zuen atzo Ivan Bartos Alderdi Pirataren buruak.

Elkarrekin koalizioak bozen aurretik adierazi zuen ez dela Babisekin elkarlanean arituko, onartezina delako lehen ministroaren aginte ardura hark eraiki duen negozio sarearekin uztartzea. Jarduneko lehen ministroa Txekiako pertsona aberatsenetakoa da. Uste dute 2.700 milioi eurotik gorako ondarea duela.

Pandoraren paperen informazioek diru horren erabilera iruzurtia egin duela salatu dute. Azaleratu dutenaren arabera, Babisek hemeretzi milioi euro bideratu zituen offshore sozietateetara, eta bere identitatea ezkutatu horien bitartez, Frantzian gaztelu bat erosteko. Baina filtrazio horren aurretik ere, ustelkeria kasuen itzalak ilundu du haren irudia. Babisi leporatu diote Europako Batasuneko funts batzuk bere jabetzako konpainietako bati esleitzea, legez kanpo.

Akusazio horiei COVID-19aren kudeaketaren gaineko kritikak gehitu zaizkie. Koronabirusak eragindako heriotza tasarik handiena duten herrialdeen artean dago Txekia.

Piraten gazi-gozoa

Alderdi Piratak jauzi handia egin du 2017ko hauteskunde parlamentarioekin alderatuta. Bost puntu eta erdi egin du gora. Alderdi ekologista eta aurrerakoiak, gazteen artean arrakasta erakutsi duenak, eutsi egin dio sortu zenetik izaten ari den hazkunde joerari, baina urrun gelditu da inkesta batzuek iragarri zioten %27,5etik.

Babisen kanporatu eta piratek agintea eskuratzeko aukera ikusi zuten jarraitzaile askok, baina Elkarrekin koalizioaren programan aldaketak behartzearekin konformatu beharko dute.

Esanguratsua da azken udal bozetan lortu zuten emaitza. Hamahiru eskualdeetako bederatzi gobernatzen dituzte, eta Pragako udala ere haien esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.