Olinpismoa

Ilusio eta zalantza

Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoera dela eta, ez dago argi Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak egingo diren. Iaz, urtebetez atzeratu zituzten, baina, oraingoan, antolatzaileek diote «zernahi gertatzen dela ere» egin egingo direla. Euskal kirolarien artean, batzuk seguru daude egingo direla; beste batzuek, aldiz, ez dute horren argi.

Pertsona bat, maskara jantzita, Tokioko Olinpiar Jokoetako logoaren aurrean pasatzen. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Olinpiar zuzia toki ezezagun eta seguru batean dago gordea. Ia urtebete darama bertan. Aspaldiko ohiturari jarraituz, Greziatik abiatu zen, Olinpiatik, baita Japoniara iritsi ere, lau hilabeteko ibilbidea egiteko. Baina berehala itzali zuten, eta toki seguru batean gorde. Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, urtebetez atzeratu zituzten udan jokatzekoak ziren Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak. Antolatzaileak, Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) buru zutela, sinetsita zeuden urtebetean egoerak hobera egingo zuela, etaJokoak egin ahalko zirela. Ordurako txertoa egongo zela; horretara ere heldu ziren antolatzaileak.

Baina urtebete pasatu da, eta egoera larria da oraindik ere: milaka lagun ari dira hiltzen egunero koronabirusagatik. Txertoa badago, bat baino gehiago, baina oso geldo doa txertaketa, espero baino askoz geldoago. Hala ere, antolatzaileek bereari eusten diote, eta kosta ahala kosta egin nahi dituzte Jokoak. Horren adibiderik argiena da Yoshiro Mori Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetako arduradun nagusiak esan berri duela «pandemiarekin zer gerta ere», Jokoak egin, egingo direla. «Nola egingo diren da axola duena», azpimarratu du. Baina ikusteko dago hori. Duela urtebete ere behin eta berriro esan zuen gauza bera, eta gero, atzera egin behar izan zuen. Japonian, gainera, ez dute ondo ikusten Jokoak egitea: Kyodo albiste agentzia ofizialak egindako inkestaren arabera, hamar japoniarretatik zortzi Jokoak bertan behera uztearen edo berriz atzeratzearen alde daude.

Argi dagoena da urte erdi besterik ez dela falta eta ez dela ziurra egingo diren edo ez —uztailaren 23an dira hastekoak Olinpiar Jokoak, eta abuztuaren 24an, Paralinpiar Jokoak—. Hainbat euskal kirolari han dira aritzekoak, edo han lehiatzeko ari dira lanean. Zain daude ea zer pasatuko den. Bakoitzak bere iritzia du. Batzuk itxaropentsu daude, eta uste dute Jokoak egingo direla. Baina badira ere zail ikusten dutenak egungo egoeran halako kirol ekitaldi erraldoi bat egitea. Haietako batzuen iritziak bildu ditu BERRIAk.

IÑIGO PEÑA Piraguista
«Konfiantza handia ematen dit Jokoak Japonian izateak»

Sevillan (Espainia) dago Iñigo Peña (Zumaia, Gipuzkoa, 1990), denboraldia buru-belarri prestatzen. Horretan dauka arreta osoa: bigarrenez jarraian lehiatu nahi du Olinpiar Jokoetan. Hark eta Paco Cubelos espainiarrak Tokiorako toki bat ziurtatu dute Espainiako selekzioarentzat K2ko 1.000 metrokoan, eta, orain, tokia eurena izatea nahi dute. Apirilean da jokatzekoa sailkatze proba.

Erronka garrantzitsuegia da beste kontuei erreparatzen egoteko. «Ahalik eta kasu gutxien egiten diet Jokoen inguruko informazioei. Zerbait dagoenean, esango dute», dio. Hala ere, aitortu du «kezkaz» bizi izan zuela Times egunkariak kaleratu zuenean antolatzaileek erabakita zutela Jokorik ez egitea. «Egun kritikoa izan zen. Ordurako zurrumurru asko zeuden, eta horrek are eta gehiago nahastu zuen dena». Antolatzaileek berria berehala gezurtatu izanak lasaitu zuen. «Ordutik iritsi diren albiste guztiak onak izan dira. Badirudi antolatzaileek bereari eusten diotela, eta Jokoak egingo dituztela. Ni itxaropentsu nago. Sinetsita nago egingo direla».

Peñak Rio de Janeiron (Brasil) izan zuen Jokoen handitasunaren berri. Aukera ikusten du neurriak hartuta, halako ekitaldi erraldoi bat egiteko. «Filtratu denaren arabera, asmoa da ahal den eta kirolari gutxien egotea: lehiatu baino bi egun lehenago sartuko ginateke olinpiar hirira, eta lehiatu eta berehala alde egingo genuke. Horrez gain, makina bat test egiteko asmoa dute. Halako neurriak hartuta, nik uste dut egin daitezkeela Jokoak. Gainera, Japonia herrialde serioa da. Gaur-gaurkoz, nahiko kontrolatuta dute egoera, eta oldarraldiren bat dagoenean berehala hartzen dituzte beharrezkoak diren neurri guztiak. Konfiantza handia ematen dit Jokoak Japonian izateak».

Antolatzaileek txertoan dute itxaropena, baita Peñak ere. «Motel doa, baina espero dut abiada hartzea». Ez daki Tokiora joateko txertoa jarri beharko duen, baina «oso argi» du kirolarien aurretik «jende asko» dagoela. «Gu baino premiazkoa den jende asko dago. Gu ez gara funtsezkoak. Esango digute noiz den gure txanda».

Argi du Olinpiar Jokoak egiten badira, «ezohikoak» izango direla. «Ikuslerik gabe edo bertako ikusle gutxirekin jokatuko dira. Arraroa izango da dena, tristea,baina dagoena dago. Seinale ona litzateke Jokoak egitea, horrek esango luke pixkanaka-pixkanaka, birusari aurre egiten ari garela. Seinale txarra litzateke Olinpiar Jokorik ez egotea. Oraindik egoera larrian gaudela esango luke».

IÑIGO LLOPIS Igerilaria
«Ez dago gure esku. Guk gogor entrenatu behar dugu, eta prest egon»

Peñaren iritzi berekoa da Iñigo Llopis (Donostia, 1998): «Ez diot kasu gehiegi egin nahi zurrumururrei, denetarik entzuten baita. Erabakia ez dago gure esku. Gure esku dagoena da gogor entrenatzea, eta egiten badira, prest egotea. Baina itxaropentsu naiz. Uste dut egingo direla. Guri, behintzat, Espainiako Paralinpiar Batzordeak esan digu antolatzaileek asmo irmoa dutela».

Hark ere Rion egin zuen estreinakoa, Paralinpiar Jokoetan. Gozatu egin zuen lehen aldi horretan, eta irrikan da berriz aukera hori izateko. Lasai dago, ziurtatuta baitu toki bat bizkar estiloko 100 metrokoan. Ez du ahaztu Rioko Maracana estadioan egin zen inaugurazio ekitaldian bizi izan zuena, baina argi du halakorik ez dela egongo oraingoan. «Arraroa izango da dena, tristea, baina ez diogu horri buelta gehiago eman behar. Berri ona litzateke Jokoak egitea, nahiz eta erabat ezohikoak izan. Lehiatzeko aukera baldin badugu, saiatu behar gara ahal den gehien aprobetxatzen: gure onena eman behar dugu, eta ahal dugun ikuskizun onena eskaini».

Ondo bidean, Palinpiar Jokoak egin daitezkeela dio, baina azpimarratu du horretarako «beharrezkoa» dela «kirolari guztien konpromisoa». «Denok izan behar dugu oso argi osasun eta segurtasun neurri eta protokolo guztiak nahitaez bete behar direla. Geure burua zaindu behar dugu, baina baita ondokoena ere. Horrela bakarrik lor daiteke Jokoak arrakastatsuak izatea».

Denbora daramate txapelketetan protokolo berriak betez. «Deserosoak» direla aitortu du, baina«bete-beharrekoak». «Hasieran, kosta egiten da, baina poliki-poliki, ohitzen ari gara. Ez dago beste aukerarik. Denentzat dira berberak, beraz, ez dago aitzakiarik. Traba direla? Bai, baina gaindituko ditugu. Kirolariok ohituta gaude trabei aurre egitera».

Traba ez, «kolpe handia» litzateke Jokoak bertan behera geratzea, Llopisen esanetan. «Bost urte daramatzat lanean, eta sekulako faena litzateke Jokorik ez egitea». Hala ere, «osasuna» jarri du guztiaren gainetik. «Osasuna dago jokoan, eta hori beti dago guztiaren gainetik. Denok osasuntsu egotea da garrantzitsuena».

ANE SANTESTEBAN Txirrindularia
«Pandemiak bere horretan segitzen badu, argi dut ez direla egingo»

Peña eta Llopis baino askoz zuhurrago mintzatu da Ane Santesteban (Errenteria, Gipuzkoa, 1990). «Nik itxaropentsu izan nahi dut, eta pentsatu Jokoak egingo direla, baita denboraldiko lasterketa garrantzitsu gehienak ere. Esperantza horrekin ekin diot sasoi-aurreari, buru-belarri, toki bat egin nahian. Gaizki noa kontrakoa pentsatzen badut, Halere, antolatzaileek esan dute pandemiarekin zer gerta ere, Jokoak egingo direla. Baina nik argi dut pandemiak bere horretan segitzen badu eta egoera txarra baldin bada ez direla egingo. Pertsona pila bat biltzen da Jokoen inguruan, eta egoera ez bada ona, ezingo dira egin».

Santestebanek Rion egin zuen estreinakoa, eta han izan zuen Jokoen handitasunaren berri. Horregatik da mesfidati. Ez du uste halako «burbuila erraldoi» bat egin daitekeenik. Adibide sinple bat jarri du. «Buffet-a egon ohi da jangelan, baina orain ezin da halakorik egon. Ez da egingarria kirolari guztiei janaria mahaira eramatea. Milaka daude». Urte erdi besterik ez geratzeak ere ez du batere laguntzen. «Denbora oso gutxi da. Zail ikusten dut. Baina ezer esan arte pentsatu behar dugu egingo direla. Ondo entrenatu behar gara, eta prest egon».

Bat dator Peñarekin txertoari dagokionez: «Jende asko dago gure aurretik. Gure lana ez da beste batzuena bezain garrantzitsua, are eta gutxiago egoera honetan. Gu egon gaitezke urtebete lehiatu gabe, baina jende askorentzat beharrezkoa da txertoa».

Kirolen eta herrialdeen arteko aldeak ere azpimarratu ditu. «Gu nola edo hala ari gara lehiatzen, baina badira kirolak zeinetan ez dira lehiatzen ari. Nola joan litezke Jokoetara aurretik lehiatu gabe? Ez da normala. Eta egongo dira ere hainbat kirolari ezingo dutela ezta Tokiora bidaiatu ere, edo iritsitakoan berrogeialdia egin beharko dutela. Ziklista bat ezin da lehiatu bi astez gela batean arrabola egiten aritu ondoren».

Aitortu duenez, «kolpea» litzateke Jokoak bertan behera geratzea, baina zehaztu du «kolpe handiagoa» litzatekeela erretiroa urtebetez atzeratu dutenentzat. Halere, argi du: «Ez da munduaren akabera Jokoetara ez joatea. Gauza garrantzitsuagoak daude; batez ere, osasuna».

LETICIA CANALES Surflaria
«Jokatzen badira, zalantza dut berdintasuna bermatuta egongo den»

Surfarentzat ekitaldi historikoa da Tokiokoa, lehen aldiz izango baita olinpiar kirola. Eta estreinako horretan egoteko lanean ari da Leticia Canales (Bilbo, 1995). Hamaika traba gainditu behar izan ditu: ebakuntza egin zioten iazko abuztuan, eta bezperan, koronabirusean eman zuen positibo. Ia urtebe darama lehiatu gabe, Australian, maila nagusiko txapelketa batean hirugarren izan zenetik.

Azaldu duenez, ez dago sasoi batean, baina barruan daukan «guztia» emango du sasoi honetan begiz joa dituen bi erronkak lortzeko: lehena, Espainiako selekzioan tokia egitea, El Salvadorko Munduko Txapelketan aritzeko; eta han, Jokoetarako sailkatzea. Horretan du «arreta osoa», eta horregatik ez dago oso adi Jokoez esaten denaz. «Pentsatu nahi dut egoerak hobera egingo duela, batez ere txertoagatik. Baina auskalo. Asko falta da Jokoetarako, eta edozer gerta daiteke, onerako zein txarrerako. Itxaropentsu izan nahi dut, eta pentsatu egingo direla. Baina zalantza dut jokatzen badira, zein baldintzatan egingo diren. Aldeak egongo dira kirolarien aurreko prestaketan, herrialde bakoitzaren egoera oso ezberdina izango baita. Horrek ez du bermatuko berdintasuna».

«Harrituta» dago nola aldatu den «ikuspuntua» iaztik hona. «Duela urtebete mundua gelditu zen, eta orain ez da halako neurririk hartu, jende pila hiltzen ari den arren. Ekonomia lehenetsi da. Gizatasuna galdu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.