Zuzeneko ikuskizunen legea. Ostalariak

IKUSKIZUN KOPURUEN ORTZIMUGA

Otsailaren 22an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Jendaurreko ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea Garatzeko Dekretua. Zuzenean eragingo die edukiera txikiko areto eta tabernei: urtean hamabi ikuskizun antolatu ahal izango dituzte gehienez. Baina arazoa aurretik dator.
Mikel Egiluz musikariaren kontzertua Gasteizko Parral tabernan.
Mikel Egiluz musikariaren kontzertua Gasteizko Parral tabernan. RAUL BOGAJO/ FOKU

Beñat Alberdi -

2019ko martxoak 10
Zenbat emanaldi baimendu behar dira horretarako lizentziarik eskatu ez duen areto batean? Hamabi, 48 edo libre? Muga bat ipini behar zaio edo ez?», galdetu zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritza Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean, joan den otsailean. Ondo laburbiltzen du ikuskizunen inguruko dekretuak mahai gainean jarri duen eztabaida. Batetik, arauaren eragina gehien nabarituko dutenak izendatzen dituelako: lizentziarik ez duten aretoak. Eta, bestetik, eztabaidaren muina kopurua bera delako, hau da, Jaurlaritzak urtean hamabi emanalditara mugatu izana ikuskizun kopurua. Lizentziarik gabeko lau tabernaren iritziak bildu ditu BERRIAk: Gasteizko Parral, Urretxuko (Gipuzkoa) Motz, Barakaldoko (Bizkaia) El Tubo, eta Donostiako Le Bukowski. Guztiek dute garbi arazoa Jaurlaritzaren dekretua baino lehen hasi zela, udal araudiekin.

Dekretua joan den otsailaren 22an argitaratu zuen Jaurlaritzak aldizkari ofizialean, eta apirilaren 1ean sartuko da indarrean. Ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen ditu, eta orain artean zehaztu gabe zeuden puntuak jarri ditu paper gainean, hala nola segurtasuna eta atezainak. Kulturgileen artean, baina, hautsak harrotu dituena zera izan da: horretarako lizentzia ez duen areto batek urtean antola dezakeen ikuskizun kopurua mugatzeak. Hilabetean gehienez bi ekitaldi eta urtean hamabi, horixe izango da muga apiriletik aurrera. Orain arte, udaletako erregelamenduek arautzen zituzten aretoen ahalmenak.

Dekretuak izan du erantzunik. Artistak eta ostalariak Arteak Ireki plataforman batu dira. Dekretua bertan behera uzteko eskatu dute, eta elkarrizketa mahai bat sortzeko. Ados daude auzokoekin elkarbizitza hobetzeko erregulatu beharreko puntuak badaudela. Ez dute arazorik dekretuaren edukiaren gehiengoa onartzeko; ez, ordea, ikuskizunen muga. «Ez dugu inongo kopururik onartzen. Kulturari ezin zaio inongo mugarik jarri», adierazi zuen Iker Zubiak plataformaren izenean, otsaileko legebiltzarreko eztabaidaren harira. Plataformak agerraldia egin zuen atzo, eta, dekretuari erantzuteko, hilaren 23an kultur jarduerak antolatzeko deia egin zien udalerriei, eragilei, ostalariei nahiz norbanakoei.

Dekretuak eta hari eman zaion erantzunak agerian jarri dute eztabaida. Arazoa, ordea, udal araudietatik datorrela diote ostalariek. «Iaz hasi zen dena», adierazi du Iñigo Ortiz Parral tabernako kideak. «Lehenik, Gasteizko Udalak isun bat jarri zion Orbain elkarteari, kontzertu bat antolatu izana ez abisatzeagatik. Eta ondoren beste bat jarri zion, bi kontzertu baino gehiago egiteagatik». Isuna jaso zuenean, Orbain elkarteak haren zergatiaz galdetu zion Gasteizko Udalari. Ortizek azaldu duenez, ondoren, «geldirik egon zen udal erregelamendua ekainetik azarora bitarte edo». Tabernan udalaren gutun bat jaso zuten joan den azaroan, udal erregelamendua zertan zen azaltzen zuena.

1997an hasi ziren kontzertuak antolatzen Parral tabernan. Garai hartan, talde txikiek ez zituzten kontzertuak lortzen areto handietan; horri buelta emateko mugimendu bat sortu zen, eta tabernetan hasi ziren emanaldiak egiten. Urtebete inguru iraun zuen mugimendu horrek, baina Parral tabernan eskaintzari eutsi zioten. 22 urte beteko dituzte aurten zuzenekoen munduan murgilduta. «1997tik asteartero kontzertuak antolatzen aritu gara, abuztua eta iraila kenduta», azaldu du Ortizek. Kontzertuak direla medio, Euskal Herrian taberna ezaguna dela adierazi du. Besteak beste, handik pasatu izan dira Willis Drummond, Mikel Urdangarin zein Betagarri. Eta askok lehen urratsak hantxe egin dituzte.

Legera egokitu beharra

Udalaren gutuna jaso zutenetik, araura egokitu dira Parral tabernan, eta hilabetean bi kontzertu egiten dituzte. «Kontzertu bat antolatuta, ez duzu dirurik irabazten. Jendea etortzen da, eta giroa sortzen duzu, baina ezer gehiago ez», azaldu du Ortizek. Mugak gainditzeagatik 600 euroko isuna jartzen du udalak. «Ordain dezakezun isun bat da, baina ez duzu ezer irabazten». Jaurlaritzaren dekretu berriak ez ditu horrenbeste kezkatzen, aplikatuta dauzkatelako beren neurriak. Hala ere, haren aurka agertu dira, eta hura aldatzearen alde daude.

Antzeko esperientzia izan du udal araudiekin Urretxuko Motz tabernak. Garai batean, egoera bestelakoa zen, ordea. «Duela hamar urte inguru, udalak ziklo bat antolatu zuen herriko tabernetan emanaldiak egiteko», azaldu du Gaizka Oiartzabal Motz tabernako jabeak. Ordura arte tabernan ez zituzten kontzertu ugari antolatzen, baina, hortik aurrera, gehiago egitera animatu ziren: «Egon dira urteak 70 edo 80 kontzertu egin ditugunak». Kontzertuak medio, jendea erakartzea lortu zuen Motzek. «Gero ikusleak bertan gelditzen ziren. Tabernan afaltzen zuten. Giroa sortzen zen. Tabernako gauzarik erakargarriena zen». Baina halako batean, udalak jakinarazi zien ezin zituztela kontzertu gehiago antolatu. «Ikuskizunak kendu eta gero, asko igarri dugu».

Kontzertuak 20:00etan hasten ziren tabernan, eta 22:00etarako bukatu. Udalaren arauek, baina, antolatzeko lizentzia izateko eskatzen zuten, eta soinuak 90 dezibelioan izatea muga. Oiartzabalek azaldu duenez, lokala intsonorizatzea zen irtenbidea. «Baina ostalaritza dabilen moduan, nik hori ezin dut ordaindu».

Araudien harira, egoera bitxia izan zuten Barakaldoko El Tubo tabernan ere. 2008an hasi ziren kontzertuak antolatzen, eta 2009an jaso zuten udaltzainen bisita, ikuskizunak eteteko abisuarekin. Hala egin behar izan zuten 2014ra arte. Hiriko kultura zinegotziarengana jo zuen Dabid Andres El Tuboko jabeetako batek, jaietako kultur eskaintza zela eta. «Jaietan zirkuitua antolatzen dugu taberna askok. Oso harro esaten dute politikariek ikaragarria dela egiten duguna». Harro egotea eta kontzertuak moztea nola den posible galdetu zion.

Zinegotziak hainbat baldintza jarri zizkion ostalariari: 22:00etarako kontzertuak bukatuta eta ateak itxita egongo zirela ziurtatzea. Harrezkero, kontzertuak antolatzen dituzte El Tubon, astero. «Berez, ostirala da egun finko bakarra», azaldu du tabernako jabeak. «Baina, aste askotan, ostegun eta ostiraletan ere antolatzen ditugu». Iaz, 83 kontzertu egin zituzten. Dekretu berriak, baina, ez ditu kezkatzen. «Niretzat, ez dauka zentzurik; bertan behera utziko dute».

Donostiako kasua

Donostiako Le Bukowski tabernan ere gorabeherak izan dituzte udalarekin, ikuskizunen harira. 2008an taberna berriro zabalduta, indartsu hasi zituen lehenengo urteak Le Bukowskik. «Donostian, panorama zegoen bezala egonda, guk bakarrik antolatzen genituen kontzertuak; behintzat, horrelako maiztasunez», azaldu du Oier Aizpuruak, tabernako jabeetako batek. «Hemengo taldeei eta kanpokoei zabaltzen genizkien ateak, astean zortzi kontzertu emateraino».

2016an, Europako Kultur Hiriburua izan zen Donostia. Mugak, hala ere, urtea pasatu eta gero iritsi zitzaizkien. «Udalak laguntza eskatu zigun 2016rako. Baina 2017an esan ziguten horraino iritsi ginela». Udaltzainak joan zitzaizkien, ikuskizunak antolatzen zituztela-eta taberna bi hilabetez itxi beharko zutela esanez. Eta bilera eskatu zioten udalari. «Esan genien kontzertu mordoa lotuta geneuzkala, eta iskanbila eragingo zuela ixte horrek», azaldu du Aizpuruak. Ados jartzea lortu zuen: udalak hilean kontzertu bat antolatzeko aukera eskaini zien. «Azken urteetan, nahiko geldirik egon gara. Nazkatuta geunden borroka horretaz». Berez, Le Bukowskin utzia diote kontzertuak antolatzeari. Dena den, noiz edo noiz egiten dituzte. «Gustuko talderen bat bada, edo gertukoak badira, lotzen dugu».

Ezarri zizkieten mugek zerikusi zuzena izan zuten kontzertuak prestatzeari uztearekin. «Esaten ziguten hilabete lehenago abisatu behar genuela», azaldu du Aizpuruak. «Biran datorren talde bat interesatzen bazaigu, ezin dugu horrela funtzionatu; momentuan deitzen digute, eta ezin dugu hilabeteko tartearekin lotu».

Hilabetean ikuskizun bat antolatzearena litzateke gainditu ezinezko beste mugetako bat. «Bertso saio bat ere ezingo genuke antolatu kontzertu bat balego, hori ere ikuskizun gisa markatzen baitute». Horrelako egoerei aurre egin baino, nahiago izan dute batere ez antolatzea.

Dekretuaren ondoren, zer?

Tabernek eta udalek egun duten hartu-emana edozein dela ere, dekretuak eragin zuzena izango du. Oro har, tabernariak nahiko ezkor dira izango dituen eraginekin: «Kultur eszenari eragingo diola, ez izan dudarik», argitu du Aizpuruak. «Hemengo talde asko geldituko dira jo ezinik, agertokirik gabe».

Araudiak berak ez du bereziki kezkatzen Iñigo Ortiz, Parral tabernak orokorrean neurriak betetzen dituelako gaur egun. «22 urtean ez dugu jaso salaketarik kontzertuengatik; zerbait ondo egingo genuen». Haren ustez, ordea, beste kontu bat da hilabetean bi kontzertu soilik egiteko muga jartzea. «22:00etarako kontzertuak bukatzen baditugu eta trabarik ez egiteko soinua kontrolatzen badugu, zergatik mugatu behar da bi kontzertura?».

Gaizka Oiartzabalek, berriz, aukera bat ikusten du dekretua abiatu izanarekin. Ez dekretuaren beraren edukiengatik, jarduerak erregulatzen hasteagatik baizik. «Auzokoak kexekin etortzen zirenean, guk ez geneukan zeri heldu», azaldu du. Alde horretatik, tabernetako eta areto txikietako ikuskizunak erregulatzeko baliabide gisa ikusi du Oiartzabalek. «Finkatu egin behar da araudi bat. Zehaztu egin behar dugu zer egin genezakeen, zein ordutegirekin eta zein baldintzarekin». Erregulazioa ez du begi txarrez ikusten, baina ez dator bat dekretuan jasotako baldintzekin, eta elkarrizketaren beharra nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna