HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (XI)

Hizkuntzak iraun dezan

Galtzeko arrisku larrian dira Kongoko kinyanga eta kihunde hizkuntzak. Bi irrati txiki tresna garrantzitsu bilakatu dira hizkuntza horiek berpizteko ahaleginean.

Pingako REPI FM irratiak kinyanga hizkuntzan emititzen du Kongoko ipar-ekialdeko Kivu eskualdean. THADEE TWENDI.
urtzi urkizu
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Kongon hiltzeko arriskuan dira hainbat hizkuntza gutxitu. Haietako batzuk datozen bi hamarkadetan gal daitezkeela diote hizkuntzalariek. Kihunde eta kinyanga hizkuntzen kasuan, irratia funtsezko tresna bilakatzen ari da bizirik irauteko borrokan.

Thadee Twendi Pingako REPI FMko arduradunak azaldu duenez, irratia kinyanga hizkuntzaren balioa transmititzen saiatzen da komunitateei. «Ohitura tradizionalei buruzko saioaren bidez egiten dugu hori. Horrez gain, gure hizkuntzan adituak diren hainbat lagun etortzen dira abestiak eta istorioak mikrofono aurrean kantatzera eta kontatzera». Irratiko programetan kultura sustatzen saiatzen direla nabarmendu du Twendik: «Gai berezituak dauzkagu saioetan, eskualdeko ohituren eta ingurumenaren zaintzaren inguruan». Pinga hiria Kivu eskualdean dago, Kongoko ipar-ekialdean.

Kihunde hizkuntzan emititzen du RAO FM irratiak, eta eduki gehienak alfabetatzearekin, kulturarekin eta erlijioarekin lotuak direla azaldu du Pasteur Bubuya emisioetako arduradunak. Dena den, ohartarazi du irratiak egunean ordu gutxi ekoizten dituela. Honako toki hauetan entzuten dira RAO FMko kihundezko emankizunak: Masisi, Rutshuru, Kaleheko parte bat, Walikale, Idwi, Nyiragongo eta Goma hiria. «Diru aldetik arazo dezente daukagu. Sarrera nagusiak entzuleen eta kluben ekarpenak dira. Elizek ere egiten dituzte ekarpenak tarteka, baina oso txikiak dira behar dugunerako».

Twendik ere aipatu du kinyangaz emititzen duen irratiak finantzaketa arazoak dituela: «Bazkide batzuek dirua jartzen dute euren iragarkiak edo mezuak emititzeko. Zoritxarrez, ez dute maiztasun iraunkorrik izaten, eta beti ez dute behar bezala ordaintzen. Horretan datza irratiaren funtzionamendu txarraren arrazoi nagusietako bat».

Hizkuntzei ospe ona eman

Kinyanga urte luzez «baliorik gabeko pertsonen hizkuntzatzat» jo zutela nabarmendu du Twendik: «Nyanga tribuko pertsona batzuek lotsa sentitzen zuten beren hizkuntzan aritzeagatik. Baina irrati bidez kinyangan abestiak eta programak transmititzen hasi zirenetik, tribuko pertsona asko hasi dira sentitzen beren hizkuntza garrantzitsuagoa dela. Horrenbestez, guretzat komunikabideak oso garrantzitsuak dira kinyangari balioa emateko».

Bubuyaren iritziz, behar oso handiak daude komunikabideetan hizkuntza gutxituak sustatu daitezen. «Kihunde hizkuntzarentzat ere hala da». Galtzeko arriskuan dauden hizkuntzetako irrati gehiago sortu behar direla ihardetsi du esatariak. «Kihunde hizkuntzaren kasuan, langile tekniko kualifikatuak beharko genituzke, baita formakuntzaz arduratuko liratekeenak ere». Diru faltak, ordea, halako pausoak ematea zailtzen duela salatu du: «Irratiak arazo ekonomiko larriak ditu, eta tresneria mantentzeko nahiko lan badaukagu. Irratiak rol oso garrantzitsua joka dezake hizkuntzarentzat, baliabide gehiago izanez gero».

Pingako REPI FM irratiak Ipar Kivuko irrati komunitarioen bi plataformetan kolaboratzen du: CORACON eta REMED. Bigarren horrek Kivu probintziatik harago ere egiten du lan. Kihundezko irratiko kideek tarteka egiten dituzte bilerak beste irrati batzuekin, baina Bubuyak esan du trukeek ekarpen txikia egiten dietela oro har.

Kezkaz mintzo da Bubuya kihunde hizkuntzaren etorkizunaz: «Kihunde hizkuntzak galtzeko arrisku oso handia du. Irratiaren etorkizuna ere zalantzazkoa da, eta irratia itzaltzea ez litzateke batere ona hizkuntzarentzat». Kinyangaren egoera ere zaila da, batik bat adinekoek hitz egiten dutelako. Hala baieztatu du Twendik: «Gazteek eta helduek ez diote garrantzirik ematen kinyangaz hitz egiteari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.