Literatura

Mugak hautsi zituen poeta

36ko Gerraren ostean hasi zuen ibilbide artistikoa Joan Brossak. Olerkia zuen oinarri, baina hainbat esparrutara hedatu zuen bere lana. 100 urte bete dira jaio zela.

Joan Brossa, Bartzelonan, artxiboko irudi batean. Han jaio eta hil zen artista, eta han egin zuen bere ibilbide artistikoa. BERRIA.
aitor biain
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Sailkatzen zaila den horietakoa da Joan Brossa; zaku bakar batean sartu ezin daitekeen horietakoa. Poeta izan zen beste ezeren gainetik, baina modu askotan defini daiteke haren jarduna; askotarikoa izan baitzen, zabala. Olerkaria zen, baina baita zirikatzailea ere, esperimentatzailea, arau urratzailea, idazlea, performance egilea, antzerkigilea, magoa, sortzailea... Gauza asko izan zen Brossa aldi berean. Gazte zelarik hartu zuen hitza arte adierazpide gisara, eta modurik zabalenean erabili zuen bere ibilbide guztian. Aitzindaria izan zen horretan: hizkuntza literarioaren muga oro hautsi baitzituen. Poesia oinarri hartuta, adierazpen modu berrien bila aritu zen etengabe, bere unibertso irudimentsu eta konplexua beste esparru batzuetara hedatuz. Berezia zen haren izateko modua, eta berezia haren artea. 1998an hil zen, eroriko baten ondorioz; 79 urte zituen. Atzo bete zen mendea jaio zela.

Bartzelonako familia xume batean jaio zen. Aitarekiko zuen miresmenak nabarmen eragin zuen haren sorkuntza artistikoan, hari esker ezagutu baitzituen hainbat arte adierazpide —antzerkia, ilusionismoa eta zinema, besteak beste—. Aitari zor dio, halaber, literaturaren atea zabaldu izana, etxean gordetzen zituen ehunka libururen bidez barneratu baitzen poesiaren munduan. Brossa haurra zela zendu zen aita, ordea.

Aitaren heriotza ez zen haren bizitzako mugarri bakarra izan. Izan ere, 1936ko gerran parte hartzera deitu zuten Brossa. Errepublikanoen bandoan aritu zen, harik eta 1938an begi batean zauritu zuten arte. Orduan hasi zuen ibilbide literarioa; orduan idatzi eta argitaratu zuen bere lehenengo testua izango zena.

Garai hartako ibilerek betiko markatu zuten Brossa; hala berrets daiteke haren artelanetan ere. Faxismoaren eta Francoren aurkako amorrua behin baino gehiagotan azalarazi zuen. Horren adibide da, esaterako, diktadorea hil zen egun berean idatzitako Final! poema: Ha mort el dictador més vell d'Europa/ Una abraçada, amor, i alcem la copa!(Europako diktadorerik zaharrena hil da/ Besarkada bat, maitasuna, eta altxa dezagun kopa!)

Poesia idatzitik bisualera

Gerraostean hasi zen bere poetika taxutzen; 1940ko hamarkadakoak dira haren poema gehien-gehienak. Asko idatzi zuen Brossak; 50 urtean 80 liburu baino gehiago, zehazki. Surrealismoaren eta dadaismoaren adarretatik abiatu zen, eta askotariko gaiak jorratu zituen. Baina, batez ere, bere lengoaia propioari, bere poesiari buruzko hausnarketak egiten zituen. Gogoeta horiek eraman zuten adierazpen ezberdinen etengabeko bilaketara: «Abentura moduan hartu izan dut beti poesia eta artea, oro har, zerbait irekia balitz bezala».

1948rako igaroak zituen 30 udaberri Brossak. Ordurako asko idatzia bazuen ere, haren olerkiak ez ziren oso ezagun egin. Dau al Set taldea eta izen bereko aldizkaria sortu izanak, baina, erabat aldatu zuen hori, orduan egin baitzen ezagunago. Gerora Kataluniako kulturan izen propioak izango zirenekin eratu zuen gerraosteko kultur talde abangoardistarik garrantzitsuenetarikoa izango zena: Antoni Tapies, Joan Ponç, Modest Cuixart, Arnau Puig eta Joan Josep Tharrats izan zituen kide, besteak beste. Elkarlan ugari sortu ziren talde hari esker.

Beste sortzaile batzuekin ere harremanak egiteko asmoa zuen Brossak, nolanahi ere. Lotura estua izan zuen Eduardo Txillida eskultorearekin eta Pablo Picasso eta Antonio Saura margolariekin, esaterako. Bartzelona izaten zuten elkargune, baina baita Frantzia ere. Eta, harreman haiei esker, urrats garrantzitsua egin zuen Brossak bere ibilbide artistikoan, poesia idatzitik poesia bisualera igaro baitzen. Ironia eta kritika ardatz hartuta, oinarrizko elementuak erabiltzen zituen artistak poesia sortzeko. 80ko hamarkadan izan zen hori, eta ordura arte ezezaguna zen arte diziplina hura. «Poesia bisuala ez da ez marrazki bat, ez pintura bat, komunikazioaren zerbitzua baizik. Gaizki geratzeko beldurrik gabe aprobetxatu behar da, mezuaren zentzua uler dezan, jendeari erraztasunak emateko aukera», adierazi zuen olerkariak.

Garai hartan ereindakoak dira egun Brossaren unibertso artistikoari lotzen zaizkion ezaugarririk garrantzitsuenak, hala nola hizkuntzaren ikusmolde poetikoa, antipoesia, objektuen asoziazioa eta deskontestualizazioa eta salaketa soziala. Baita berariaz artistikotzat jotzen ez ziren striptease-a eta magia ere.

Hortik uler daiteke Brossaren hirugarren lan ildoa: poesia eszenikoa. Izan ere, olerkari sentitzen zen bera, baina baita antzerki gizon ere. Haren lanak badu antzerkitik, zinematik eta ekintza artetik ere. Guztira, 350 obra inguru idatzi zituen oholtzarako zein zinemarako, baina ez ziren oso ezagun egin. Katalunian ez ezik, Parisen ere taularatu ziren haren obra batzuk; arrakasta handirik gabe, ordea.

Aitorpen berantiarra

Bizitzaren azkenetan jaso zuen Brossak aitorpenik handiena. Orduan egin ziren haren obrari buruzko erakusketarik garrantzitsuenak, eta urte haietan hainbat hizkuntzatara itzuli zuten haren obra idatzia. 1990eko hamarkadakoak dira, halaber, saririk nabarmenenak. Hark, ordea, behin baino gehiagotan uko egin zien hainbati, «gutxietsita» zeudela argudiatuta. Urte luzez bila aritu zen hori arbuiatu zuen Brossak.

Kataluniako artearen abangoardiaren ikur nagusitzat jotzen da egun Brossa; poesia eta eguneroko soila uztartu zituen artista ulergaitz hura. Poesia dena zen Brossarentzat, eta Brossa poesia da oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.