Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Arabako Bertsolari Txapelketa apirilaren 1ean abiatuko da

Ohiko formatuan egingo dute lehiaketa aurten. Inoiz baino bertsolari gehiago ariko dira kantuan: 30. Finala ekainaren 11n jokatuko dute, Gasteizko Europa biltzar jauregian
Arabako Bertsozale Elkarteko ordezkariak, atzo, txapelketaren aurkezpenean.
Arabako Bertsozale Elkarteko ordezkariak, atzo, txapelketaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko martxoak 20 - Laudio

Arabako txapela bertsolari bakarrak jantziko du aurten ostera. Ohiko formatura itzuliko da lehiaketa modu horretan; izan ere, koronabirusaren izurriak behartuta egokitu egin behar izan zuten iazkoa, eta binaka aritu behar izan zuten kantuan bertsolariek. XV. aldia izango da aurtengoa, eta apirilaren 1ean hasiko dira kanporaketak, Amurrion; finala, berriz, ekainaren 11n jokatuko dute, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Tarte horretan, lau kanporaketa izango dira, 11 saiotan banatuta. Denera, 30 bertsolari ariko dira kantuan: inoiz baino gehiago. Saio guztietarako sarrerak eskuragarri daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Atzo argitu zituzten txapelketaren nondik norakoak, Laudion; Aiaraldea Ekintza Faktorian egin zuten agerraldia. 1982an Arabako aurreneko bertso eskolak sortu ziren herrietako bat da Laudio, Gasteizekin batera, eta urteurren hori gogora ekarri zuten antolatzaileek aurkezpen ekitaldian. Bertan izan ziren orduko eta egungo irakasleak, Arabako Bertsozale Elkarteko ordezkariak, txapelketan kantuan ariko diren bertsolariak eta gaiak jartzen zein aurkezten ariko direnak.

Manex Agirrek eta Martin Abarrategik osatutako bikote aramaioarrak jantzi zuen bi buruko txapela azkenekoz. 2020ko udazkenean hasi zuten txapelketa, baina eten bat egin behar izan zuten erdian, osasun egoerak behartuta, eta iazko udaberrian amaitu zuten. Legution jokatu zuten finala. Hain zuzen, txapelketak izan dituen askotariko formak ekarri dituzte gogora antolatzaileek aurkezpen ekitaldian, eta azpimarratu dute bidea egiten jarraitu nahi dutela aurrerantzean ere, garaian garaiko baldintzetara egokituta izan arren: «Argi dugu bidean segitu nahi dugula, ikasten, trebatzen, okerrak zuzentzen, eta, beste behin ere, pausoak harro emanez, zapata zaharrak ahantzi gabe, zapata berriak oinetan jantziz», adierazi du Egoitz Iradierrek, Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak.

Hamar saio eta finala

Txapelketak egitura hau izango du: bost kanporaketa jokatuko dira final zortzirenetan; Amurrion, Guardian, Trebiñun, Legution eta Langraiz Okan izango dira saioak. Final-laurdenetan hemezortzi bertsolari ariko dira kantuan, eta hiru kanporaketa jokatuko dira: Dulantzin, Zigoitian eta Aramaion. Hamabi bertsolari lehiatuko dira Araian eta Izarran jokatuko diren finalerdietan. Eta, azkenik, sei bertsolari ariko dira Gasteizko finalean. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo faserako, eta puntuazioaren arabera sailkatuko dira gainontzekoak. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Iaz binakako txapelketa egin zutenez, aurten ez da aurretiazko kanporaketarik egon. Hori dela eta, inoiz baino bertsolari gehiago ariko dira kantuan: 2019ko sei finalistetatik bost —Peru Abarrategi, Manex Agirre, Xabi Igoa, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre— eta izena eman duten beste 25 bertsolari lehiatuko dira; 30 kide, denera. Horrez gain, bederatzi aurkezle, 11 gai jartzaileko taldeak eta zazpi epaile izango dira.

Hutsune bat eta bederatzi aurpegi berri izango dira aurten lehian. Aroa Arrizubietak ez du parte hartuko, atzerrian delako —2019ko finalean kantatu zuen—, eta bederatzi bertsolarik lehen aldiz hartuko dute parte: Maddi Agirre, Xabier Antia, Ander Aranburu, Iñaki Cabeza, Eukene de los Aires, Unai Gomez, Danel Herrarte, Aitor Najera eta Markel Yoller. 2019ko txapelketan Viñaspre izan zen garaile, eta Manex Agirre sailkatu zen bigarren.

De los Aires eta Maddi Agirre dira parte hartuko duten bertsolari gazteenak: 18 urte dituzte biek ala biek. Agirre 2021eko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako irabazlea da; De los Aires, berriz, azken bi urteetako txapeldunordea. Aldiz, Rikardo Gonzalez de Durana da bertsolaririk helduena: 63 urte ditu. Gasteizko bertso eskolako sortzaileetako bat izan zen.

Harri pila bat irudi

Harri pila bat izango du irudi gisara aurtengo txapelketak. Antolatzaileek esan dutenez, Arabako bertsogintzak bertsolaritzan eta euskalgintzan egindako bidea goraipatu zuten 2019ko txapelketan, eta aurten ere bide horretatik jarraitu nahi dute, urteetan eraikitako zubiek eta pausoz pauso egindako lanak duten garrantzia azpimarratuta. «Bidean jarraitzen dugu, norabide eta noranzko berean. Banaka egin dezakegu, grinez eta mimoz, hurkoek bidea adierazi diguten harri pilari segika, oreka mantenaraziz, bidean gurutzatzen garenok harri pilari bakoitzak bere harri alea gehituz, pila haziz, handituz».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal kantuan, bertsokideak atzean dituela. ©BOB EDME

Lehoiaren ahoan sartu du burua

Miren Mujika Telleria

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako saioa, eta, lehen itzuliko puntuak batuta, ia ziurtatua du Iruñerako sailkatzea. Datorren astean argituko da nortzuk ariko diren finalean
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
'Bilketa.eus' atariko pantaila irudi batzuk ©BERRIA

Artxiboetan barna sartzeko

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Baionako mediatekak zutik eman 'Bilketa.eus' ataria berritu dute. 26.000 dokumentu biltzen ditu digitalizaturik, eta ikerketa bide berriak eskaintzen ditu. Bilatu nahi den hitz oro kausi daiteke edozein dokumentutan. Liburu zaharrak, ikonografiak, prentsa zaharra… denetarik atzeman daiteke.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Biain

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...