Literatura

Zuri eta beltz zen olerkaria

Kolonia portuges batean mestizo jaio izanak haren bizitza eta obra zeharkatu zituen. 100 urte dira Francisco Jose Tenreiro jaio zela, Sao Tome eta Principeko poetarik handiena.

Francisco Jose Tenreiro poeta izateaz gain, irakasle eta politikari ere izan zen. BERRIA.
aitor biain
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Mestizoa! Zuri-beltz jaio nintzen/ eta begiratzen nautenek/ ikusten dute begiratuko baliote bezala/ xake taula bati:/ Bista azkar pasatzen da/ kolorea aztertzen da/ ikusten nautenen begi distiratsuetan». 100 urte dira Sao Tome eta Principeko poetarik handiena jaio zela: Francisco Jose Tenreiro. Olerkari, akademiko, politikari, kolonia portuges batean mestizo jaio izanak haren bizitza eta obra osoa zeharkatu zituen. Idatzi zituen poemetan eta saiakeretan, kolonietako beltzen sufrimendua eta beltzen diaspora izan baitzituen hizpide. Canção do mestiço poema da horren adibide, hain zuzen ere: «Zuria maite dudanean/ zuria naiz.../ Beltza maite dudanean/ beltza naiz…». Joseba Sarrionandiak euskaratuta eman zuen poema, Hezurrezko Xirulak liburuan, 1991n.

«Mestizoa». Hala ikusten zuen bere burua Tenreirok: Portugalgoa baitzuen aita, eta Angolakoa ama. Sortzez saotometarra bazen ere, ez zen inoiz bertan bizi izan,2 urterekin Lisboara lekualdatu baitzuten anai-arrebekin batera, eta bertan eman zituen bere bizitzako aro gehienak. Ez zen behe klaseko familia baten jaio, ordea; Lisboan bertan eskolaratu zen, eta bertan egin zituen goi mailako ikasketak ere: farmazia eta medikuntza ikasketak hasi zituen Lisboako Unibertsitatean aurrena, baina, fakultatez aldatu, eta Geografia ikasi zuen ondoren. Aurrez, halere, Itsasoz Haraindiko Politiken eta Gizarte Zientzia Institutuan ere jardun zuen.

Ikasle zela piztu zitzaion poesiarekiko eta Afrikarekiko interesa. Orduan idatzi zuen Ilha do Nome Santo poemarioa, esaterako, 1942an, Portugalen azaleratu zen korronte neorrealistarekin bat eginez. Négritude mugimenduarekin bat egiten duen portugesez idatzitako lehenbiziko poemarioa ere kontsideratzen dute askok. Beltzei buruz idatzi baitzuen bertan, bereziki esklabotzari, arrazakeriari eta afro-amerikarrei buruz, baina baita bere sustrai afrikarrei eta 1940ko hamarkadan gizarte zuri batean mestizo gisa bizitako sentipenei buruz ere.

Izan ere, Portugal hartu zuen lurraldetzat Tenreirok, baina Sao Tome zuen aberri literariotzat. Idatzi zuen bigarren eta azken poemarioa -Coração em África— argitaratua ikustera ez zen iritsi, ordea. 1963ko abenduaren 30ean hil zen, 42 urte zituela.

Afrika berria

Tenreiro Lisboara iritsi zenean,intelektual beltzen ahots berriak gero eta ozenago entzuten ziren, Amerikako Estatu Batuetan eta Frantzian bereziki; Afrikako herrien eskubideak eta nortasuna aldarrikatzen zituzten. Négritude izena hartu zuen mugimenduak, eta haren oihartzuna Portugalen esku zeuden lurretara ere iritsi zen. Hain zuen, Tenreiro bera jotzen dute askok négritude portugesaren lehen olerkaritzat.

Tenreirok, hala ere, poesia erabili zuen «Afrika berria» azaleratzeko; ez jada postal ilustratu eta herri, landare edo animalia exotikoena, baizik eta aro berriarena, bertako kulturen fusioak zeharkatzen dituena. Sao Tomeko poetak ez baitzuen Afrikako jatorrietara itzultzea eskatzen, baizik eta kolore, arraza eta tradizio guztietako pertsonen errespetuaren alde egin zuen bere obren bitartez.

Orduko aitzindari intelektual beltzen eraginpean, Tenreirok Europa eta Afrikaren arteko zubiak bilatu zituen beti.Bere belztasuna esplizituki aipatuz eta bere lan poetikoa «portuges hiztun» gisa aldarrikatuz aldi berean, Tenreirok bazterketa kolonialaren eta asimilazio intelektualaren arteko mugak hautsi zituen. Hau da, jaioterriko kultura goraipatu zuen, bai, baina kolonizazioarekin lotutako balioak baztertu gabe. Horregatik, négritude mugimenduko poeta baino gehiago, gutxiengo etniko guztiak defendatzeko jarrera hartu zuen idazlea izan zen.

Haren poesiak gizaki afrikarra goraipatzen du bere osotasunean, hau da, munduko bazter guztietara zabaldu den diaspora afrikarra; mundu osoko beltz zapalduekiko ahaidetasunezko lotura bat da. Eta horren adibide dira, esaterako, Panorâmica da literatura norte-americana, New Yorkeko Harlemgo Pizkundea mugimenduko poeta beltzak irakurtzen inspiratuta idatzi zuena, edo Negro de todo o mundo poema, haren lanik ezagunena.

Gazte garaian, Caridade aldizkariaren sortzaileen artean ere izan zen; 1936an eratu zuten, Cabo Verdeko hainbat idazlerekin batera. Aldizkaria zapalkuntza kolonialaren aurkakotasunarekin lotuta zegoen, eta Cabo Verderen emantzipazio kultural, sozial eta politikoko mugimendu baten parte zen.

Aldizkariak idazle neorrealista portugaldarren urratsei jarraitu zien: estetika literario eta lengoaia estandar berriak ezarri zituen, eta idazle caboverdetarrak portugaldar kanonetatik askatu nahi izan zituen, baita kontzientzia kolektibo caboverdetarra piztu eta kolonialismo portugaldarrak luzaroan zapaldu zituen tokiko elementu kulturalak berreskuratu ere. Horri lotuta, Poesia Negra de Expressão Portuguesa kaleratu zuen, 1953an, Afrikako intelektual berrien antologia bat, Mario de Andrade idazle angolarrarekin batera

Ahanzturan

1955ean, ikasketak amaitu ondoren, Lisboako Unibertsitateko Letren Fakultateko irakasle laguntzaile izendatu zuten, eta bertan jarraitu zuen hil zen arte. Aurrez politikari ere aritu zen, Sao Tomeko ordezkari eta komisarioa izan baitzen Portugalgo Parlamentuan. Sao Tome eta Principeren independentziaren ostean, ordea, ahanzturan erori zen haren figura. Izan ere, gutxik kontsideratzen zuten Tenreiro saotometar; kontrara, inoiz ez zuten poeta portugaldar gisa hartu ere.XX. mendearen bigarren erdialdean, ordea, herrialdeari eginiko ekarpena aitortu zioten 100.000 dobrako billeteetan haren irudia jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.