Hildakoek kontatuak

'Spoon River Antologia' lanari esker, AEBetako XX. mendearen hasierako poeten artean gehien landu direnetakoa da Edgar Lee Masters. Balea Zuria argitaletxeak euskarara ekarri berri du liburu hori.

Edgar Lee Masters poeta estatubatuarra. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Poesia, nobela, biografia, antzerkia eta beste landu zituen arren, liburu bakarreko egiletzat jo izan dute Edgar Lee Masters idazle estatubatuarra (Garnett, 1868-Melrose Park, 1950). Lan bakar horrek bilakatu zuen idazle ezagun eta arrakastatsu, eta hurrengo urteetan hamarnaka obra argitaratu zituen arren, bakar batek ere ez zuen oihartzun aipagarririk izan. Orain ere, argia ikusi zuenetik mende bat baino gehiago igaro den honetan, hor dirau, uharte baten gisan, baina baita itsasargi baten trazarekin ere. Spoon River Antologia poema liburua da Lee Masters XX. mendeko AEBetako literaturaren gailur kritiko eta komertzialera eraman zuen liburua —1915ean argitaratu zuten, eta urte berean hemeretzi edizio zituzten kaleratuak; 70 ziren 1940rako—, eta aurrenekoz edizio osatuan irakur daiteke orain euskaraz, Alain Lopez de Lacallek itzulia eta Balea Zuriak argitaratua.

«Non dira Elmer, Herman, Bert, Tom eta Charley,/ non dira bihotz-eroria,/ beso-indartsua, pailazoa, edalea, liskarzalea?/ Denak lo daude, denak muinoan». Liburuko lehendabiziko poemak, Muinoa-k, izenez aurkezten ditu gerora etorriko diren poemen protagonistetako gutxi batzuk. Spoon River herrixkako muinoan dagoen hilerriko biztanleak dira guztiak, eta, epigrama banaren bitartez, beren barne historiari begiratzen diote, ondoan dituzten hildakoekin harremanetan jarriz. Bizitza ezberdinak izan zituzten, baina hilerria partekatzen dute orain: «Bat sukarrak jota zendu zen,/ bat meategian erreta,/ bat liskar erdian jota hil zuten,/ bat kartzelan geratu zitzaigun betiko,/ bat zubi batetik erorita,/ emazte eta seme-alabentzako lanean./ Denak lo daude, denak muinoan lo eta lo, muinoan lo».

Lee Mastersek abokatua zuen aita, eta berak ere bide bera egin zuen. Edison etxearentzat lan egin zuen, etxez etxe kobrantzak eginez, eta Chicagora lekualdatuta, bulego bat ere ireki zuen. Literaturazale porrokatua ere bazen, ordea, eta berehala hasi zen idazten, hala poesia nola antzerkia. Abraham Lincolnen eta Tomas Jeffersonen biografiak ere kaleratu zituen. Nolabaiteko oihartzuna izateko, baina, itxaron egin behar izan zuen, ia 50 urte baitzituen 1914an Reedy's Mirror aldizkarian Spoon River Antologia publikatu zuenerako —Webster Ford ezizenarekin sinatu zuen—. Urtebete geroago, liburu gisa argitaratu zuen, poema gehiago erantsita.

Arrakasta berehalakoa

Spoon River izeneko ibai bat bada AEBetan, baina herririk ez, ordea. «Txikitan bizi izan zen bi herriren arteko konbinazio bat da [liburuko] Spoon River: Petersburg eta Lewistown», argitu du Lopez de Lacallek. Badira hainbat obra autorearen biografiari ia aipamenik egin gabe aurkez daitezkeenak, baina Edgar Lee Mastersekin ez da hala gertatzen, itzultzailearen arabera. «Bere autobiografian—Across Spoon River deitu zuen—, kontatzen du 1913ko udaberrian ama bisitan joan zitzaiola Chicagora, eta, paseoan zebiltzala, herriko kontuez hitz egiten aritu zirela. Etxera iritsi bezain laster, Muinoa idatzi zuen, antologiako lehen poema».

Bi urtez aritu zen liburua idazten, «nolabaiteko trantze bateaneta apenas lorik egin gabe»; amaitzerako, nerbio krisi betean zegoen. Arrakasta eta oihartzun kritikoa, baina, berehala iritsi ziren. Ezra Pound idazleak zera esan zuen, adibidez: «Azkenik, Amerikako mendebaldeak poeta bat sortu du, giroari eusteko bezain indartsua; bizitzari zuzenean aurre egiteko gai dena, itzulingururik gabe, zentzurik gabeko esaldi durunditsurik gabe, esan behar duena esateko prest, eta esan duenean, isiltzeko prest».

Spoon River Antologia-n komunitate baten zirrikituetan arakatu zuen Lee Mastersek, komunitate horretako kideei ahotsa emanda. Hain zuzen ere, 212 dira poemotako hizlariak, eta olerkietako askotan gurutzatzen dira haien bizitzak. Lopez de Lacallek azaldu duenez, beti pentsatu izan da liburuak gordin deskribatzen duela nekazari herrixka baten mikrokosmosa, non hildakoek bizitzan isildutakoak botatzen dituzten, eta, hala, herriko sekretu, miseria eta ametsak azaleratu. «Baina Spoon River hori baino askoz ere gehiago da», egin du ñabardura. John Hallwasek—Mastersen obraren ikertzaile nagusiak— esan zuen iraganean Amerikako bizitzei xede bat eta zentzua eman zien bisio demokratikoa galdu duen komunitate baten erretratua dela liburua. Poetaren barne gatazka gainditzeko saiakeraren eta bisio demokratiko hura berrezartzeko nahiaren erakusletzat ere jo zuen Spoon River Antologia.Lopez de Lacallek ere uste du bi alderdi horiek uztartzen dituela liburuak: «Gatazka indibiduala eta gatazka kolektiboa. Biak ala biak arkadia pastoral mitiko horren berrezartzeak konponduko dituenak».

Mastersek uste baitzuen, iraultzatik sortutako errepublikak bultzatuta, AEBek gidaritza moral eta historikoa izan zutela Mendebaldeko zibilizazioan. Baina ideia hori desagertzen hasi zen industrializazioarekin, eta «errepublika zahar hura inperialismoaren atzaparrek itsutu zuten. Hark uste zuen Espainiaren kontrako gerra izan zela AEBen inperialismorako lehen urratsa, eta oso indartsu kritikatu zuen».

Horregatik, Spoon River Antologia-n ez dago herri txikiaren laudoriorik. «Landa munduaren etengabeko desagertzearen eta horrek eragin zuen gainbehera moral eta historikoaren lehen erakusleetako bat da», itzultzailearen iritziz, baita amets amerikarraren ifrentzua aurrenekoz plazaratu zuen poema bilduma ere.

Arrakasta ez zitzaion bakarrik iritsi Lee Mastersi, oihartzunak ere ondoan zekartzalako eztabaida eta iskanbila. Lopez de Lacalle: «Garaiko gizarte puritano hartan eskandalua piztu zuen, hainbat arrazoi tarteko: bertso askearen erabilera, prosaismoa, arrunkeria eta sexu gaiekiko obsesioa egotzi zitzaizkion, ez baitzen ohikoa poesia liburu batean homosexualitateaz, adulterioaz, abortuez, suizidioaz, eta, azken batean, ezkutatzen diren hainbat gairi buruz horren esplizituki mintzatzea».

Nolanahi ere, arrakastak akuilatuta, abokatutza utzi, idazteari denbora guztia eskaintzea erabaki, eta Chicagotik New Yorkera jo zuen Lee Mastersek. Baina, asko idatzi arren, haren lanek ez zuten irakurleen eta kritikaren arretarik jaso, eta ia dirurik gabe hil zen, 1950eko martxoaren 5ean. «Esan daiteke Spoon River Antologia bere maisulana izan zela, baita bere tormentua ere, berriro urratuko ez zuen gailurra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.