Bertsolaritza

Zirku paregabea Eibarko Koliseoan

Jon Maiak irabazi du Eibarko saioa Gipuzkoako bertso txapelketako hirugarren final-laurdenean; finalerdietarako sailkatu da, eta Tolosan kantatuko du, abenduaren 1ean. Jokin Urangak lortu du puntuaziorik onenetan bigarrena

Jon Maia bertsolaria, puntuazioak jakin ostean, Eibarko Koliseo antzokian jokatutako final-laurdeneko saioan, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Manex Mantxola Urrate.
Eibar
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Sei bertsolari elkartu ziren, atzo, Eibarko Koliseo aretoan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan saio paregabe bat eskaintzeko. Itziar Etxezarretak gidatu zuen saioa, eta, aretoaren izena baliatuta, bertsolariek hasieratik egin zituzten horrekin jokoak —Gorka Maizek «Julia Zesar» deitu zion agurrean Etxezarretari—. Sei gizon oholtzan, sailkapena lortu nahian aritu ziren seiak. Belarriak Eibarren izanagatik ere, bat baino gehiago oroitu zen Euskal Herriko hiriburuko mobilizazioekin; Altsasuko gazteen aldeko kamisetak bistan ziren publikoan zein oholtzan, ordu berean Iruñean elkarretaratzea egitekoa baitzen.

Zortziko handian hasi zen saioa berotzen, eta, ale ederrak joan baziren ere, zortziko txikian ekin zion saioan une hartatik aurrera galduko ez zuen maila eskaintzeari. Zubia eta Maizek egindako ariketa umoretsua izan zen, agian, gehien gozarazi zuena. Gaiak ere jokoa ematen zuen: «Felix kazetariak elkarrizketa egin dio Gorkari. Bukatu eta bi ordura deitu dio, ez duela grabatu eta elkarrizketa errepikatzeko eskatuz».

Seiko motzean hasi zen Maia bere maila ematen, Zubiarekin batera, gurasoek nahikoa denboran mantendu eta etxetik bidali nahi zituzten anaien rolean: «Berrogeita bost urte pasata akabo jolasa./ Hau ja ez da gure plaza./ Euskeraz hain da erraza:/ ez da berdina gure etxea eta gure kasa». Anekdota modura, eskuko telefono bat entzun zen antzokian, eta bere alde baliatu zuen bertsoaren erdian sartzeko, distrakzioari etekina ateraz.

Hamarreko txikian, Maiz eta Urangak osatu zuten, entzun eta erantzunez, elkarrizketa borobilena, gurasoak banandu eta hamar urtez harremanik izan ez duten amari zaintza partekaturako aukera eman edo ez eztabaidatzen duten bi anaia gazteren larrutik. Bertso saio osoan aritu ziren oso goian Maiz eta, bereziki, Uranga, eta hala eskertu zieten entzuleek.

Honela zioen kartzelako gaiak: «Emagina zara. Eskuak garbitzen ari zara, malkoei eutsi ezinik». Gaia oso zabala ez izanagatik ere, izan zen istorio desberdinak entzuteko aukera. Hori bai, dramatik pozetik baino gehiago, ezin zitekeen bestela.

Maiz izan zen lehena ariketari ekiten, eta saio bikaina osatu zuen; nabarmentzekoa bigarren bertsoari emandako bukaera: «Esku-garbitzen ez nago trankil, hemen lababoan erdin./ Ispiluari beiratzen diot, malko txiki bat det begin./ Hemen negarrez ari naiz ni ta umetxoak ez du egin».

Muñoak ere ariketa txukuna egin zuen, saio osoan bezala, ordulari suitzar baten erregulartasunaz. Aparteko kolperik eman gabe, baina beti zuzen. Aipatzekoa, era berean, bertsokideari bidea zabaltzeko erakutsi zuen elkarlanerako jarrera.

Zubiak gaiaren inguruan duen ezagutza baliatu zuen bertsoa janzteko: «Buskak jo eta derrepentean prest operazio gela./ Nabaritzen da sueroen hotza ta odolaren epela», ekin zion, adibidez, lehen bertsoari.

Tapiari eskertu zion entzuleak, lehena izan baitzen jaioberria bizirik ateratzen; eta, hain zuzen, hori izan zen, saio hasierako urduritasunari buelta emanaz, ataundar gazteak egindako ariketa osoena, «ze ederra bizitza emanez bizitza irabaztea!» kantatuz amaitu zuena.

Azkenik, eta puntuetan lehen, Maiak ospitalearen aseptikotasunetik atera eta hain berea duen itsaso zabalera eraman zuen kartzela: «Open Arms-en boluntaria naiz ta hau da nere borroka, itsasoa ta mundu hontako injustiziaren kontra». Puntuazio gehien lortuta, finalerdietarako sailkatu zen Maia; Tolosan kantatuko du, abenduaren 1ean.

Azpeitian gaur saioa

Gaur, Azpeitiko Soreasu antzokian arituko dira Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Iñaki Gurrutxaga Zubimendi, Iñigo Manzisidor Larrañaga, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. 17:00etan hasiko da saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.