Ahomentan

ALDAKETEZ HAUSNARREAN

Aldaketa politikoaren urtea da aurtengoa Nafarroan. Gizartea, ordea, dinamikoa da, eta azken urteetan izan dira aldaketa gehiago beste arlo batzuetan. Horiek kolorez margotu eta ñabardurak egiteko elkartu dira Paula Kasares eta Ricardo Feliu, erretratugile.

Paula Kasares eta Ricardo Feliu, elkarrizketarako erabili dituzten mapei begira, Iruñeko Gazteluko plazan. ARGAZKIAK: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
jon ordonez garmendia
Iruñea
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Modu askotara marraztu daiteke Nafarroako mapa. Marraztu daiteke erresuma baten mapa, edo marraztu daiteke erkidego baten mapa; koka daiteke Euskal Herrian, edo, beste probintziak gabe, bere hartan erakutsi. Zatitu daiteke merindadeetan, edo eskualdeka banatu. Eta, hala ere, zailena ez da mapa marraztea, margotzea baizik.

«Merindadeena ez nuke aukeratuko. Arrazoi historikoengatikkutuna izan arren, gaur egun ez du baliorik. Beste mapa guztiekin geratuko nintzateke, ez baitago Nafarroa bat, baizik eta paisaia soziologiko asko, eta horiek lur honen aniztasuna osatzen dute. Nafarroaren argazki erreal ona litzateke mapa guztiek osatzen dutena», dio Ricardo Feliuk. Mahaiaren beste aldean, Paula Kasaresek esku artean hartu ditu mapak, mahaian zabaldu, eta haiei begira geratu da.

NUPeko bi irakasle. Hizkuntz didaktikakoa bat, soziologiakoa bestea. Lana jarri die kazetariak: Nafarroaren erretratua aukeratu eta margotu behar dute. Zer kolore ditu? Margoak eta mapak: muga geografikoak eta gizartearenak. Azkenean, ez dute mapa bat aukeratu nahi izan, eta guztiak aurrean eta koloreetako arkatzak eskuan dituztela hasi dira pintatzen, libre, koloreak eskainita.

Gorria

Arkatz gorriak hartu dituzte Kasaresek eta Feliuk. Nafarroako ikurraren kolorea da, banderarena, baina baita karlismoaren eta ezkerreko indarren kolorea ere.

RICARDO FELIU: Egia da Nafarroako historiaren ezaugarrietako bat karlismoa izan dela, baina gogoratu behar da XIX. mendean Iruñea liberala zela eta karlistek setiatu egin zutela. Eta begira zer diren gauzak: Katalunia karlista zen orduan, eta, gaur egun, irudi liberal eta modernoa du; Nafarroaz, berriz, Iruñea orduan liberala izanik, bestelako irudia dugu. Tradizioak pisu handia izan du hemen orain arte. Zenbait elementuk pentsaraz dezaketen arren eboluzio bat izan dela, bizitzaren ikuskera batzuek erakusten dute tradizionalismo horrek gaur egun ere funtzionatzen duela, ideologia eta bizitzeko moduen gainetik, nahiz eta modernitatea erakutsi nahi izan. Horregatik, ni ez nintzateke ausartuko gorriz zerbait margotzera; galdera ikur handi bat marraztuko nuke gorriz: zer izan da karlismoa, zer ekarri du, eta zenbateraino ari garen nahasten karlismoa eta tradizionalismoa.

PAULA KASARES: Nik uste dut Nafarroako gizartean tradizio usaina duten elementu batzuk daudela, eta batzuk oso barruan ditugu, sakon sartuak; esate baterako, beste leku batzuekin alderatuta, zer gutxi gustatzen zaigun mugitzea; txanpiñoiak bezalakoak gara, lurrari lotuak... Baina, hori horrela izanik ere, uste dut badaudela transgresio eta borroka ezaugarriak ere, eta uste dut horiek ere gorriz margotu ahal direla.

R. F.: Garrantzitsua da beste leku batzuekin alderatzea, ikuspegi zehatza izateko. Nafarroan beti txunditu naute zenbait gizarte-harreman motak, landa gizarte baten eta urbano baten arteko trantsizio egoera bat iradokitzen dutenak. Gaur egun, oraindik indarrean dira. Nafarroan herrietatik hiriburura migratu zutenek ez zuten sekula eten herriarekin zuten lotura: lanegunetan Iruñean bizi ziren, baina asteburuan herrira itzultzen ziren; ez zegoen hausturarik. Modu horretan, landa gizarte batetik moderno edo industrialago baterako jauzia ez da behin betikoa. Lehengusuak bezalako bigarren mailako senideen familia bilkurak egiteak, familia zabalaren kontzeptuak, erakusten du landa gizartearekin ez dela erabat eten. Hori beste leku batzuetan ez da gertatzen.

P.K.: Desberdina da jendeak Gipuzkoan edo Nafarroan esatea: «Herrira noa». Gipuzkoa etenik gabeko urbanizazio bat da; landak eta hiriak bat egiten dute.

R.F.: Nafarroan, hiru instituzio daude gizartearen oinarrian indar handia dutenak: familia, kuadrilla eta ezagunak. Horien inguruan artikulatzen dira eguneroko harremanak. Interesgarria da hiru instituzio horiek nola garatzen diren, ea ahultzen diren edo ez. Espazio garatuagoetan, horrelakorik ez dago. Nafarroa ez da norbanakoen gizarte bat, baizik gizarte familiar bat. Familiak asko baldintzatzen zaitu, eta oraindik, adibidez, lehengusu bazkariak egiteko ohitura sendo mantentzen da. Kuadrillaren kontzeptua ere hor dago, eta aldaketa prozesuetan oso adierazle onak dira; batzuetan, nahikoa da kuadrilletan izaten diren hausturak aztertzea gizartean aldaketa bat aurreikusteko. Gogoan dut nik, adibidez, ezker abertzalearen zenbait une kritiko izan direnean horiek antzematen hasi ginela kuadrilla batzuk hautsi eta leku batzuetara joateari utzi ziotelako... eta, handik urtebetera, Nafarroa Bai sortu zen. Azkenik, ezagunen instituzioa dago: horiekin ez dago lotura zuzenik, ezta odolezko loturarik ere, baina armiarma sareak dira, eta informazioa oso azkar mugitzen dute.

Horia

P.K.: Nik uste dut landa eta hiri gizarteen arteko dikotomia lausotu dela. Jada ez gara mugitzen dimentsio geografiko eta espazial batean soilik; teknologia berriek beste dimentsio batean jartzen gaituzte, eta berdin du non zauden: Telecinco ikus dezakezu Arantzako baserri bateko sukaldean, eta Internetera konekta zaitezke edozein herritan. Baina oraindik ere, eta eskualdeen mapa hartuko dut orain, oso nabarmena da landa edo hiri eskualdeen arteko aldea. Orain dela gutxi Uemak Gaindegiarekin Nafarroaz eta, bereziki, Pirinioetako ibarrez egin zuen prospekzio demografiko batek erakutsi du kolapso demografikoaren atarian gaudela; hamarkada batzuk barru gertatuko da ibar horietan.

Eta hori gertatzen da hamarkadetan bultzatu diren politikek ez dutelako zuzendu bi mundu horien desoreka, areagotu egin dutelako; eskualde batzuk zerbitzuz hornitu dituzte, eta beste batzuk hustu, eta horrek zona batzuei erakargarritasuna kendu die, eta tasa demografikoan eragin du. Dimentsio horrek kezkatzen nau gehien, krudela delako kolapso demografikoa, eta hori gertatuko delako neurriak hartu ezean.

R.F.: Leku turistiko hutsak bihurtzeko arriskua dago, ekonomia eta gizarte garapenik gabe, soilik garapen turistikoarekin eta horrek duen inpaktuarekin. Edonola, herrietako migrazioak ekarri ez duen haustura hori beste migrazio mugimendu berri batzuekin aldatzen ari da orain. Hala ere, irudipena dut norbere zilborrari begira dagoenaren ikuspegia dugula Nafarroaz hitz egiten dugunean: mundu guztitik etortzen den jendea dugula bizilagun, baina kezka dut ez ote garen hartzen ari gizarte multikulturalen eredu txarrena; espazio komunak bilatu beharrean, kultura eta talde bakartuak ez ote garen sortzen ari. Hori ez da nahikoa eztabaidatzen.

Nafar batek bere buruaz, nafarra izateaz edo Nafarroaz duen irudia aldatu da?

P.K.: Ni, nafar euskaldun gisa, periferia sentitzen naiz, erdigune euskaldunaren periferia. Nafarroan, instituzionalki ezer ez da egin, esate baterako, telefono batek ematen duen zerbitzua euskaraz ere izan dadin... Baztango euskaldun bat arrotz senti zitekeen garai batean Iruñera etorrita, eta orain ere arrotz senti daiteke. Gaur egun, landa-hiri bereizketa txikiagoa da, bai; paisaia urbanoan ez dago hausturarik. Eta hizkuntzan ere izan da aldaketa bat 1960ko hamarkadatik aurrera. Baina segun eta nondik zatozen, badakizu erdaraz moldatu beharko duzula hiriburuan, eta, batez ere, osasun zerbitzuan; jende nagusi askori gertatzen zaio. Indarkeria sinboliko bat badago euskaldunarentzat pediatrarenera joaten denean, haur bat ospitalean duenean... eta erizain eta medikuek esaten diotenean «haur honek gaztelera ikasi behar du, erakutsi egin behar zaio». Indarkeria sinboliko izugarria da hiriburura joatea, erakunde publiko batera, eta zure seme-alabarekin nola hitz egiten duzun kolokan jartzea eta hizkuntza hegemonikoan egitea bultzatzea. Billabesan ere gertatu da: entzun dute aita bat semearekin euskaraz hitz egiten, eta horrek bidea eman dio jendeari aita-semeen arteko elkarrizketan sartu eta esateko bi hizkuntzak erakutsi behar zaizkiola, gaztelera ere erakutsi behar zaiola. Iruñean errealitate linguistiko desberdinak daude, eta bertakoak ere senti daitezke lekuz kanpo. Hiriek hori dute. Herri txikietan askoz ere babestuago zaude sozialki, eta zaila da taldeak lekuz kanpo uztea.

R.F.: Iruñean badago jende kategoria bat PTV esaten zaiona, de Pamplona de toda la vida (Iruñekoa betidanik). Horrelakorik ez da gertatzen beste hiri batzuetan. Hiriaren kide izateko sentimendua azpimarratzen du, eta berdin esaten du gurasoak kanpotarrak dituenak ere. Lehen aipatu dugun tradizionalismoarekin lotzen da; jatorri puru bat bermatzeko mekanismoak bilatzen dira. Sanferminetan ere beti nahi izaten da tradizionala den zerbait. Denborarekin, ari da hori ere ahultzen, baina oraindik pultsu hori badago. Eta behar hori izateak baldintzatzen du gertatzen ari den eboluzio prozesua: oraindik aldatzeke dagoen hondoko itsaskia da, eta moteldu egiten du. Arlo horretan, oraindik falta da laikoagoak izateko prozesu bat.

Urdina

R.F.: Erlijioaren gaia oso interesgarria da, baina, analisia egiteko, zenbait gauza bereizi behar dira. Batetik, praktika erlijiosoei eta haien esanahiei dagokiena. Jendea zergatik joaten da mezetara, sinesten duelako praktika horretan edo herria biltzen duen erritual bat delako? Praktika erlijiosoek eta sineskerak bat egiten dute beste praktika sozial batzuekin. Bestetik, Elizaren pisua dago, botere ekonomiko eta politikoa, immatrikulazioekin ikusten den bezala. Hor kokatzen da Opus Dei. Gaur egun, hala ere, gain behera doa Opus Dei, seme-alabak izateari utzi diotelako, kide gehienak apaiztu edo moja sartzen ari direlako. Profesionalen bitartez, gizarte zibilean parte hartu izan du beti, baina orain jende asko ari dira galtzen arlo horretan.

Praktiketara jotzen badugu, inkesta guztiek erakusten dute mezetara doan jende kopurua maila kezkagarrietara jaisten ari dela—kezkatuko ninduke Elizako kide banintz—. Katoliko ez direla diotenak geroz eta gehiago dira. Datuek diote itxuraz gizarte sekularizatzen ari dela, baina, beste autonomia erkidego batzuekin alderatuz gero, Eliza katolikoaren jarraitzaileak gehiago dira oraindik Nafarroan. Sekularizatu arren, bide luzea dago egiteko.

P.K.: Belaunaldi aldaketak ere badu zerikusia. Eskola katolikoetan ikasi zuten askok ez dituzte horietara eraman seme-alabak. Beste gauza bat da ezkontzen den egunean jendea eliza batean ezkontzea. Tradizioa eta erlijioa nahastu egiten dira; zenbait erritutan ez dago erlijiosoa ez den beste aukerarik. Erakundeen arloan asko dago egiteko, esate baterako, agur, bataio eta ezkontza zibiletan. Impasse horretan, aukera erlijiosoa bakarra da, eta ezin da hautsi tradizio erlijiosoarekin.

R.F.: Instituzionalitate berriak edo igarotze erritu berriak sortu behar dira. Egon bazeuden; Espainiako II. Errepublikan izan ziren saioak, jaiotzak, ezkontzak, hiletak… baina horiek guztiak ahaztu egin ziren. Elizak ezin du izan monopolio hori, eta ezkontza zibilek ezin dute apaizik gabeko ezkontza sasi-erlijiosoak.

P.K.: Erakundeetan, lan handia egin behar da bereizteko erlijio elementuek esparru publikoan eragiten duten ustelkeria. Oraindik ere Aralarko goiaingeruari harrera egiten diote parlamentuan; han izaten da parlamentuko presidentea ere —oraingoak ez dakit zer egingo duen—, eta hemiziklora eramaten dute, hemiziklora! Eta hemizikloa busti egiten du! Aizue, fededuna izan zaitezke, baina hori sineskeria bat da, eta Txantreako senegaldar komunitate batek egingo balu, esango genuke: «Begira, begira zer egiten duten». Batzuei hasi zaie kirrinka egiten, baina beste batzuek ondo ikusten dute Aralarko goiaingerua parlamentura joatea «Mikel, Mikel, Mikel gurea, zaindu ezazu Euskal Herria» kantatu ahal izateko. Hori samurtu behar da; gizarte batek ezin dio eutsi hain oinarrizko kontraesanekin.

R.F.: Ez da soilik Nafarroaren arazoa. Europa hegoaldeko gizarte guztietan egiteke dagoen zerbait da. Modernitate adierazle garrantzitsu bat izango litzateke esparru publikotik esparru erlijiosoari dagokiona ateratzea —erlijio jakin bati dagokiona—. Jendeak sinets dezala nahi duen horretan, Jesu Kristorengan edo Espageti Hegalariarengan, baina horrek ez du lotuta egon behar esparru instituzionalarekin.

P.K.: Zergatik zen albiste Uxue Barkosen inbestidura saioan artzapezpikua parlamentuan ez egotea? Ba, iraganean beti deitu izan diotelako joateko, beste edozein agintariri deitzen zioten bezala. Baina artzapezpikua esparru zibilean ez da agintari bat.

R.F.: Nafarroa tradizionalista da, termino politikoetan baino gehiago, existentzialetan; zerbait transbertsal da, eta bizitzaren arlo askotan aurki dezakezu. Badago aldatzeko beldur bat, zer gertatuko ote den, gauzak beste modu batera egiteko beldurra. Erabat modernizatu ez diren gizarteetan egoten den beldur bat da: «Ez ukitu hau; ukitzen baduzu, zerua ireki egingo da eta». Zenbait erritu mantentzen dira inolako hausnarketa kritikorik egin ez delako? «Zer ari gara egiten?», hori galdetzea falta da.

Morea

Barkos aipatu duzue. Orain bi emakume dira gobernuko presidente eta parlamentuko presidente.

P.K.: Bai, baina hori izozmendiaren punta bakarrik izan daiteke. Gerta liteke oinarrian berdintasun hori ez egotea. Hala ere, sinbolikoki garrantzitsua da. Azken urteetan, maila instituzionalean, politikoan eta sozialean izan dira aurrerapausoak emakumeak esparru guztietan ikusteko. Genero indarkeriaren aurka ere mugimendu handia dago gizartean; batik bat, gertatu diren kasu batzuen ondorioz, Nagore Laffagerena, adibidez; barrenak asko mugitu ditu horrek. Elkarte asko ari dira lanean; Astelehen Lilak, adibidez. Beste batzuk aniztasunaren alde aritzen dira. Hori ez da gaurko kontua, mugimendu feministaren tradizio bat baizik, 1970eko hamarkadatik datorrena. Nafarroak beste leku batzuetan baino lehenago onartu zuen izatezko bikoteen legea. Gizarte patriarkal batean bizi gara, baina sentsibilitatea handiagoa da.

R.F.: Kultura patriarkal batean gaude, hori da, eta oinarri-oinarrian sartua dago, ez genero kontuetan bakarrik, baita pentsamendu politikoan, ekonomikoan… Baina aldarrikatu behar da Nafarroako borroka feministaren tradizioa, oso inportantea izan baita, eta errotuta dago, ez soilik militantzia mailan, baita IPES bezalako erakunde batean, adibidez; estatuko garrantzitsuenetako bat da Iruñekoa. Abortuaren aldeko borrokan ere momentu garrantzitsuak izan dira; Cristina Almeidaren aurkako epaiketa, esate baterako. Gaur egungo egoera horren ondorio da.

Nik, hala ere, badut kezka bat. Egunerokoan ikusten dudan matxismo berri bat: badago belaunaldi berri bat ustez gaindituta zeuden jokabide batzuk dituena. Uste dut 30 eta 40 urte arteko jendearengan sentsibilizazio handiagoa dagoela zenbait kontutan, gazteagoengan baino. Adibidez, nola gauza bihurtzen diren bikote harremanak. Batzuetan, 15 urteko gazteekin hitz egin, eta iruditzen zait 1970eko hamarkadara itzultzen ari garela. Baina ez da Nafarroako arazo bat; Nafarroa zeharkatzen duen arazo bat da.

P.K.: Belaunaldi kontua izan daiteke, erreferente kontu bat. Maitasun erromantikoaren ideia oso kaltegarria da.

R.F.: Hori guztia unibertsitatean landu dugu, eta agertzen diren gauzetako bat zera da, jokabide horiek prostituzio kontsumoarekin duten harremana. Prostituzio bezeroen ikerketa gutxi dago, baina gehienbat 20 eta 25 urte bitarteko mutilak dira; sexuaren ikuspegi erabat merkantilista dute. Diskurtso hori bera harreman afektiboetan txertatzen da gero 16 urtekoengan. Batzuek hitzez hitz ulertzen dituzte maitasun hizkuntzan esaten diren jabetza metaforak. Belaunaldi baten kontua da, baina ni oso kezkatuta nago, azken 30 urteetan egin den lan guztia galdu dela dirudielako. Dramatikoa da.

P.K.: Entzuna nuen, baina Nafarroan ere gertatzen zenik, ez.

R.F.: Bai, bai, hemen ere bai;arazo horrek ere zeharkatzen du Nafarroa. Eta egin dezakegun okerrik handiena zera da, pentsatzea emakumeen presentzia gizonezkoenaren pare dagoela hainbat arlotan, eta genero desberdintasunaz hitz egiteari uztea, konturatu gabe praktika sozialetan eta intimitatean inboluzio bat gertatzen ari dela. Dramatikoa litzateke hori.

P.K.: Oraindik badago, genero bereizketari dagokionez, aldea hiritik landa guneetara. Desokupazio tasa ikusi besterik ez dago. Iruritan egin nuen ikerketa hizkuntza transmisioaren inguruan, eta harritu ninduen zer normala zen etxekoandreen tipologia. Hori Iruñerrian ez da ikusten.

R.F.: Izan dira proiektuak Pirinioetan emakumeei euren enpresak sortzen laguntzeko, eta hori aldaketa faktore oinarrizko bat da. Landa guneetan artikulatuago dago genero desberdintasuna, baina uste dut ari dela aldatzen; hor baikor naiz: erdiko epean, uste dut hori gaindituko dela.

P.K.: Baztanen orain badaude berdintasun teknikari bat eta berdintasun plan bat, diagnostiko bat, eta ikusten da arlo askotan ez dutela berdin parte hartzen gizonezkoek eta emakumezkoek maila sozialean eta jai giroan. Hor dago mutil dantzen gaia ere. Badago arazo bat, izugarria, tradizioa ulertzeko moduekin, rolekin, espazioekin. Gobernuko eta parlamentuko presidenteak emakumezkoak izatea anekdota bat izan daiteke, eta emakumeak berdintasunez dantzatu ahal izatea ere izan daiteke anekdota bat, baina anekdota eta ikur pila batek normaltasuna eraikitzen du.

R.F.: Hori aldaketaren beldurrarekin lotzen da. Aldaketarako espazioak dira.

Berdea

Euskara aldaketaren katalizatzaile da, edo ondorio?

P.K.: Ez katalizatzaile, ez ondorio. Esango nuke aldaketaren beste elementu bat dela, edo aldaketaren mugimendua erakusten duen zerbait. Nik ikertu dudanaren arabera, 1970eko hamarkadatik nabarmena da gizartea aldatu dela eta hizkuntzarekiko izan den jarrera ere aldatu dela; ez soilik euskaldunena, baita erdaldunena ere: nola nahi dituzten eskolatu seme-alabak, zer harreman nahi duten hizkuntzarekin izatea… Gaur egungo egoera ulertzeko, ezinbestekoa da onartzea aldatua dela sozializatzeko elementu gisa euskarari ematen zaion balioa.

Hipotesi batek dioenez, zenbat eta hizkuntzaren galera denboran gertuago izan, orduan eta handiagoa da berreskuratzeko indarra. Logikoa da hori, bai. Baina horrek marra bat marraztu dezake mapa hauetan, denboraren marra edo marra geografiko bat, eta uste dut berreskuratze prozesu bat ulertzeko marrek ez dutela balio. Legeak marren tradizioa baliatu du eremuak marrazteko, baina berreskuratze prozesu bat ezin da oinarritu hizkuntzaren galeran. Hiztunen erabakiek baldintzatzen dute prozesua, ez inguruak ezartzen dituenak; horiek ere bai, baina besteak dira erabakigarriak. Hizkuntzarekin duten harremanaren inguruan hartzen dituzten erabakiekin, hiztunek erabakitzen dute berreskuratu ala ez. Horrela soilik azal daiteke haur batzuek berreskuratzea gurasoek izan ez zuten hizkuntza. Ez du marrekin zerikusirik.

Erabaki horiek, hori bai, izan behar dituzte baldintza batzuk. Gauza ez da euskara berreskuratzen hasten dela galduta zegoen leku batzuetan eta gero eskolan sartzen dela, baizik eta eskolan sartzen denean hasten direla gauzak aldatzen familietan. Inguruak baldintzatzen du euskararekin hartzen den erabaki hori, eta, 1980tik, euskara beste modu batera ikusten da: aukerak aldatu eta helduen euskalduntzea hasten da. Nafarroan, gaur egun, ezin da garatu euskararekiko harreman hori, ez dagoelako euskaraz bizitzeko baldintzarik. Bi aukera galdu dira euskarazko hezkuntza Nafarroa osora hedatzeko, eta hamabost edo hogei urte galdu dira. Pentsa denbora horretan zenbat haur aterako ziren D eredutik Nafarroa osoan.

R.F.: Euskararen historia genozidio kultural bat da. Katalunian ez bezala, hemen elite frankistek ez zuten euskaraz egiten. Nire tesiaren ikerketan, eliteetako kideek kudeatu beharreko arazo bat balitz bezala hitz egiten zuten euskararen gainean. Ikusten duzunean pentsaera hori gain behera doala, eta haien ondorengoak ikastoletara doazela, ikusten duzu aldaketa badagoela. Kontraesan bat dute oraindik, hala ere: txistuka euskararen kontra ergelarena egiteko eskatzen diete jarraitzaileei, eta seme-alabak euskara ikasten ari dira. Baina txistuena lehen ere bazegoen. Kontua da orain okerrago ikusiak direla eta nabarmendu egiten direla. Egun, euskararekiko naturaltasun osoa dago. Ezezagun den zerbaiten inguruan, lehenik topikoekin erantzuten da beti; gero, ordea, eguneroko beste esperientzia batzuk biltzen direnean, erantzuna beste bat da. Izeba fatxak, iloba euskaraz hitz egiten ikusten duenean, jada ezin du batasuni bat irudikatu. Gertatuko dira txistuak eta horrelakoak, baina garbi esan behar da horiek egiten dituztenak zer diren: kaikuak.

Zuria

R.F.: Uste dut ez gaudela aldaketa baten hasieran, baizik aldaketaren amaieran. Hauteskundeetan ez dira irauli emaitzak; gertatu dena da UPNko boto-emaile batzuk etxean geratu direla. Ahal Dugu sartu da, baina, gainerakoan, indar baskistek antzeko emaitzak izan dituzte. Erriberan galdu du UPNk boto gehien, bere gotorlekuan. Kontua da indarrean zegoen eredua krisian sartu dela, haien jarraitzaileek ere ez zutela sinesten horretan, eta horrek aukera berri bat irekitzen duela, aukera historiko bat. Orain, ikusi behar da boterea hartu dutenek nola kudeatzen duten, besteen lanaz aritzeari utzi eta erabakiak hartzen hasi behar baitute, eta horrek pentsaera aldatzea ekarri behar du. Hau da egiaren ordua, baina lana aspalditik dator.

Apustu batekin amaitu da elkarrizketa: UPN noiz hasiko den agerraldiak euskaraz egiten. Mapak ez dituzte margotu, eta soilik Feliuk idatzi ditu ohar batzuk. «Nafarroa plurala da, baina handia delako; ez da beste lurralde batzuk baino pluralagoa. Urdaibai eta Enkarterriren artean ez dago Bortzirien eta Erriberaren artean baino desberdintasun gehiago. Desberdindu gaituena aniztasunaren kudeaketa izan da», dio Kasaresek. Koloretako arkatzak bezain zorrotz bota du apustua Feliuk: «UPN agerraldiak euskaraz egiten hastea garaipen handi bat izango da euskararentzat. Eta hori iritsiko da agintaldi honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.