Albistea entzun

ETAren armagabetzea. Eguna bera

HERRI URRATS BAT BAKE PROZESURAKO

«Ongi» atera da ETAren desarmatzearen eguna, eta Frantziako Poliziaren esku daude armategiak. Nazioartea, gizarte zibila eta instituzioak inplikatu dira prozesuan, baina Urkullu eta Barkos ez dira azaldu Baionako agerraldi instituzionalera. Eragileek eskatu dute bakearen alde lan egiten segitzeko.
<b>KOKALEKUAK. </b>Txetx Etxeberri nazioarteko eragileei ETAren armategiaren kokalekuen berri ematen, atzo, Baionako herriko etxean.
KOKALEKUAK. Txetx Etxeberri nazioarteko eragileei ETAren armategiaren kokalekuen berri ematen, atzo, Baionako herriko etxean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2017ko apirilak 9 - Baiona

Jean Noel Etxeberri Txetx Baionako herriko etxean nazioarteko eragileekin-eta zen bitartean, Mixel Berhokoirigoin agerraldi instituzionalaren aurretik aretoko harmailetako aulki batean eseri zen une batez —Luhusokotik epaileak eragotzia die elkarrekin egotea—. «Oraingoz, ongi doa eguna», zioen. 08:45 inguru ziren, eta ETAren armagabetzea nola gauzatuko zen antzemateko ezinbestekoa zen termometro hori hartzea. Ongi hasi zen, eta ongi amaitu. ETAk ostiralean iragarri zuen jada erakunde armagabea zela, eta, atzotik, haren armategia Frantziaren esku da: 120 arma, hiru tona lehergai, eta milaka munizio eta detonagailu. Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroak gauean ohar bat plazaratu zuen, eta zioen «armagabetzea soilik justiziaren autoritate pean» egin zela eta bere gobernua pozik dela, «baretasunean eta bortizkeriarik gabe egin delako».

Frantziak esana zuen desarmatzea ez zuela oztopatuko, Espainiak jarrera pasibo bat agertua zuen, baina beti zen kezka bat. Ez zen gertakaririk izan, ez aurreko egunetan —Etxeberrik martxoaren 17an iragarri zuen armagabetze eguna—, ez atzo. Berhokoirigoinek dio Frantziak ez duela eduki «parte hartze aktiboa», baina bai «tazitoa». Matthias Fekl Barne ministroak atzo onartu zuen «pauso handia» dela «aldebakarreko» armagabetzea. Madrilentzat, berriz, «ETAren porrota estaltzeko» izan da dena.

Zortzi lekutan zeuden armak, guztiak Frantziako Estatuko lurraldean: Ipar Euskal Herrian —Senperen (Lapurdi), Etxarri (Zuberoa) eta Azpilda artean, eta Barkoxe (Zuberoa) eta Aramitze artean— eta Okzitanian. Etxeberrik atzo goizean goiz eman zien kokalekuen berri nazioarteko eragileei, Baionako herriko etxean, ondoren Ram Manikkalingam egiaztatzaileak «berehala» pasatu zion informazio hori Frantziako Estatuko agintari bati —Cazeneuvek gauean jakinarazi zuenez, Baionako prokuradoreari eman zioten—, eta gero dena azkar eta erraz joan zen: Polizia zortzi kokalekuetara azaltzen hasi zen, ikuskatze lanak egin, armak jaso eta martxa. Armategia —Luhusokoek joan den abenduan esan zutenez, %85 falta zen biltzeko—, Poliziaren esku zen arratsaldeko hiru eta erdiak alderako. «Batzordeak uste du urrats horrekin osatzen dela ETAren armagabetzea», aipatu zuen aurretik, goizeko agerraldi instituzionalean, Manikkalingamek. Poliziak azkeneko armak hartuak zituela hasi berria zen Baionako elkarretaratzea, Paul Bert plazan, lasai ederrean.

Lan asko egin dute bakearen artisauek azkeneko aste hauetan ere. Datu esanguratsu bat da kokaletuetan 172 lagun egon izana; bakoitzeko, 20-25. Polizia noiz helduko egon ziren, inork armak manipula ez zitzan. Hori guztia antolatzeko gaitasun handia behar da izan. Eta inplikazioa. ETAren armagabetzea blokeatuta zela, gizarte zibileko jende batek hartu zuen hura mugitzeko ardura, eta ETAk desarmatzearen «ardura politikoa eta teknikoa» eman zien Etxeberriri eta. Egindako lana aitortu zien udaletxeko ekitaldian Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak: «Beharrezko izan zaigu gizarte zibila».

«Bake zuzen» baten bila

Armagabetzea amaitu da; hor dira, ordea, gatazkaren ondorioak oraindik, konpontzeke. «Desarmatzea beharrezkoa da, baina urratsak egin behar dira. Frantziako Estatuak behar du ulertu bake orokorraren, bake zuzen baten laguntzaile izan behar duela», ohartarazi zuen Berhokoirigoinek Luhusoko ekintzaileen prentsaurrekoan —Michel Tubiana eta biak azaldu ziren—. Etxegarai «bake iraunkor batera» iristeaz mintzatu zen bere hitzaldian. Manikkalingamek ere aipatu zuen bakea: «[Egiaztatze] Batzordeak badu konfiantza, aktore garrantzitsu guztien laguntzaz, urrats historiko honek lagunduko duela euskal gizartean bakea eta bizikidetza sendotzen». Egunak eta egunak pasatu ditu Manikkalingamek Baionan, askotariko batzarrak egiten.

Eragile askoren parte hartzea eskatu zuen egiaztatzaileak, baina atzo izan zen hutsunerik: ez ziren Baionako agerraldi instituzionalean izan Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernukoa. Luhusokoek eta nazioartekoek hasieratik bilatu zuten haien presentzia; ostiral arratsean artean bazen horretarako bilerarik. «Atea zabalik zen [Urkullu eta Barkosentzat ere]; bakoitzak bere hautua egiten du», zioen hamaikak pasa zirela Tubianak. Urkulluk eta Barkosek ez dute ezezkoaren azalpenik eman.

Jaurlaritzako buruak prentsa agerraldi bat egin zuen atzo, Donostian, arratsaldeko ordubata eta laurdenean, Bilboko Metroaren 3. linea inauguratu ondotik. Epikatik etikara izenburua jarri dio adierazpen instituzionalari. Armagabetzeari balioa eman zion, biktimak gogoan izan zituen, eta nabarmendu eragileekin harreman asko egin dituela Jaurlaritzak. Nafarroako Gobernuak prentsa ohar soil bat atera zuen, eguerdian. Manikkalingamek Urkulluren lana nabarmendu zuen Baionan. Bakearen artisauek Etxegarairen jarrera laudatu zuten. Berhokoirigoin: «Operazio guztien erraztailea izan da. Asko inplikatu da». Arnaldo Otegi EH Bilduko eledunari prentsaurrekoan galdetu zioten ea zer irizten zion Urkullu eta Barkos ez agertzeari, eta erantzun zuen atzokoa ez zela «kritika politikorako eguna».

Bake prozesu bat herri gisa abiatzeko erpin denen parte hartzea lortzeko lanik badela erakutsi zuen atzoko egunak. Baina lortu dute ETAren armagabetzea, eta hori bada herri urrats handi bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Enrique Maia Iruñeko alkatea. ©Iñaki Porto / EFE

Iruñeko alkatea arbuiatzeko adierazpena aurkeztuko dute EH Bilduk eta Geroa Baik

Berria

Adierazpen xenofoboak «daturik eman gabe» egitea eta «kolektibo oso ahulak jomugan jartzea» egotzi diote Enrique Maiari.

Juantxo Lopez de Uralde, Pilar Garrido eta Roberto Uriarte diputatuak Gasteizko Justizia Jauregiaren parean ©Berria

Unidas Podemosek salaketa jarri du Martxoaren 3ko sarraskian Martin Villak zer «erantzukizun» izan zuen iker dezaten

Unai Etxenausia

Gaineratu dute iraganean «krimenak» egin dituzten Espainiako «segurtasun indarren» eta hainbat agintariren zigorgabetasuna amaitu behar dela.

Altsasuko gazteen alde egindako mobilizazio bat, 2019ko urrian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estrasburgok ez du aintzat hartu Altsasuko auziko gazteek egindako salaketa

Gotzon Hermosilla

Auziak Europan izan zezakeen bide judiziala amaitu egin da. Gizarteak emandako babesa nabarmendu du Altsasu Gurasoak plataformak

<em>Mozal legearen</em> aurka egindako protesta bat, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Mozala nola kendu

Iosu Alberdi

Kongresuko Barne Gaietarako Batzordera iritsi da 'mozal legea' erreformatzeko proposamena. Indar parlamentarioen lana izango da orain aldaketen nondik norakoak eztabaidatu eta adostea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.