Ehunka lagun G7koen aurka

G7 Ez plataformako kideek deituta, manifestazioa egin dute Miarritzen abuztuko bilkuraren kontra. «Desorekarik, klima katastroferik, gerlarik eta bortizkeriarik gabeko» mundu bat eraikitzera deitu dute

G7koen bilkuraren aurkako manifestazioa, atzo, Miarritzen. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Miarritze
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kolore askoko banderak astindu dituzte atzo Miarritzen (Lapurdi), G7 Ez plataformak deitutako manifestazioan, eta ehunka lagun bildu dira. Irati Sienra LABeko ordezkariak adierazi du «oso manifestazio plurala» izan dela. Beste mundu bat posible dela erakutsi nahi izan dute parte hartzaileek. «Macron, Merkel, Trump, Salvini eta beste buruzagiak ez dira ongi etorriak Euskal Herrian», plataformako kideek diotenez. Datorren abuztuaren 24tik 26ra artean izango da G7koen bilkura, Miarritzen. Haien xedea «mundu kapitalista neoliberal eta heteropatriarkalaren sustraiak areagotzea» dela salatu dute martxaren deitzaileek, eta, horren aurrean, «desorekarik, klima katastroferik, gerlarik eta bortizkeriarik gabeko» mundu bat egin ahal dela aldarrikatu.

Hainbat eragile bildu da Miarritzeko manifestazioan; besteak beste Bizi, Amankomunak, LAB, EH Bai, Ernai, Aitzina eta Oldartu. 49 taldek osatzen dute G7 Ez! plataforma. Abuztuaren 19tik 26ra arte kontragailurra prestatu dute, eta Lapurdiko kostaldean eginen da. Atzoko ekinbidea, berriz, «giroa berotzeko eta deia zabaltzeko» antolatu zuten.

Egitarau aberatsa izan du manifestazioak. Gare du Midi biltzar jauregitik atera ondotik, Clemenceau plazan xingola gorri bat hautsi dute manifestariek. Hain zuzen ere, G7koen bilkuraren garaian zona gorriaren hasiera izango da plaza hori, segurtasun maila gorenekoa. Itsasoko etorbidetik ere ibili dira, hondartzan bildutako jende andana beha zutela. Sinbolikoki garrantzia daukaten bi lekutan ere gelditu dira: Palais hotelaren eta Herriko Etxearen aitzinean. Amaierako ekitaldia kasinoan egitekoa zuten, baina suprefeturak debekua eman die eta abiatu diren toki berean egin behar izan dute ekitaldia.

«Haserrea» adierazteko

Hartzea Lopez Arana Amankomunak sareko kidearen hitzetan, manifestazioa «aukera ona» izan da G7koei beren «haserrea» adierazteko eta «inposatu nahi duten mundua» onartzen ez dutela erakusteko. Mila moldez adierazi dute Miarritzeko manifestariek G7koen aurkako aldarria: G7 kanpora!; Errefuxiatuak ongi etorri; G7 suntsitu!; eta Herriak desegiten dituztenen aurka matxinatu irakur zitekeen pankartetan. G7koen aurpegien karikaturak eraman dituzte marraztutako banderoletan, eta bukaerako ekitaldian pintura gorriz betetako arrautzak bota dizkiete gainera.

Izaskun Goienetxea Askapenako eta plataformako kideak azaldu du «G7koak munduko desoreka guztien ordezkariak» direla. Aurten G7koek landuko dituzten tematiken artean desorekena dago, baina Goienetxeak uste du «jartzen duten maskara bat baizik» ez dela, eta ez dutela desorekak «leuntzeko asmorik».

Plataforma batzeko deia

Bukaerako ekitaldian, Attac taldeko kideek antzerki sarkastiko bat eman dute. Besteak beste, Miss Fukushimak hartu du hitza, eta munduan gertatzen diren hondamendiez aritu da. Oroitarazi duenez, «G7koek klimaren aldeko neurri izpirik ere ez dute hartzen larrialdi klimatikoaren aitzinean».

Abuztuko kontragailurrerako daten berri emateaz gain, datozen mobilizazioetara agertzeko deia zabaldu dute plataformako kideek. Hurrengo asteetan «desobedientzia zibil masiboak» sustatuko dituztela ere iragarri dute Hartzea Lopez Aranak eta Itziar Goenetxeak. Eta Euskal Herriko taldeak, sareak eta pertsonak plataformara batzeko gonbidatu dituzte, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.