Elkartasuna horiz jantzi da

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak giza katea egin du Plentziako eta Gorlizko hondartzetan. «Giza eskubideak errespetatuko dituzten migrazio eta harrera politikak» ezartzeko eskatu diete erakundeei

Marea Horian parte hartutakoak, loreak itsasora jaurtitzen hildako migratzaileen omenez. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak deituta, giza katea egin dute Plentziako eta Gorlizko hondartzetan (Bizkaia), jaioterria uztera behartuak izan ostean bizitza arriskuan jartzen duten milakapertsonak gogorarazteko, eta migratzaile horientzat harrera politika duinagoak eskatzeko. Marea horia gisa izendatu dute mobilizazioa, eta dozenaka lagunek hartu dute parte ekitaldian.

Mobilizazioa eguerdian hasi zen. OEEren zapi eta ikur horiak zeramatzaten manifestariek giza katea egin zuten atzo hondartzetatik Plentziako porturaino, eta Arkoteko arrapalatik plazara jo zuten. Han ekitaldi xume bat egin zuten hildako migratzaileak gogorarazteko, biolinaren doinuek lagunduta. Ohorezko aurreskua dantzatu zuten haien omenez, eta loreak jaurtiki zituzten itsasadarrera.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bi helburu zituzten mobilizazioarekin: alde batetik, «mundu osoan milioika pertsonak bizi duten errealitate gogorra agerian uztea»; eta, bestetik, gobernu eta erakundeei «giza eskubideak errespetatuko dituzten migrazio eta harrera politikak» har ditzatela eskatzea.

OEEren arabera, behartutako migrazioak «prozesu mingarriak» dira, migratzaileak jaioterria uztera behartuak izaten dira herrialde horiek «ekonomia, gizarte eta ingurumen krisi handiak» pairatzen dituztelako. Horren erantzule dira, nagusiki, «espoliatze politikak» aplikatzen dituzten «nazioz gaindiko enpresa handiak eta herrialde aberatsetako gobernuak, haien gobernuen onespen eta adostasunarekin».

«Euskal Herri abegikorra»

OEEk «Euskal Herri abegikorra» aldarrikatu du, eskubideduna, desberdintasuna aintzat hartuko duena eta «gero eta heterogeneoagoak diren gure gizarteak osatzen dituzten jatorri askotako pertsonekin eraikia».

OEEk gogorarazi du irailaren 30ean eta urriaren 1ean protesta ekitaldia egingo dela Bruselan, Europako Batasuna «heriotzak eragiten dituzten migrazio politiken erantzule gisa» salatzeko, eta Europako instituzioei eskatzeko migratzaileen giza eskubideak babes ditzatela: «Pozik ikusi dugu iheslari ukraniarrei emandako harrera aparta, baina uste dugu garaia dela neurri hori bera aplikatzeko migratzaile eta errefuxiatu guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.