Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

HIRU AUKERETATIK ZEIN AHALBIDETU

Eskuinen batasuna, zentsura mozioa onartu zuen gehiengoa edo PSOE-Ciudadanos batura; aukera horietako zein den bideragarria zehaztuko dute gaur Espainiako Gorteetarako bozek. Inkestek diote euskal herritarrek bigarren aukera babestuko dutela, baina PSOEren nahia izango da erabakigarria.
Espainiako Kongresua, beteta, iazko abenduan. Ganbera horretara doazen 23 euskal diputatu eta hamasei senatari aukeratuko dituzte gaur.
Espainiako Kongresua, beteta, iazko abenduan. Ganbera horretara doazen 23 euskal diputatu eta hamasei senatari aukeratuko dituzte gaur. ZIPI / EFE

Jon O. Urain -

2019ko apirilak 28
Bere hautsetatik berpiztutako politikaria; eskubideen inboluzioaren Pandoraren kutxa zabaldu nahi duten lidergo zaharrak eta berriak; eta zeruak konkistatu nahian, boterearen garretara gehiegi gerturatu eta erretako Ikaro morea. Espainiako sistema politikoak bizi duen egoera azal dezakete mito grekoek, eta gaurko bozek azaleratuko dute estatuko botere legegileak zenbateraino hartzen duen komedia edo tragedia greko baten jitea.

36 milioi lagun deituta daude gaur Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan botoa ematera; horien artean, 2,3 milioi euskal herritar. Madrilen, hiru jokaleku posible: 2018ko ekainean zentsura mozioa onartu zuen eta Pedro Sanchez Espainiako presidentetzara eraman zuen gehiengoa errepikatzea, eskuin nazionalista espainiarraren hiru indar politikoek gehiengo absolutua lortzeko adinako babesa izatea eta, hirugarrenik, bi bloke horien arteko erdibideko aukera: PSOE eta Ciudadanos ados jartzea. Hiru aukeretatik zeintzuk diren posible azaleratuko dute gaurko emaitzek, bloke bakoitzeko indar politikoen indar korrelazioaren arabera.

Indar korrelazio horretan, ziurtzat ematen da PSOEk izan dezakeela giltza. Hilotz politikoa zena suspertu du Sanchezek hilabeteotan, eta alderditik kanpo hautetsontzietan lortzen duen lehen garaipena izan dezake gaurkoa. Haren hazkundea zenbaterainokoa den eta noren kontura hazten den da gakoa: 2016ko bozetan Unidas Podemosi eta indar subiranistei babesa eman zieten herritarrak erakarriko dituen, edo Ciudadanosek eta PPk hutsik utzitako espazio moderatua bereganatzen duen. Hein batean, horrek baldintza ditzake bihartik aurrerako akordioak.

Emaitzak ikusteke, inkestek ziurtasun gutxi eskaintzen dituzte Madrilgo argazkiaz. Gauza bat da ziurra: euskal herritarrek, nagusiki, hiru ate horietatik bakarra ireki nahi dutela. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan jokoan dauden 23 diputatuetatik, ez dirudi PP-UPN-Ciudadanos-Vox laukoak lau baino gehiago lor ditzakeenik, eta, ez da espero Ciudadanosek ordezkaririk lortzea lau herrialdeetan. Aldiz, sintonia handiagoa egon daiteke euskal eta espainiar boto joeraren artean, PSOEk Podemos eta abertzale nahiz subiranistak aukeratzen baditu aliatu gisa; izan ere, PSOE, EAJ eta Unidas Podemosenak izan daitezke boto zaku handienak, eta bloke horri babesa ematearen alde agertu da EH Bildu ere.



Espainiako Gorteetarako emaitzei erreparatuta, lau indar politiko horiek nagusitu dira azken hamabost urteetan Hego Euskal Herrian. Nor bere koiunturarekin; Espainiako bozetan ohikoagoa da Espainia osoan aurkezten diren alderdiek emaitza hobeak izatea, eta hala erakutsi zuen, esaterako, Podemosek 2016an. Austeritate politiken aurrean, milaka herritarren sumindura kanalizatuko zuen eskaintza politiko bat egiten asmatu zuen alderdi moreak, eta babes zabala izan zuen Hego Euskal Herrian. Era berean, Jose Luis Rodriguez Zapaterorena aro oparoa izan zen PSOErentzat (2004-2011). Madrilgo atentatuen inguruan PPren gobernuak esandako gezurrek eraman zuten Zapatero gobernura, eta emaitza ikusgarriak lortu zituen 2008an Hego Euskal Herrian, 548.610 boto eta hamaika diputatu erdietsita. Indar nagusia izan zen, eta artean ez zegoen ezkerreko esparrua lehiatzen zion Unidas Podemosik. Krisi ekonomikoaren kudeaketak maldan behera jarri zituen sozialistak, eta progresiboki botoak eta diputatuak galdu dituzte azken urteetan Euskal Herrian, 2016an lau ordezkarirekin geratzeraino.

PP-EH Bildu lehia Araban

Beraz, argitu beharreko kontu nagusia da PSOEren susperraldia noraino ailegatuko den; gai izango den berriro ere Hego Euskal Herrian lehen indarra izateko. Urrun daude 2008ko emaitzak, baina 2016koak baina dezente hobeak espero dituzte.

Araban egongo da gaur iluntzeko beste arreta gune nagusietako bat, inkestek iragarri baitute lehia estua dagoela EH Bilduren eta PPren artean azken ordezkaria lortzeko. Aldeko plaza izan da orain arte Araba popularrentzat, baina subiranisten hauspoa nabari dute kolkoan, eta horiek mespretxatzean oinarritu dute kanpaina. Ez da diputatu huts bat; Bizkaian Ciudadanosek PPri kentzen dion boto kopuruaren arabera, gerta liteke popularrak ordezkaritzarik gabe geratzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Gipuzkoan ere lehia estua egon daiteke EH Bilduren eta PSE-EEren artean, bi horietatik nork lortuko bigarren eserlekua. Eta, Nafarroan, ikusmina dago Navarra Sumaren formulak izan dezakeen arrakastan, horrek eragina izan baitezake hilabete eskas barruko foru hauteskundeetan. Erantzun batzuk, gaur 20:00etatik aurrera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon O. Urain

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: