Koronabirusa

Edukierak, are mugatuago

Jaurlaritzak neurri gehiago iragarri ditu; besteak beste, bilerak sei pertsonatara mugatzea, elkarte gastronomikoak ixtea eta tabernen edukiera %50era jaistea. Egun gutxi barru sartuko dira indarrean

Elkarte gastronomiko bateko sukaldea. Jaurlaritzaren neurri berrien arabera, itxi egin beharko dute aldi baterako. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asenso Lozano
Bilbo
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak iragarri zituen atzo Eusko Jaurlaritzak, LABI aholku batzordeak egoera epidemiologikoa aztertu eta gero. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak batzordean adosturiko neurri berriak zerrendatu zituen: talde bilerak, arlo pribatuan zein publikoan, gehienez sei pertsonakoak izan ahalko dira (hamarrekoa da oraingo muga); %50eko edukiera ezarri du jarduera guztietan, hau da, ostalaritzan (terrazetan izan ezik), kultura ekitaldietan, zeremonia erlijiosoetan eta igogailuetan; ostalariek gauerdian itxi beharko dute, eta haurrentzako parkeak ezingo dira 23:00etatik aurrera erabili; jende elkartze handietan 400 pertsonako muga ezarri dute eremu itxietan, eta 600ekoa espazio irekietan; txoko eta elkarte gastronomikoetako jarduera debekatu du; eta kirol lehiaketa federatu gabeak bertan behera geratuko dira. Datorren astean sartuko dira indarrean.

«Kutsatzeen joera gorazkoa da, eta, aurreikuspenen arabera, gorantz jarraituko du. Zorrotzagoak izan behar dugu», adierazi du Sagarduik. Izan ere, azken egunotako positibo datuei begira, Biziberri II planean aurreikusitako bost egoeretatik laugarrenean dago Euskal Autonomia Erkidegoa, eta bereziki kezkagarritzat jo du Gipuzkoako egoera: bertan daude 841 kasu berrietako 430.

Sailburuak azaldu du hiru adierazle hartu dituztela kontuan laugarren agertoki hori ezartzeko. Batetik, hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa: «100.000 biztanleko 323koa da; altua da, baina ez da 500ekoa». Kutsagarritasun indizean bai, gomendatuko muga gainditu da: «Batetik gorakoa da; hau da, positibo bakoitzak pertsona bat baino gehiago kutsatzen du». Eta, azkenik, ZIUetan okupatutako ohe kopuruaz mintzatu da: «50 pertsona baino gehiago daude zaintza intentsiboetan, baina 620 ohe ere izan ditzakegu COVID-19 kasuetarako; oraindik badugu gaitasun ospitalarioa».

Neurri berriak datozen astean sartuko dira indarrean, «EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi eta gero», zehaztu duenez. Edonola ere, sailburuak ez du baztertu datozen egunotan bestelako neurri batzuk hartzea leku zehatz batzuetan mugikortasuna edo jarduera batzuk mugatzeko. Oraingoz, eskaera baino ez du egin.

Era berean, Sagarduik jakinarazi du Osakidetzak protokoloa eguneratu duela, eta test antigenoak egiten hasiko dela, «diagnostikoak azkarrago egiteko». Halaber, bakartze denbora hamar egunetara laburtzea ere jaso du bertan, nahiz eta azken asteetan indarrean izan den epe hori. Kasuak detektatzeko eta bakartzeak azkarrago abiatzeko ere aztarnarien sarea indartuko dute, beste 45 langile kontratatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.