Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea abiarazi du Osakidetzak, bere buruaz beste egiten saiatu direnen arreta eta jarraipena hobetzeko asmoz. Prozedura Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri, eta psikiatrak bere burua hiltzen saiatu den pazienteari sendagiria ematen dionean aktibatzen da. Horrekin, alerta pazientearen historia klinikoan ezartzen da automatikoki, eta erreferentziazko Osasun Mentaleko Zentroari eta Osasun Kontseiluari ematen zaie gertakariaren berri.

Behin alerta pazientearen historia klinikoan ezarrita, eta sendagiria jaso ondoren, gehienez 48 orduan Osasun Kontseiluko Erizaintzako profesional baten deia jasoko du pazienteak, haren egoeraren berri izateko, eta, behar izanez gero, laguntza emateko. Pazienteak beste bi dei jasoko ditu gutxienez, handik 15 eta 30 egunera. Horrez gain, sendagiria jaso eta gehienez hiru egunera, Osakidetzaren dei bat jasoko du, Osasun Mentaleko profesional batekin ordua lortzeko.

Suizidioa Prebenitzeko Euskadiko Estrategiaren barruan sartzen da prozedura hori, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemia ondorengo garaiko osasun mentalari buruzko dokumentu estrategikoan ere.

Osakidetzak suizidioarekin lotutako beste ekinaldi bat aurkeztu zuen: Osakidetzaren Osasun Eskola suizidioa prebenitzeko ikastaro bat antolatzen ari da. Online izango da, hiru ordu iraungo du, eta modulu teoriko bat eta lau kasu praktiko izango ditu.

Ikastaroa suizidio jokabidea izan dezaketen kolektibo kalteberekin harremanetan dauden profesional ez-sanitarioentzat eta sanitario ez-klinikoentzat izango da. Hartan, suizidio jokabidearen inguruko oinarrizko kontzeptuak azaltzen dira, hala nola gizarte eragileek arriskuan dauden pertsonak hobeto detektatzeko, eta hasierako laguntza emateko. Aurreikusten da aurten sei ikastaro egitea, eta bakoitzean 500 leku eskaintzea.

Esperientzia pilotua oinarri

250 lagunekin egindako esperientzia pilotu batean oinarrituta dago ikastaroa, eta Suizidioa Prebenitzeko Euskadiko Estrategiaren gomendioei jarraituta diseinatu dute. Osakidetzaren arabera, esperientzia pilotuakĀ«hobetuĀ» egin ditu bai profesionalek suizidioa prebenitzearen inguruan duten jakintza eta bai autokonfiantza ere.

Hain zuzen ere, Osasun sailburuak eman zuen atzo Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodearen eta ikastaroaren berri, Bilbon, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak antolatutako Osasun Mentaleko XII. Jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.