AHTaren aurka, elkar elikatuz

Araba Bizirik plataformako kideek AHTaren aurkako hiru eguneko nazioarteko kanpaldi batean igaro dute asteburua, Alpeetako Val di Susan. Araban dituzten beste ingurumen auzi batzuen berri ere eman dute.

AHTaren aurkako protesta, Val di Susan. BERRIA.
unai etxenausia
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduek indartsu jardun izan dute, eta ez bakarrik Euskal Herrian, baita Europa osoko herrialde askotan ere. Horren adibide da Alpeetako Val di Susa haraneko biztanleek, Turingo probintzian (Italia), urteetan egin duten borroka. Hiru hamarkada baino gehiago dihardute Lyon (Frantzia) eta Turin lotzeko eraiki nahi duten trenbide linearen aurkako borrokan. Ondorioz, AHTaren aurkako borrokaren nazioarteko ikur bilakatu da bailara. Horregatik, urtero legez, aurten ere nazioarteko kanpaldi bat antolatu dute asteburuan Venausen —Val di Susako udalerri bat— , Festival Alta Felicita lelopean. Araba Bizirik plataforma gonbidatu dute kanpaldira, besteak beste. EuskalHerrian AHTaren eta bestezenbait proiekturen aurka dauden mugimenduen berri eman dute.

1990eko hamarkadan abiatu zuten abiadura handiko linea bat eraikitzeko proiektua Val di Susan. Ordutik, haraneko eta Turin hiriko biztanleak No TAV mugimenduaren inguruan antolatu dira. Roberto Ruiz de Arkaute Araba Bizirik-eko kideari garrantzitsua iruditzen zaio esperientzia horiek gertutik ezagutzea, eta, aldi berean, abiadura handiko trenaren aurkako borrokak nazioartera zabaltzea: «AHTaren aurkako ikur bilakatu da Val di Susa. Horregatik, interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zaigu topaketa horietan egotea. Besteak beste, egiten duten lana eta gobernuaren aldetik jasaten duten errepresioa gertutik ezagutzeko».

Oro har, AHTaren aurkako Euskal Herriko plataformen antzerako argudioak erabiltzen ditu No TAV mugimenduak. Uste dute haranerako proiektatutako abiadura handiko linea garestiegia dela, eta Frantzia eta Italia arteko garraioaren kalitatea hobetzeko helburua ez duela betetzen. Horrez gain, pertsonen osasunaren gainean kalteak eragin ditzakeela argudiatzen dute. Hala ere, Ruiz de Arkauteren iritziz, «badaude ezberdintasunak, eta badago zer ikasi».

Hari horretatik tiraka egin du gogoeta plataformako kideak: «Beste ikuspuntu bat gehitu nahi diegu Euskal Herrian ematen ditugun hitzaldiei. Izan ere, nazioarteko borroka moduan ulertu behar dugu. Kanpaldian ikasten dugunak hemengoari indarra emateko balio behar digu». Horrek, gainera, «borrokarekin jarraitzeko motibazioa» areagotuko duela uste du.

Araba Bizirik-en ekarpena

AHTari buruz hitz egiteaz gain, Araban egin nahi diren «beste energia berriztagarrien proiektuek —parke eoliko eta fotovoltaikoek, adibidez— izan dezaketen inpaktuaz» ere hitz egingodute.

Finean, «bi gizarte dira, eta baliabideak ez dira berdinak», Araba Bizirik-eko kideak azaldu duenez, baina, ezberdintasunakezberdintasun, antzeko balioak dituzte: «Garrantzitsua da harremana mantentzen jarraitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.