Koronabirusa. Pobrezia

Etxerik gabe, bi aldiz itxita

Alarma egoeran ezarritako etxealdia traba handia da etxebizitzarik ez dutenentzat eta baztertuta bizi direnentzat. BERRIAk kontsultatutako adituen ustez, ezinbestekoa da zerbitzu sozialak indartzea.
Trinitariosko aterpetxean (Iruñea), protokoloak egokitu dituzte egunotan.
Trinitariosko aterpetxean (Iruñea), protokoloak egokitu dituzte egunotan. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2020ko maiatzak 10

«Gelditu etxean!', esaten digute, baina zer egin dezakete etxerik ez dutenek?». Etxegabeen eskubideen alde lan egiten du Beste Bi plataformak, eta hango kide da Joseba Gaya. Haren ustez, konfinamendua «pertsona ororentzako zaila» bada ere, zigor erantsia izan daiteke baztertuta dauden pertsonentzat: «Etxegabe batek ez du ia ezer, daukan ondasun bakarrenetako bat da kalean libre ibili ahal izatea eta ezagutzen duen jendearekin harremanak izatea. Askatasun apur hori ere kentzea oso latza da eurentzat».

Gayaren esanetan, egoera bereziki larria da diru iturririk ez eta mendekotasunak edo buruko gaitzak dituztenentzat. «Kolpe bakarrez, askok galdu dituzte sos batzuk lortzeko zeuzkaten aukera eskasak, eta, mendekotasunak zituztenen kasuan, euren dosia eskuratzeko bidea itxi diete. Kalean bizi diren pertsona askok, bestalde, buruko gaitzak dituzte, eta ez dute ulertzen zer gertatzen ari den».

Gisa bereko arazoak antzeman ditu Atherbea elkarteko zuzendari Pantxika Ibarburuk ere. «Herritarrei galdegin zaie euren etxeetan egotea, eta, ondorioz, haustura nahiko erradikala izan da prekaritate handian den jendearentzat». Ibarbururentzat, konfinamendua «oso zaila da» etxerik ez dutenentzat: «Kontraerran handia izan da. Gainera, legea aplikatzean, isunak emanak izan dira, pertsona horiek ez zirelako konfinatzen, aterperik ez zutelako». Pandemiak eztanda egin zuenean, «etxegabeen eguneroko beharrei erantzuten zieten egiturak itxiak» izan zirela salatu du Atherbeako zuzendariak: «Bai jateko, bai dutxak eta komunak… eta karrikan bizi direnentzat izan da abandonu sentimendu bat, dena moztu baita erradikalki. Tentsioa sortu zuen horrek».

Egoerari aurre egiteko xedez, hiru aterpetxe zabaldu zituzten Miarritzen, Baionan eta Angelun (Lapurdi), guztiak Atherbeak kudeatuta. «Iparraldean oso azkar jarri dira martxan hainbat egitura, karrikan bizi zen jendearentzat: lau egunez, bi egitura muntatu genituen, eta hirugarrena, ondoko astean».

Nafarroan ere handitu egin dituzte etxegabeak aterpetzeko azpiegiturak. Iruñean, esaterako, egokitu egin dute Trinitariosko orubeko aterpetxea, eta beste bat zabaldu dute Alde Zaharrean, Jesus eta Mariaren erromesgune zaharrean. Bi horiek kudeatzeaz arduratzen da Xilema fundazioa. «Bi programa dauzkagu: Iruñeko etxegabeak artatzekoa eta ibiltariei harrera egitekoa, neguan bakarrik», azaldu du fundazioko zuzendari Ruben Unanuak. «Pandemiak jo zuenean, Euskal Herriko eta Errioxa inguruko beste aterpetxeekin hitz egin genuen, elkarrekin koordinatzeko. Erabaki genuen, besteak beste, ibiltarientzako programa etetea, norbaitek birusa izatekotan barreiatu ez zezan. Erabiltzaile guztiei aukera eman genien bertan gelditzeko, larrialdi egoera bukatu arte». Egoera horretan dira ia 80 etxegabe Iruñean.

Unanuaren esanetan, zerbitzuko protokoloak eta betebeharrak ere berritu dituzte, COVID-19aren erronkari aurre egiteko: «Orain, ezinbestekoa da eskuak garbitzea eraikinera sartu aurretik, egunean hirutan neurtzen dugu erabiltzaileen tenperatura, otorduak bi txandatan banatu ditugu jendearen arteko distantziak handitzeko... Bakartze eremuak ere atondu ditugu, norbaitek koronabirusaren sintomak izanez gero, behar bezala artatzeko, PCR proba egin arte». Oraingoz, ez dute COVID-19 kasurik izan.

Errolda zehatzago bat

Beste Bi plataformako ordezkariak uste du Bizkaian administrazioek eskainitako baliabideak «oinarrizkoenak» izan direla. «Oro har, esan dezakegu lehen erantzuna egokia izan dela, nahiz eta herri batzuetan ez den onena izan. Oinarrizkoa eskaini dute: lo egiteko toki bat eta jan-edana, baina erantzunaren maila tokiaren eta baliabideen araberakoa izan da. Barakaldon, adibidez, frontoi batean hartu zituzten etxegabeak hasieran, eta gero, beste leku batera eraman zituzten, baldintzak ez zirelako oso egokiak». Gayaren irudiko, erakundeek «lezioa ikasi» beharko lukete: «Informazio asko jaso daiteke egoera honetan; besteak beste, etxegabeen errolda fidagarriago bat egin liteke, eta hori oso garrantzitsua izan daiteke etorkizuneko baliabideak prestatzeko garaian». Hain zuzen, zenbait udal hasiak dira jada etxegabeentzako zerbitzuetan galdetegiak egiten, datu basea eguneratze aldera.

Atherbea elkarteko zuzendariak ere uste du egunotan informazio zehatza jasotzeak «baliabideak handitzeko» balio behar lukeela. «Egun hauetan, ikusi ditugu tokiko errealitatean itzalean ziren errealitate batzuk; bereziki, prekaritatean daudenak nortzuk diren, eta zenbat. Udalak ohartu dira ez garela mintzatzen ari hamar, hogei eta 50 pertsonari buruz, baizik eta ehunka pertsonari buruz: 250 inguru dira Baionan eta Miarritzen bakarrik».

Ibarbururen ustez, gainera, konfinamendu garaiko datuak baliagarriak izan daitezke erakunde publikoek eragile sozialen iritzia aintzat har dezaten: «Guk bagenuen kalkulu bat zenbat jende zegoen karrikan, baina ofizialki ez da onartua izan; eta egun argirat pausatu da, eta gure kalkuluak onetsi dira. Guretzat nahiko positiboa da, errealitate hori ez baita gehiago zalantzan jarriko. Etxegabeentzako zerbitzuak oso gutxi direla, eta haiengana hurbiltzeko zailtasunak daudela onartuta ere, tresna sozialak eta gure elkarteen lana balioetsiak izan dira, inplizituki bada ere».

Izan ere, oraingo egoera bainoago, datozen hilabete eta urteetakoa da eragile sozialen kezka nagusia: COVID-19aren tsunamia igarota, zein izanen den azaleratuko den errealitatea. «Aspalditik zirkuitu hauetatik kanpo zegoen jendea agertu zaigu berriz ere, sosik gabe gelditu delako, eta hori kezkagarria da», ohartarazi du Gayak: «Egoera gogorrak azalduko zaizkigu aurrerantzean. Bada jendea aterpetxe batera joateko beharrik ez duena, baina oso egoera prekarioan bizi dena, alokairua partekatuz, adibidez. Beste askotan, indarkeria kasuak estaltzen ditu itxialdiak; batez ere, emakumezkoen kasuan: ohikoan aguantatuko ez zenukeena aguantatzen duzu, beste erremediorik ez duzulako. Egoera horiek hor daude. Bakan batzuk azaldu dira, baina azaldu ez direnak askoz gehiago dira».

Amildegiaren ertzean

Beste Bi plataformako kidearen iritziarekin bat dator Unanua ere. Haren irudiko, koronabirusak ez, osasun krisiaren ondorenak hondoratuko du gizartearen zati handi bat. «Etxegabeak prozesu baten ostean gelditu ohi dira kale gorrian, baina puntu horretara iritsi aurretik, hainbat gertaera traumatiko bizi dituzte: lana galtzea, gurasoak hiltzea, bikote harremana apurtzea, mendekotasun bat garatzea edo larriagotzea... Orain, COVID-19aren ondorioz, faktore horiek guztiak modu nabarmenean ari dira ugaritzen», azaldu du. «Jende anitz ari da diru iturri nagusiak galtzen eta, ondorioz, baita etxebizitza ere. Era berean, pertsona batzuen familia loturak eta sostengu sareak desegiten ari dira, gaitzaren eta konfinamendu luzearen eraginez. Jende asko dago baztertzeko arriskuan. Bada, horiek arriskuan egoteari utziko diote, eta zuzenean eroriko dira bazterketaren putzura».

Egoera horri buelta ematen hasteko bide bakarra baliabideak handitzea dela gaineratu du Ibarburuk. Haren ustez, beharrezkoa da, lehenik eta behin, «birgizarteratze prozesuak martxan jartzea», oinarrizko beharrei erantzuteko: «Aterpe bat, egoteko toki bat, eta horren inguruan, pertsonak egonkortzea, gizarteratze prozesua eramateko».

Oraintxe bertan, ozta-ozta ari dira Euskal Herriko erakundeak oinarrizko eskubide horiek bermatzen, baina, Ibarbururen esanetan, nekez lortuko dute ongizatea aurrerantzean bermatzea «baliabide sozialak murrizten badira».

«Zulotik ateratzea zaila da beti; are gehiago konfinamenduan, dena geldirik dagoelako»

Endika Uharte Etxegabea

Iazko abenduan esan izan baliote handik pare bat hilabetera etxegabeentzako aterpe batean itxita egonen zela, ez zuen sinetsiko. Endika Uharte iruindarrak (ez du hori benetako izena) 51 urte ditu, eta lehen aldia du halako gune batean. Urtarril bukaeran jo zuen zerbitzu horretara laguntza eske, eta han harrapatu zuen alarma egoeraren dekretuak. «Bitxia da hau guztia, ezta?», galdetu du, erretorikoki, egoera erabat asimilatu ezinik. Azaldu du izurritea eta itxialdia «garai txarrean» heldu zaizkiola, laguntza handiena behar zuenean: «Zulotik ateratzea zaila da berez, eta konfinamenduan, askoz gehiago: ezin duzu lanik bilatu, ezta alokairurik ere... dena dago geldirik, ez atzera ez aurrera».

Ez du bere egoera pertsonalaz xehetasunik eman nahi. Urtarrilean «bolada txar bat» etorri zitzaion: «Alokairuan nuen logela galdu nuen, eta, beste bat topatu aurretik, dena gaizki ateratzen hasi zitzaidan. Lanik gabe, dirurik gabe... hondoa jo nuen». Kale gorrian igaro zituen pare bat gau: «Urtarrila zen, eta hotzak akabaturik nengoen. Une horietan, sakelakoa zen neukan gauza bakarra, eta huraxe baliatu nuen: deika hasi nintzen, ea kontaktuetako batek laguntza ematen ahal zidan. Azkenean, aterpetxera jotzeko aholkatu zidaten. Ez nekien hau existitzen zenik ere. Ez nuen beharrik. Zertarako? Bizimodu normala neraman».

Aterpetxe publikoan, «tratu bikaina» eta «jende atsegina» topatu ditu Uhartek: «Oso ongi tratatzen gaituzte hemen, eta ezin naiz kexatu. Beti eskertuko diet hilabete hauetan eman didaten babesa».

Ohartarazi du, baina, alarma egoerak erabiltzaileen artean «panikoa» piztu duela, eta giroa gaiztotu dela. «Denetarik dago hemen: buruko gaitzak dituztenak, drogazaleak... Halakoen artean gehiago nabari da beldurra. Arau gehiago jarri dizkigute ateratzeko, sartzeko, bazkaltzeko... eta hori batzuek ez dute begi onez ikusten». Uharteren irudiko, «jende gaztea» ari da okerren moldatzen egoera berrira: «Nik 51 urte ditut, eta atzean utziak ditut garai horiek. Bizi beharreko esperientziak bizi izan ditut jada. Ez naiz hainbeste asaldatzen, eta barregura apur bat ematen didate halako egoera batzuek».

Argi du, hala ere, aterpetxeko bizitza epe baterako baizik ez dela. Adabaki bat: «Aterpetxea ezin da izan konponbide iraunkor bat. Oinarrizko-oinarrizkoa ematen dizute: ohea, jatekoa, beroa... baina hemen luzaroan egotea ezinezkoa da. Izan ere, bazterketa egoeratik ateratzen hasteko, bizitza planifikatu beharra dago, eta, hemen barruan, ezin da planik egin. Egunean-egunean bizi gara». Jadanik hasia da lana bilatzen, eta baikor da: «Gela bat alokatu nahi dut. Espazio propio bat duzunean has zaitezke bizitza antolatzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Verterri egotzi diote zabortegiko «ingurumen kalteen» erantzukizuna

Igor Susaeta

Eusko Jaurlaritzak ebatzi du Zaldibarko zabortegia kudeatzen duen enpresa dela lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan sortutako «kalte nabarmenen» erantzulea
Salvador Illa, atzoko bileraren ostean argibideak ematen. ©JESUS MORON / EFE

Izurriaren aurkako neurriak aski «gogorrak» direla esan du Illak

Arantxa Iraola

Eusko Jaurlaritza izan da estrategia gogortzeko eskatu duen gobernu autonomikoetako bat: nahi du 19:00etarako bertan behera uztea jarduera oro, eta 20:00etan kaleak hustea
Babestu elkarteak, pentsiodunek eta Muskizko egoitzako senideek atzo eginiko manifestazioa. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Abandonatuta sentitzen dira»

Ion Orzaiz

Bizkaiko zahar etxeetako egoera «dramatikoa» salatu dute Babestu senideen elkarteak eta pentsiodunen mugimenduak. Baliabide gehiago eta kudeaketa «gardena» eskatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.