Salatu dute osasun krisian espetxeetan ez dela osasuna lehenetsi

Kartzeletan pandemia nola kudeatzen ari diren aztertzeko, mahai inguru bat egin dute Iruñean, APDHA, Sirecovi eta Salhaketa taldeetako kideekin. Eskubide urraketak izan direla kritikatu dute

Jose Navarro, Francisco Fernandez eta June San Millan, Irati Jimenez moderatzailearekin batera. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
«Presoek eskubide urraketa asko pairatu dituzte osasun krisian; zer egin daiteke hori lehengoratzeko?». Galdera hori plazaratu zuten atzo SOS Presoak COVID-19 egitasmoak Iruñean egindako Espetxea eta COVID-19 mahai inguruan. Salhaketak, Sarek eta Etxerat-ek osatutako taldeak hiru solaskide bildu zituen, aztertzeko nola kudeatu den pandemia Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko espetxeetan: Francisco Miguel Fernandez, Andaluziako APDHA giza eskubideen aldeko elkarteko espetxeen arloko arduraduna; Jose Navarro, Sirecovi indarkeria instituzionalaren biktimak babesteko Bartzelonako Unibertsitateko erregistro eta komunikazio sistemako kidea; eta June San Millan, Nafarroako Salhaketako kidea.

Bakoitzak ertz batetik heldu zion gaiari, baina antzeko ondorioetara heldu ziren hirurak: segurtasuna osasunaren gainetik lehenetsi dela, ezarritako zenbait neurrik ondorio larriak izan ditzaketela presoengan, eta arauak modu «arbitrarioan» aplikatu direla, besteak beste.

Fernandezek Europan hartutako neurrien analisia egin zuen. Gogoratu zuenez, izurriaren hasieran, nazioarteko erakundeen lehen gomendioa izan zen zenbait baldintza betetzen zituzten presoak kartzelatik ateratzea, bereziki espetxealdi prebentiboan zirenak. APDHAko kideak emandako datuen arabera, Europan pandemiaren aurretik 500.000 preso inguru zeuden, eta 2020ko irailean kopurua %6 txikiagoa zen, neurria herrialdeka modu ezberdinean hartu bazen ere.

San Millanen ustez, Espainiako Estatuan presoak espetxeetatik ateratzeko neurria «bazterrekoa» izan da: «Ia 58.000 preso dira, eta 3.400 inguru atera dituzte». Era berean, bai San Millanek bai Fernandezek ohartarazi zutenez, orain prozesu hori iraultzeko arriskua dago: «errebote efektua» gertatzeko eta kartzeletako populazioa handitzeko.

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hartutako gainerako neurriei dagokienez, Fernandezek «presondegien blindatze» gisa definitu zituen: «Orokorrean, komunikazioak, bisitak, irteera baimenak eta tratamendu programak eten egin dira».

Murrizketa horiek «konpentsatzeko», presoei deiak maizago egiteko aukera eskaini diete, eta sakelakoak eman dizkiete. Fernandezen ustez, neurri horiek «baikorrak» dira, baina ezin dute ordezkatu aurrez aurreko komunikazioa, eta eragozpen handi bat dute: deiak oso garestiak direla eta preso gehienek ez dutela egoera ekonomiko onik.

Fernandezentzat, laburbilduz, «jendea giltzapetzera eta bertan edukitzera mugatu da espetxea». Hori dela eta, premiazko ikusten du presoek jasan dituzten eskubide murrizketak «lehengoratzeko» neurriak hartzea; baina ez du argi hori posible den: «Oraindik ez dugu eztabaida planteatu; berandu gabiltza».

Katalunian, antzeko joerak

Navarrok Kataluniako Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiaren kudeaketaren zertzelada nagusiak azaldu zituen: «Kataluniak osasun eskumenak izateak berekin ekarri behar luke kudeaketan arazo gutxiago izatea eta osasuna segurtasunaren gainetik lehenestea, baina hori praktikan ez da horrela».

Kataluniako presondegien kudeaketa Espainian ezarritakoaren «ia berdina» izan dela dio, eta gabezia ugari izan direla: «Besteak beste, maskara gutxi banatu dute; higiene falta izan da; zenbaitetan, presoak berak jarri izan dituzte garbiketa lanak egitera; kutsatutako presoen kasuan, funtzionarioek eman diete senideei presoaren osasunaren berri, telefonoz; eta bakartze baldintza gogorrei lotutako salaketa ugari izan dira».

Kudeaketa arazoen adibide gisa aipatu zuen 2021aren hasieran Mas d'Enric presondegian zen gizon bat astebetez egon zela sintomekin, baina ez ziotela inolako probarik egin, eta koronabirusak eragindako pneumoniagatik zendu zela. «Oso larria da».

Azkenik, San Millanek bakartze neurrietan jarri zuen begirada. Irizpide «orokorra» izan dela azaldu zuen: «Presoei, oro har, bakarraldia aplikatu zaie birusa zutenean edo birusa izan zezaketela susmatzen zutenean; baina baita bisean bisekoak izan edota baimenen batekin atera ondoren ere. Hori dena, kanporako komunikazioak mugatuak izan direnean; zeren 2020ko otsailetik gaur egun arte, presoak hogei hilabetez izan baitira aurrez aurreko bisitarik gabe, eta kristalaren bitarteko bisitak ere mugatuak izan dituzte».

San Millanen arabera, bakartzeko neurria, espetxean aplikatua, kanpoan ez bezala, «zigor neurri bat da berez»: «Bakartze horiek ez dira osasun arlokoak: presoa ziegan dago, eta espazio horrek ez du beharrezko baldintzarik bakartzea arrazoizkoa izan dadin». Hori dela eta, adierazi zuen ezen, konfinamenduaren garaian gizartean presoenganako «sentsibilitate pixka bat handiagoa» izan zen arren, ezin direla alderatu etxeko bakartzea eta espetxekoa.

«Hain da larria halako itxialdi batek presoarengan izan dezakeen eragina, ezen nazioarteko erakundeek askotan arautu baitute», jarraitu zuen. Preseski, NBE Nazio Batuen Erakundearen Mandela arauek espetxe bakartzerako gutxieneko baldintza batzuk jasotzen dituzte, eta San Millanek zerrendatu egin zituen: «Medikuen bisita jarraituak jasotzea; gutxieneko argia, higienea eta janaria edukitzea; edota bakarraldiak gehienezko denbora jakin bat izatea». Baina ez dira betetzen ari, eta horren arriskuaz ohartarazi zuen: «Bakartzea bereziki kaltegarria izan daiteke aldez aurretik osasun arazoak dituztenentzat, eta ez dira inolako azterketarik egiten ari: preso orori berdin aplikatzen diote».

Amaitzeko, Salhaketako kideak Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren jarrera laburbildu zuen: «Beti aplikatzen dituzte neurriak modu arbitrarioan, presoekkanpoaldearekin duten harremana murrizteko; eta badirudi pandemia beste aitzakia bat izan dela norabide horretan jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.