Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sarea aurkeztu dute

«Kapitalaren logikarekin eta zapalkuntza modu guztiak» amaitzeko erez aritu dira, Hernanin

Kongresuko hitzaldietako bat, atzo, Hernanin. GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sarea aurkeztu zuten atzo Hernanin (Gipuzkoa), helburu argi batekin: «kapitalismo patriarkala» gainditu, eta «kapitalaren logikak eta zapalkuntza modu guztiak» amaitzea. Urriaren 13tik 16ra bitartean egin dute nazioarteko Demokrazia Komunalaren I. Kongresua, eta atzo aurkeztu zuten hemendik aurrerako jarduerarako oinarri izan nahi duen ehundura.

Bakea Duintasunarekin elkarteak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz Gizarte Zientzietako ikerketa taldeak antolatu dute biltzarra, baina beste hainbat herrialdetako parte hartzaileak ere izan dira. Hain zuzen, Kurdistango, Argentinako, Brasilgo, Venezuelako, Italiako, Txileko eta Herrialde Katalanetako «espazio sozial eta politikoek» ere sustatu dute proiektua. Hiru egunetan, askotariko hitzaldi eta jarduerek osatu dute kongresua, eta mundu guztiko hizlarien parte hartzea izan dute: Silvia Federici, Raul Zibechi, Maite Arraiza, Dario Azzellini, Mirene Begiristain, Cira Pascual eta Oscar Garcia Jurado aritu dira, besteak beste.

Atzo arratsaldean egin zuten amaiera ekitaldia, eta bertan aurkeztu zuten demokrazia komunala sustatzeko nazioarteko sarea: «Artikulazio eta pilaketa politikoko gune hibrido» bat dela esan zuten: «Esparru soziopolitiko eta soziokultural desberdinen arteko sinergiak sortzeko gunea, elkarrizketan eta harremanetan jarriz gizartea».

Hala ere, argi daukate helburu hori lortzeko bidean ez direla hutsetik hasiko: «Kapitalaren aurkako indar kontrahegemonikoak, emantzipazio prozesuak planteatzen dituztenak, aktibo daude, baina koordinaziorik gabe». Ekitaldian adierazi zutenez, «hutsune bat» nabaritzen dute munduko erreferentzialtasunari dagokionez, eta «espazio politiko» horren gabeziak eragina du «indar emantzipatzaileek kapitalaren aldean duten gaitasun politikoan».

Demokrazia komunalaren tresna jarri dute mahai gainean hutsune hori betetzeko: «Tresna eta prozesu desberdinekin bete beharko da, dinamikoak eta irekiak izango direnak, baina, aldi berean, kapitalaren metabolismo sozialaren forma desberdinei hegemonia sinboliko, politiko eta materiala lehiatzeko behar bezain definituak eta unitarioak».

Zehazki, hiru zutabetan sostengatuko da luzatu duten proposamena: «Herri demokrazia, herrien erabateko subiranotasuna eta proposamen internazionalista». Gaineratu dute, guzti hori «logika komunal» batetik abiatuta gauzatu beharko dela.

Azaldu dutenez, bi mailatan gauzatzeko prozesua da: modu globalean alde batetik, eta maila nazionalean gero, «ekoizpeneta erreprodukzioaren subiranotasunaren oinarriak finkatzeko». Hala ere, zehaztu dute «nodonazionalak» ez duela bat etorribehar estatuen mugekin, «kidetasun historikoaren, antropologikoaren, kulturalaren eta politikoaren arabera» definituko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.