Legebiltzarraz, barrenetik

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde nagusietako bost legebiltzarkide elkartu ditu EHUk, parlamentuaz gogoeta egiteko. Mugarriak eta erronka nagusiak izan dituzte hizpide.

Juan Mari Gastaca, Carmelo Barrio, Eba Blanco, Joseba Egibar eta Iñigo Martinez, atzo, Miramar jauregiaren kanpoaldean. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak azken berrogei urteotan zer mugarri izan dituen, egun zer egoeratan dagoen, eta etorkizunera begira zer erronka dituen. Horiexek aipatu zituzten atzo EHUko uda ikastaroen barnean Donostiako Miramar jauregian antolaturiko azken mahai inguruan. Beste berrogei urtera bidean: Eusko Legebiltzarraren indarguneak eta ahulguneak zuen izenburua solasaldiak, eta horiei buruz galdetu zien Juan Mari Gastaca kazetari eta moderatzaileak mahaian bildu ziren legebiltzarkideei. Ezkerretik eskuinera jarrita, Iñigo Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea, Joseba Egibar EAJkoa, Eba Blanco EH Bildukoa eta Carmelo Barrio PPkoa aritu ziren solasean, eta Eneko Andueza PSE-EEkoa, berriz, bideokonferentziaz. Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea ere parte hartzekoa zen, baina, Eusko Legebiltzarrean bertan egin beharreko lanagatik, ezin izan zen joan, Gastacak jakinarazi zuenez.

Guziek izan zuten presente gauza anitz aldatu direla azken berrogei urteotan, hala euskal gizartean nola politikagintzan; eta, ondorioz, baita legebiltzarrean ere. Blancok, erraterako, EH Bilduk legebiltzarrean parte hartzeko aukera edukitzea bera jarri zuen mugarri nagusi gisa: «Duela bederatzi urte, aro politiko berri bat ireki zen, eta urteetan legez kanpo egondako indar politiko batek legebiltzarrean sartzeko aukera izan zuen 2012an». Aldaketa handitzat jarri zuen hori Blancok. Bertzeek ere egin zioten erreferentzia aldaketa politikoari, baina bertze ertz batzuetatik helduta. Barriok ETAren jarduerari egin zion erreferentzia, erraterako: «Niretzat askatasunarena da mugarri garrantzitsuena: terrorismoa garaitu ahal izatea. Urte asko pasatu ditugu mehatxupean, bizkartzainekin, eta horrek eragina izan du gure jardunean. Batzuek euren bizitza sakrifikatu zuten legebiltzarrean aritzeagatik». Egibarrek gogoan izan zituen hildako Enrique Casas, Santi Brouard, Gregorio Ordoñez eta Fernando Buesa legebiltzarkideak, eta Anduezak ere egin zion garai hari keinua: «Politika modu ezberdinean egin dezakegu orain. Urte askoan ezin izan zuten bakean lan egin; sosegua ekarri digu».

Egoera politikoa ez da izan legebiltzarkideen ustez aldatu den bakarra, ordea. Gehienek nabarmendu zuten, erraterako, Eusko Legebiltzarrean aurrera eramandako proposamenek izan duten ibilbidea. Martinezek aipatu zituen, adibidez, 1992ko Hezkuntza Legea, herri ekinaldi legegileak aurkezteko aukera eta etxebizitza politikan egin diren aitzinamenduak, baita garapenerako lankidetzarako legea ere: «Ezker federalistarentzat mugarri garrantzitsuak izan dira». Egibarrek osasuna, hezkuntza, «gizarte babesa» eta euskara izan zituen hizpide: «Horiek ematen diote herri honi bizkarrezurra. Egokitu da eredu sozial bat, oso aurrerakoia». EAJko ordezkariaren arabera, pauso horiek «erakusten» dute «autogobernuaren balioa»: «Baina horrek ez du esan nahi konformatu behar dugunik». Autogobernuan aurrera egitea jarri zuen erronka gisa, eta eskumen gehiago lortzea. Blancok ere azpimarratu zuen «agortuta» dagoela Gernikako Estatutua: «Alarma egoerarekin gertatu dena da adibidea».

Batak zein bertzeak ezin izan zuen saihestu koronabirusaz hitz egitea. Barrio PPko legebiltzarkideak, erraterako, nabarmendu zuen COVID-19a baldintzatzaile izanen dela legebiltzarreko lanean bertan: «Erronketako bat izango da testuinguru honetan ere legebiltzarrak bere jarduerarekin segitzea».

Herritarrak, urrun

Eusko Legebiltzarraren gaur egungo jardunaz galdetuta, buruhauste bat izan zuten denek ahotan: nola hurbildu legebiltzarra herritarrengana. Martinezek jarri zuen arazoa mahai gainean: «Legebiltzarra sistema politiko baten barruan dago, zeina legitimitate krisian dagoen, gainerako instituzioak bezala. Azken hauteskundeetako abstentzioa ez zen izan soilik koronabirusaren ondorio». Parte hartzeko modu berriak irekitzeko beharra azpimarratu zuen Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Anduezak bat egin zuen Martinezekin, eta osasun eta ekonomia «krisiekin» lotu zuen legitimazio galera: «Erronketako bat da gizarteak tresna erabilgarri eta beharrezko gisa ikus dezala legebiltzarra». Blancoren ustez ere bai: «Badago gizartean jendea zinez interesa duena, baina beste askok ez dakite zer egiten dugun, eta ez dira kontziente dugun tresnaz».

Hurbiltze saio horretan komunikabideek duten eginkizunaz ere hitz egin zuten legebiltzarkideek. Izan ere, solasaldiko parte hartzaileek nabarmendu zuten gero eta kazetari gutiago joaten dela legebiltzarrera, eta zaila egiten zaiela parlamentuan egiten diren proposamen ugari herritarrengana helaraztea. Horren ardura nork duen, hor izan zuten eztabaida: komunikazioaren munduko aldaketek ala politikariek? Barriok aipatu zuen kazetaritza bera aldatu dela, baliabide faltagatik: «Komunikabide handi batean, adibidez, 29 kazetari zeuden lehen honetara, eta orain bi baino ez». Blanco: «Sarri kazetariek esklusiba iturri gisa soilik hartzen gaituzte». Anduezak eta Martinezek nabarmendu zuten sare sozialek ere aldatu dutela komunikatzeko modua. Egibarrek politikaren aldaketetan jarri zuen fokua: «Ardura nagusia politikan dago. Duela urte batzuetatik hona, politika asko gogortu da: oso zurruna da. Hauteskunde kanpainak antolatzen dira telebista platoak izango balira bezala; hanka ez sartzea da helburua. Naturaltasuna galdu egin da; lehen iritsi egiten zen herritarrengana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.