«Etxerako bidea gerturatzeko» jaialdi bat eginen dute urriaren 8an

Sareren urteko «mobilizazio handiena» izanen da, eta Donostian eginen dute. Manifestazio bat eta musika jaialdi bat uztartuko dituzte

Sareko kideak, atzo, Illunberen kanpoaldean, Donostian. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
«Irribarre egiten hasi nahi dugu», adierazi zuen Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak atzo Illunben egin zuten agerraldian. Eta, horretarako, aldarrikapena eta besta uztartuko dituen egun bat prestatu du euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak urriaren 8rako. Izan ere, Sarek uste du «bateragarriak» direla presoen egoeraz ohartaraztea eta «giro ona». Etxera bidea, gertu lelopean, manifestazio bat eta musika jaialdia eginen dituzte Sareren aurtengo «mobilizaziorik handienean».

Egun horretan emanen dute bukatutzat Sarek bere buruari jarritako hiru milioi pasatxo kilometroko erronka. Izan Bidea dinamikaren bidez, hain zuzen, asmoa zuten «Euskal Herrian dauden biztanle beste kilometro egitea» euskal presoen eskubideen alde, eta urriaren 8ko egunean eginen dituzte azken kilometroak, goizez, Bulebarrean. Ondotik, manifestazio «koloretsua» eginen dute, 12:00etan Pio XII plazatik hasita, eta 15:30ean musika jaialdia, Illunben: bertzeak bertze, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza, Dupla, Rotten XIII eta Trikidantz taldeak igoko dira oholtza gainera, eta haurrentzako gune bat ere jarriko dute —Porrotx izanen da gune horretan—. Jatekoa eta edatekoa eskainiko dute, eta goizaldera arte luzatuko da besta.

Elkargune bat sortzea izanen da Sareren helburua: «Urte luzeetan urruntze politikaren amaiera eskatu duten pertsona guztiak elkartu nahi ditugu, astiro-astiro politika hori desagertzen ari baita». Azpimarratu dute, halere, oraindik ere badela bidea egiteko, euskal preso guztiak ez baitaude Euskal Herriko kartzeletan, eta gehienek trabatua baitute gradu progresioan aitzinera egiteko bidea: «Salbuespeneko espetxe politika oraindik ere arau da euskal presoen kasuan».

4.000 lagun elkartuta

Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez, herenegun 4.000 lagun elkartu ziren herrietan hileko azken ortziralarekin eginiko elkarretaratzeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.