Bidea zaildu egin da Bilbobusen

Akordio bat lortu ezinean dabiltza langileak eta zerbitzua daraman enpresa. Beharginak lanuzteak egiten ari dira, eta, arazoa konpondu ezean, greba iraunkorra hasiko dute hilaren 21ean.

Gutxieneko zerbitzuak martxan, asteon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun

Bide malkartsua eta ezegonkorra izan dute Bilbobuseko langileek azken hilabeteetan; abenduaren hasieratik lanuzteak egiten ari dira, eta akordio bat onartu arte horrela jarraitzeko asmoa dute. Urtarrilaren 7an, 10ean, 14an eta 17an zortzi orduz utziko diote lan egiteari —7:30etik 11:30era eta 17:30etik 21:30era—. Akordiorik lortu ezean hilaren 21etik aurrera greba iraunkorra egingo dutela iragarri dute langileek. Auzi honetan ELA, LAB, UGT, CCOO eta USO sindikatuak dira beharginen ordezkariak.

Autobus zerbitzuaren azken lan hitzarmena 2017 amaieran iraungi zen, eta hori berritzeko hainbat eskaera egin dizkiote langileek zerbitzuaren jabeari, Beobide enpresari: besteak beste, murrizketak amaitzeko, lanean egindako aparteko orduak berreskuratzeko modua hobetzeko, behin-behinekotasuna nola kudeatu behar den zehazteko, eta segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko. Jose Fernandez UGTko ordezkariak azaldu du «asko luzatu» den egoera bat «bere onera ekarri» nahi dutela lanuzteekin eta mobilizazioekin.

Lan baldintzak hobetzeko asmotan, iazko apirilean sinatu zuten lehen aurreakordioa UGT eta USO sindikatuek Beobiderekin, baina ez zuen aurrera egin. Izan ere, langileen batzar orokorrak ez zuen onartu hitzarmen horretan adostutakoa, eta negoziazioekin jarraitzea erabaki zuten. Antzeko zerbait gertatu zen abenduaren amaieran; UGT, CCOO eta USO sindikatuek onartu zuten hitzarmena, baina beharginek berriz bota zuten atzera. Aitor Bilbao CCOOko ordezkariak azaldu du abenduko hitzarmena apirilekoa baino «askoz zehatzagoa» zela, batez ere eskaera «sozialei» zegokienez. ELAk eta LABek, ordea, kritikatu egin zuten akordioa, adieraziz ez zela «nahikoa». Besteak beste, sindikatu horiek salatu zuten hitzartutakoak ez ziola heltzen behin-behinekotasunaren arazoari. Langileek izan zuten azken hitza, eta ezezkoak irabazi zuen; 208 boto akordioa sinatzearen aldekoak izan ziren, baina gehiago ziren aurkakoak; 233, hain zuzen ere. Bilbaok azpimarratu du beharginak «banatuta» daudela, eta emaitzetan ez dagoela «alde nabarmenik». Hala ere, bozketako iritziak kontuan hartu eta langileen eskubideen alde borrokatzen jarraituko dutela azaldu du.

Udalari ekintza eskean

Fernando Batana LABeko ordezkariaren iritziz, gatazka bideratzeko «oinarrizkoa» da Bilboko Udalaren laguntza: «Enpresarekin batera, arduradun nagusia da. Agian ezin dezake irtenbidea eman, baina, gutxienez, enpresari eskatu beharko lioke negoziazioetan parte hartzeko». Gaizka Miguel ELAko ordezkariak adierazi du gatazkaren «arduradun nagusia» udala dela: «Zerbitzuaren kalitatearen erantzulea da, baita lizitazioak ematen dituena eta finantzaketa publikoa eskaintzen duena ere». Hala ere, udala «desagertuta» dagoela uste du Miguelek. CCOOeko ordezkariaren iritziz, berriz, udalak ez luke negoziazioetan sartu behar, baina bi aldeen arteko harremanak «bultzatu» beharko lituzke. UGTko bozeramaileak berretsi du beharginek eta enpresak dutela egiteko garrantzitsuena.

Langileek eta sindikatuek oraindik ez dute enpresaren berririk izan, eta ez dago berriz batzeko data jakinik. LABeko ordezkariak, gainontzeko sindikatuetako kideek bezala, adierazi dute berriz biltzeko «deiaren zain» daudela. ELAk gaineratu du «jauzi kualitatibo» bat egin nahi dutela lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean. Hala ere, UGTk azaldu duenez, negoziazioa «hasierako puntuan» dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.