Euskarak babes juridikoa behar duela azaldu du Uemak

Villabona-Amasa eta Zizurkil gehituta, egun 90 udalerri euskaldunek osatzen dute. Orain arteko bide «aitzindaria» nabarmendu du

Atzoko batzarrean, Iñaki Arregiri omenaldi bat egin zioten. MAIALEN ANDRES / FOKU.
joxerra senar
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Villabona-Amasako Gurea antzokian ospatu zuen 30. urteurrena, atzo. Tokia espresuki aukeratua izan zen. Villabona-Amasa eta Zizurkil (Gipuzkoa) izan dira elkartera batu diren azken bi udalerriak, eta 90 udalerrik osatzen dute gaur egun Uema. Guztien artean, 266.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatzen dute. Atzoko «egun berezian», Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak azpimarratu zuen hiru hamarkadatan mankomunitateak bide «urratzaile eta aitzindaria» egin duela. Halaber, euskarak babes juridikoa behar duela azaldu zuen.

1991ko maiatzean sortu zen mankomunitatea, Aizarnazabalen, eta batzarrean, Iraitz Lazkanorekin batera, aurreko sei lehendakariak izan ziren: Antton Iztueta, Kontxi Gabantxo, Mikel Illarregi, Jon Bollar, Maren Belastegi eta Josu Labaka. Halaber, erakundeetako zein euskalgintzako ordezkaritza zabala izan zen; hala nola Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendaria eta Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakaria.

Ospakizun berezia izaki, Iñaki Arregi omendu zuten, «Uemaren sortzaile, bide urratzaile, koordinatzaile eta arima» izan zelako. 2010ean hil zen, eta lore sorta bat eskaini zioten Graxi Arregi alabari. «Hik ereindakoa uzta ederra ematen ari duk», esan zioten. Halaber, Karmele Aierbek ezin izan zuen bertaratu, osasun arazoengatik, eta hari ere hitz beroak zuzendu zizkioten.

Paul Bilbaok Kontseiluko idazkari nagusiak urteotan egindako ekarpenagatik zoriondu zuen Uema. «Finean, arnasguneetan bizi ez garen euskaldunontzat, ikusgarri egiten duzue euskaraz normaltasunez bizitzerik badagoela», esan zuen.

Iraitz Lazkanoren hitzetan, urteotan herritarren kontzientziazioa eta ahalduntzea «oinarrizko zeregin» bihurtu dira Uemarentzat. Dena den, babesteko neurrien eta legearen beharra aldarrikatu zuen. «30 urte eta gero, inguruko erdara nagusiek, epaileen eta botere faktikoen indarrarekin, apal eta bigarren mailako herritar nahi gaituzte». Euskara indartzeko neurriak behar direla uste du. «Euskararen ekosistema osoa elikatuko duen egiturazko erabakiak behar ditugu orain, urte askoan egin dugun bidea eta lana benetan lora dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.