Euskara batuak 50 urte. Arantzazuko biltzarra

Belaunaldi berriei so

Euskara batuaren aldeko adierazpenak itxi du Euskaltzaindiaren biltzarra: kezka agertu dute batuaren inguruko iritziekin. Transmisioa ezinbestekotzat jo dute, belaunaldi berriek berena egitea batua

Joan Mari Torrealdaik aurkeztu zuen batuaren aldeko agiria. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Arantzazu
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Egindako bideari bai, baina batez ere etorkizunari erreparatu nahi izan diote Euskaltzaindiaren hamazazpigarren biltzarrean: euskara batuak zer erronka dituen. Euskara batuaren adierazpena sinatuta amaitu da Arantzazuko kongresua, eta etorkizunari begira jarri dira dokumentu horretan ere: transmisioari heldu diote. Kezka agertu dute euskara batuari buruz zabaltzen ari diren aurreiritzi ezkorrekin, eta estandarizazioak ekarritako aurrerabidea goraipatu dute: «Euskaldun oso izateko modua ekarri digu euskara batuak». Erronkatzat jarri dute sortutako oinarria belaunaldi berriei transmititzea: «Haiei dagokie eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea».

Hiru eguneko kongresua egin du Euskaltzaindiak Arantzazun. Oraintxe dira 50 urte 1968ko biltzarra egin zutela; euskara batuaren oinarria jartzeko bilkura nagusia izan zen. Horregatik bildu dira Arantzazun, 1968an bezala. Ekitaldia ixteko, familia argazkia egin zuten atzo; euskaltzainekin batera izan ziren erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak.

Euskaltzaindiaren adierazpena izenpetu baitute erakundeek eta eragile sozialek ere. Instituzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek; euskalgintzatik, dozenaka eragilek —tartean, Kontseiluak, Topaguneak eta BERRIA Taldeak—; baita hezkuntzako eta kulturaren esparruko beste eragile batzuek ere. 36 erakundek babestu dute. Joan Mari Torrealdai euskaltzainak aurkeztu zuen adierazpena atzo.

«Bidegileak» gogoan

Hamar puntuko agiria da. Lehen zatian, batua sortzeko prozesuan parte hartu zutenak dituzte gogoan, «bidegile» izan zirenak: «Horiek ahalbidetu dute euskara batua moldatzea, aniztasunaren eta adostasunaren ikuspegitik». Izatez, Arantzazuren aurretik egindako batzarrak gogoratu dituzte dokumentuan; tartean, Baionan 1964an egindakoa. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan zuen bultzatzaile Baionako saioak, eta ekitaldi hasierako bideoan aipatu zuten Txillardegiren izena. Kontuan izateko keinua da; joan den astean Arantzazun plaka bat jarri zuten Txillardegi oroitzeko, eta keinu publiko bat egiteko eskatu zioten Euskaltzaindiari.

Beste keinu bat egin zuen akademiak atzo. Luis Villasante euskaltzain zenaren mahaian sinatu zuten adierazpena —Arantzazuko fraidea zen Villasante, eta batua sortu ostean izendatu zuten euskaltzainburu—; Jorge Oteizaren Misterioa eskulturaren erreplika bat jarri zuten mahaian, artistak Arantzazuko fraideei emana —horrela goraipatu zuten frantziskotarrek euskararen alde eginikoa—.

Beste goraipamen bat ere bada adierazpenean: euskaldun berriak eta batuaren bidez euskaraz alfabetatu direnak. Batua «osatu eta osotu» dutela goraipatu diete.

Dokumentuaren bigarren zatian, berriz, kezka agertu du Euskaltzaindiak. Kezka, euskara estandarrari buruzko iritziekin. Batez ere belaunaldi berriei begira jarri da, batua berena egin dezaten, «arrotz» senti ez dezaten, eta «belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin» erabil dezaten. Tokiko hizkerei eta batuari egin die zeharkako aipamena: guztien egitekoa dela batua bultzatzea, «zubi» izatea, «nork berea duen euskaratik abiatuta».

Gai horrekin lotuta, hain justu, «zenbait iritzi eta jokamolderekin» kezka agertu dute agirian. Batuari buruzko aurreiritziei buruz ari dira: plastikozkoa dela, artifiziala... Hedatuta daude gisa horretako iritziak. Kontrara, Euskaltzaindiak defenditu du batuaren bidez aurrera egin duela euskarak, elkar ulertzea erraztu duela. «Begirunea zor zaio horri».

Erabilera erraztu

Euskara batua nola bultzatu, koordinazioa eskatu du akademiak, eta horretan diharduela esan du: «pedagogiaz eta konpromisoz» ari dela, «ez goitik beherako ezarpena» eginez. «Euskaltzaindiak zerbitzua eman behar dio gizarteari, eta euskaldunengandik jasotzen duena euskaldunei itzuli». Horretarako urratsak egiten ari dela azaldu du; adibidez, «jarduna eraberritzen» ari dela gizartearen beharrak egoki asetzeko.

Erabileran ikusten du indarra egin beharra akademiak, lagundu egin behar dela: «Begien bistakoa da erabilera horri bidea erraztu behar zaiola, gaur egun gero eta zabalagoa baita euskara batuaren presentzia Euskal Herriko herrialde guztietan». Lan horretan erakundeekin eta euskalgintzako eragileekin «batera» aritzeko konpromisoa hartu du Euskaltzaindiak adierazpenean.

Euskara batuaren oinarria sendo jarri da hamarkada hauetan, kongresuan nabarmendu dutenez. Hala ere, agirian ohartarazi dute euskara batuaren «aitzinamenduan» jarraitu beharra dagoela, aurrerantzean ere «lanabes baliagarria» izan dadin hiztunentzat, batik bat idatzirako eta mintzaera formalerako. Orain arteko bidea jarri dute oinarritzat: «Hurrengo belaunaldien eskuetan jarri behar dugu ondare hori».

«Akademia bizia nahi dugu, irekia eta zerbitzu emailea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.