Harrotasunak aurrez aurre

Harro plataformak egindako deialdiari erantzunez, ehunka pertsonak Bilboko kaleak bete dituzte EPOAren batzarra salatu eta LGTBI mugimenduaren despolitizazioa kritikatzeko.

Jai giroan eta aldarrikapenen oihu artean egin zuten manifestazioa, atzo, Bilboko kaleetan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
LGTBI kolektiboaren harrotasuna ulertzeko bi moduk talka egin dute asteburu honetan Bilbon. Horren lekuko izan zen atzo hiriburuko kaleak zeharkatu zituen Harro ez da Pride. EPOAren bileraren aurrean, borrokak darrai leloarekin egin zen manifestazioa. Harro Euskal Herrietako Transmaribibollo plataformak deituta, European Pride Organisers Association-ek (EPOA) hirian egindako bileraren aurka mobilizatu ziren ehunka pertsona. Bilera horretan, Europride jaiaren 2022ko egoitza zein izango den erabakitzekoak ziren: LGTBI kolektiboaren Europako harrotasun eguna non egin erabakitzekoak, hain zuzen. Bilera horren aurkakoa izan zen Harrok deitutako manifestazioa, deitzaileen ustez «normatiboa» delako eta «gizon zuri eta boteretsuak bakarrik defendatzen» dituelako. Bea Macis plataformako bozeramaileak bilera hori Bilbon egitea kritikatu zuen.

2022ko harrotasun egunaren hautagaien artean ez dago Bilbo, baina 2023rako aurkeztu ala ez erabakitzen ari da Ortzadar elkartea. Harrok haien aurkako kritikak egin zituen, Europridek LGTBI kolektiboaren «borroka despolitizatu eta edukiz husten duelako, eta marka huts bihurtzen». Alegia, kolektiboaren eskubideen defentsa «etekinak ateratzeko» baliatzen dutela kritikatu zuen Macisek. Horregatik, manifestazioan oihukatu ziren aldarrikapen eta kantuetan Ortzadar elkartea gogoan izan zutenbehin eta berriro. Harrotasuna ulertzeko bi eredu aurrez aurre egon ziren; ideologia ikuspegitik, baina baita fisikoki ere. Izan ere, EPOAren batzarra Euskalduna jauregian egin zen, eta Harrok deitutako manifestazioa han bertan amaitu zen. Arriagako plazatik abiatu zenetik, Europride jaiaren aurkako oihuak behin eta berriro errepikatu zituzten. «EPOA entzun, ez zara lagun», «harrotasuna ez dago salgai», «borrokan gaude libre izan arte» edo «kapitalaren aurka, elkartasuna» gisako leloak aukeratu zituzten manifestariek.

Elkartasun deialdia

Antolatzaileek garrantzi berezia eman zioten elkartasunaren gaiari, eta ez zen gutxiagorako; izan ere, eragile sozial, sindikal, eta alderdi politiko ugariren babesa izan zuen deialdiak. Denera 153 eragilek eman zioten atxikimendua mobilizazioari. «Asko berotzen gaitu atxikimendu sorta horrek; borroka ugarik bat egin dugu, eta elkartasun honek jarraipena izango du», Macisen arabera. Goizean Bizkaiko metaleko langileen mobilizazioarekin bat egin zuten Harroko kideek, eta, arratsaldean, metalekoek euren deialdiarekin bat egin zuten. «Herri borroken elkartasuna» nabarmendu zuten.

Manifestazio amaieran irakurritako adierazpenean ideia hori ozendu zuten: «Talde bakartu bat garela esaten diguten hurrengoan, Bilbao Bizkaia Pride eta haren inguruan kokatzen diren komunikabideei gezurrez betetako ahoak itxiko dizkiegu».Mugimendua babestu duten eragileei eskerrak emanda, «etsai komun bat» dagoela gogorarazi zuten, eta «horren aurka sareak ehuntzen» jarraituko duela aldarrikatu. «Kapitalaren abusuen aurrean, erantzuna klase elkartasuna da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.