Tren sozialak 50 geltoki lotuko lituzke, eta AHTak, berriz, bost

AHTaren proiektuak tren sozialarenak baino 1.954 milioi euro gehiago balio du

Burgosko, Arabako eta Nafarroako tren sozial baten aldeko plataformen agerraldia, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Tren publiko eta sozialaren proposamenak Atlantikoko trenbide ardatzean jada martxan dauden, eraikuntza fasean dauden edo azterketa fasean dauden proposamenez bertzelako trenbide aukera bat planteatzen du. Izan ere, Garraioetako Ministerioak martxan jarri duen planteamendua abiadura handiko trenaren bezeroendako planteatuta dago, eta ez du kontuan hartzen merkantzien garraioa. 4.328 milioi euroko kostua izanen luke, tren sozialaren alternatibak baino 1.954 milioi euro gehiago. Gainera, apenas dago desberdintasunik bidaien iraupenean: tren sozialak hamar minutu gehiago beharko lituzke Burgos (Espainia)-Gasteiz ibilbidea egiteko, eta zortzi minutu gehiago Gasteiz-Iruñea bidaiarako.

Tren publiko eta sozialaren ereduak, bertzeak bertze, eremu konplexuenetarako alternatibak planteatzen ditu, erakutsiz teknikoki eta ekonomikoki posible dela leku horietan bertze modu batera lan egitea. Hala, proiektuaren sustatzaileen erranetan, beren planteamenduak 50 geltoki lotuko lituzke, eta AHTarenak, berriz, bost hiri soilik Gasteiz, Iruñea, Burgos, Miranda Ebro (Espainia) eta Castello (Herrialde Katalanak).

Proiektu alternatiboa babesten duten Nafarroako, Arabako eta Burgosko zenbait plataformak agerraldia egin zuten atzo, Gasteizen. Bertan, txosten bat aurkeztu zuten, zeina plataformen eta Renfe eta Adif enpresetan ordezkaritza duten sindikatuen akordioen emaitza den. Dokumentua Kimetz Munitxa, David Andres Barandica eta Ignacio Rubin Orozco bide, ubide eta portuetako ingeniariek egin dute, eta, guztira, 270 kilometroko ibilbidea ikertu dute proiektua osatzeko. Eremu horren gainean proposatu dute tren sozialaren alternatiba Nafarroako, Arabako eta Burgosko eremuak zeharkatzen dituzte trenbideek.

Alternatiba sustatu duten eragileen artean daude honako hauek: Nafarroa Trenaren Alde, Lautada Trenaren Alde, Arabako Haranak Trenaren Alde, Plataforma Por el Ferrocarril de Miranda de Ebro eta Bureba es Futuro.

Proiektua babesteko, txostenean azaltzen da zein abantaila dituen alternatibak bertze planteamenduko ibilbideekin alderatuz: bertzeak bertze, haien aukerak inbertsio txikiagoa eskatzen du, ibilbide berri bat eraikitzeak baino ondorio gutxiago ditu ingurumenean, lehenago jartzen ahalko da martxan eta, azpiegitura gutxiago beharko direnez, mantentze kostuak apalagoak izanen dira.

Aurkeztutako txostena egiteko, bertzeak bertze, dirua biltzeko kanpaina bat jarri zuten abian, eta, guztira, 16.000 euro bildu zituzten. Laguntza eskaini zieten pertsona guztiei eskerrak eman zizkieten atzoko aurkezpenean.

Eskakizuna

Agerraldian, beren proposamena azaltzearekin batera, AHTaren proiektua bertan behera gelditzeko eskatu zuten plataformek. Espainian orain arte garatu den trenbide eredua ere kritikatu zuten, bidaiari profil jakin bati begira egindakoa dela argudiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.