Departamenduko eta eskualdeko bozak izanen dira gaur Iparraldean

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusia eta Akitania Berria eskualdeko kontseilua hautatuko dituzte

Hauteskunde panel bat, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Departamenduetako eta eskualdeetako bozen lehen itzulia iraganen da gaur Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusira eta Akitania Berriko Kontseilura zer ordezkari bidali nahi duten erabaki beharko dute hautesleek, baina abstentzioa handia izanen dela iragartzen dute inkestek. Ekainaren 27an izanen da bozen bigarren itzulia.

54 hautetsi ditu Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak; 27 kantonamenduetatik bina ordezkarik lortzen dute eserlekua. Lehen itzulian hautagaietako bakar batek bozen %50 baino gehiago lortzen ez badu, bigarren itzulian erabakitzen da. Gaur egun, zentro-eskuineko koalizioak du gehiengoa, eta Modem alderdiko Jean Jacques Lasserre da presidentea, 2015etik. Presidentetzarako hautagai gisa aurkeztu da aurten ere.

Hamabi kantonamendu dira Ipar Euskal Herrian, eta beste hamabost Biarnon. Euskal Herriko barrutiguzietan aurkeztuko da aurten ere EH Bai. 2015ean Errobi-Aturri kantonamenduko eserlekuak lortu zituen, eta bigarren itzuliko lehian ibili zen beste zenbait barrutitan ere. Iazko ekainean izan ziren herriko bozetan ezkertiar eta abertzaleek sustatu zituzten zerrendek lortutako emaitzen ondotik, eserlekuen lehian ibiliko direla espero dute aurten ere.

Rousset eta eskuin muturra

Akitania Berria eskualdeari dagokionez, zortzi zerrendak parte hartuko dute hauteskunde lehian: PS alderdiko Alain Rousset presidentea hautagai izanen da aurten ere, eta besteak beste alderdi komunistaren babesa izanen du. Beste hiru zerrenda izanen dira ezkerrean: EELV eta Generation alderdiek Nicolas Thierry aurkeztu dute, Frantzia Intsumisoak eta NPAk Clemence Guetre, eta Langile Borrokak Guillaume Perchet.

Eskuinean, Genevieve Darrieussecqen hautagaitza babestu dute Modem, Martxan eta UDI alderdiek, eta Errepublikanoek, Nicolas Florianena. Jean Lassalle Pirinio Atlantikoetako diputatuak ere zerrenda osatu du. Eskuin muturrak ere izanen du hautagaitza, Batasun Nazionaleko Edwige Diaz aurkeztu baita.

Inkesten arabera, abstentzio handia izanen da, eta Diaz eta Rousset iragartzen dituzte bigarren itzuliko lehiarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.