Biktima eta borrero ote?

ADFren erasoek ezegonkortasuna areagotu dute Kongoko Errepublika Demokratikoan, gerratik ihesi joandako hutuen eta tokiko komunitateen elkarbizitza kolokan jartzeraino.

Ibilgailuak sutan Boga erdigunean, maiatzaren 31ko goizaldean. OSKAR EPELDE JULDAIN.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Ituri probintziako Irumu lurraldeko hegoaldean, Kongoko Errepublika Demokratikoan, tokiko herritarrek ihes egin dute, maiatzaren 31ko gau-goizaldean Boga eta Tchabi herrietan egindako sarraskiaren ondorioz. Boga erdigunea zaintzen zuten hogei bat soldaduek euren buruak bakarrik salbatu ahal izan zituzten, eta Tchabin zeuden Monusco Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Misioko kasko urdinek ere ezin izan zuten sarraskia eragotzi. Ohiko informazio laburretan, Estatu Islamikoarekin lotzen duten ADF Indar Demokratiko Aliatuak talde armatuari leporatu zioten erantzukizuna, baina hori hango errealitatearen azaleko azalpena besterik ez da.

Kongoko segurtasun indarrek setio egoera ezarri zuten Ituri probintzian duela hilabete, eta buruzagi militarren esku utzi zuten agintea. Baina horiek ezin izan zuten segurtasuna bermatu, ezta sarraskiaren ondorengo egunetan ere. Hango pigmeo, nyali eta hema hiztunek hainbat norabidetan ihes egin zuten, arriskuan jarraitzen zutela susmatuta. Izan ere, ekainaren 7an, gehienek alde egin ondoren, ekintzaile talde bat, ustez ADFko kideak, berriz sartu zen Bogako erdigunean. Biharamunean, armadak eta Monuscok zabaldu zuten erasoa saihesteko gai izan zirela, baina hangoek salatu zuten hainbat etxe erre zituztela, besteak beste Bogako ospitalea. Erietxea zen inguruko herritarrei osasun arreta eskaintzen zien bakarra, baina, erasoaldiaren ondoren, kea eta hondakinak soilik geratu ziren ospitalea zegoen tokian.

Ustezko egiak

Azken ordukoa Bogan eta Tchabin bizi den hutu komunitate etorkinak dakar. Ohar bat atera dute aste honetan, ruandarrak direla eta ADFrekin bat egiten dutela ukatuz. Hutu familia horiek azken urteetan iritsi dira Iturira lur bila, Ipar Kivuko Gobernuak emandako baimenak esku artean dituztela. Aurrez Ipar Kivuko Masisi, Rutshuru eta Luberon bizi ziren, baina jasangaitza bilakatu zitzaien egunerokoa, segurtasunik ezagatik eta gerra politiken ondorioz lurrik gabe geratu zirelako hainbat tokitan.

Kinyarwanda hiztunak kamioiez iristen hasi zirenetik, tokiko komunitateen artean zabalduz joan zen hutuek Irumuko lurra bereganatu nahi duten susmoa. Ustezko egia horrek, hilabeteak joan ahala, okertu egin du lehendik kolokan zen elkarbizitza Boga eta Tchabi inguruetan. Hango nyali eta hema hiztunen artean indarra hartuz doa banabwisha edo hutuek bat egiten dutela ADF gerrillarekin; uste hori sendotu egin da maiatzaren 31ko sarraskiaren ondoren.

Tokikoek konplizitate edo elkarlan horren froga gisa argudiatu dute Bogako Malibongo auzotik ihes egin eta gero erasotzaileek ez zietela kalterik eragin Boga erdigunean babestuta zeuden banyabwisha familiei. Gainera, sarraskiaren ondoren, tokikoek ez bezala, hutuek ez zuten ihes egin. Are gehiago, batzuk Malibongora itzuli zirela diote lekukoek, eta han bakarrik geratu dira orain. Herritarrentzat, hori sinesteko nahikoa froga da euren asmoa lurrak bereganatzea dela, eta horretarako ADFren laguntza dutela.

Oso bestelako kontakizuna da hutuena. Haiek zabaldutako idatzi baten arabera, nyali eta hema komunitateek kanporatu egin nahi dituzte Boga eta Tchabitik, eta horretarako «bortxa eta azpijokoak» baliatzen dituzte.

Azken hilabeteetan gatazkak eragindako elkarbizitza krisiarekin lotuta jazo diren hilketek sendotutako usteek komunitateen belarriak itxiarazi dituzte, eta orduantxe gertatu da Boga eta Tchabiko azken sarraskia: 60 hildako, dozenaka desplazatu eta hainbat etxe erreta. Oinaze handia eragin du erasoak. Baina ziurrenik hori bera izan da helburua, bestela ulergaitza baita erasotzaileen asmoa.

Bestalde, eta sarraskiaz geroztik inor gutxik aipatu badu ere,lur eremu horren azpian Albertine-graben deituriko petrolio putzu handi bat dago. Kongoko Gobernuak Total enpresari eman dio hura ustiatzeko baimena, baina lanak geldirik daude, besteak beste segurtasunik ezaren ondorioz. Esan beharra dago, era berean, Ugandaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren mugan dagoela putzua, eta putzu hori bera ustiatzen ari dela Ugandako Gobernua mugaren beste aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.