Lurperatu gabeko mehatxua

CDUko kide baten hilketa dela eta, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak adierazi du eskuin muturrari «taburik gabe» aurre egin behar zaiola. Mehatxuak jaso dituzte politikari batzuek
Hainbat antifaxistak joan den astelehenean Hanburgon egin zuten elkarretaratzea, Luebckeren hilketa eta eskuin muturraren indarkeria salatzeko.
Hainbat antifaxistak joan den astelehenean Hanburgon egin zuten elkarretaratzea, Luebckeren hilketa eta eskuin muturraren indarkeria salatzeko. JONAS NOLDEN / EFE

Mikel Rodriguez -

2019ko ekainak 23
Europan diktadura faxistak jasan zituzten herrialdeen artean Alemaniak izan ohi du jarrerarik gogorrena eskuin muturreko adierazpenekin. Hala ere, nazismoak gerra galdu eta 74 urtera, arazo larria du oraindik. Hilaren 2an, Walter Luebcke CDU Batasun Kristau-Demokratako politikaria tiroz hil zuten etxean, eta Poliziak uste du eskuin muturreko ekintzaile bat dela erruduna —duela astebete atxilotu zuten ustezko hiltzailea—. Hesse estatuko Kassel prefekturako burua zen Luebcke, eta, Poliziaren hipotesia berretsiko balitz, II. Mundu Gerraz geroztik eskuin muturrak hil duen lehenbiziko kargudun publikoa litzateke. Gainera, Poliziak jakinarazi du politikari gehiagok jaso dituztela eskuin muturraren heriotza mehatxuak. Angela Merkel kantzilerrak adierazi du gobernuak «hagiz-hagitz serio» hartu duela mehatxua.

«Taburik gabe aurre egin behar zaio eskuineko estremismoari. Bertzela, guztiz galduko dugu sinesgarritasuna», adierazi zuen kantzilerrak atzo, Dortmund hirian, eliza protestanteek urtero egin ohi duten ekitaldi batean. Luebcke hil aitzinetik, eskuin muturrak ahalegin gehiago eginak zituen kargudun publikoen aurka. 2015ean, errate baterako, Henriette Reker Koloniako alkateari labana sartu zioten kanpaina egiten ari zenean, eta, 2017an, berriz, modu berean zauritu zuten Andreas Hollstein Altena hirikoa. Biak daude orain mehatxuak jaso dituzten politikarien artean.

Erasoek eta mehatxuek motibazio bera dute: xenofobia. Luebcke errefuxiatuei babesa ematearen aldekoa zen, eta Alemaniako hedabideek argitaratu dutenez, Poliziak uste du horregatik paratu zuela jomugan eskuin muturrak. Erasotzailea delakoan atxilotu dutena 45 urteko gizonezko bat da, eta, Poliziaren arabera, 1980ko eta 1990eko hamarkadatan etorkinen eta gutxiengo etnikoen aurkako hainbat erasotan parte hartu zuen.

Thomas Haldenwang BfV barne espioitzarako agentziako buruak iazko abenduan adierazi zuen «baliabide gehiago» bideratuko zituela eskuin muturreko ekintzaileak zelatatzeko. Reutersek argitaratu duenez, BfVk «ustezko 12.700 erradikal» ditu zaintzapean. Civey etxeak egin duen inkesta baten arabera, ordea, herritarren %60k uste dute gobernuak ez duela behar adina egiten eskuin muturraren aurka.

AFDk «erruaren parte bat»

AFD Alemaniarentzako Alternatiba etorkinak hartzearen guztiz aurka dago, eta azken urteotan anitz hazi da, parlamentuko hirugarren indar bihurtzeraino. CDU kinka larrian paratu du horrek, eta demokristauek eztabaidagai dute bai AFDrekin, bai immigrazioarekin zein jarrera hartu. Aste honetan, Annegret Kramp-Karrenbauer CDUko presidenteak gogor egin du AFDren aurka, eta leporatu dio Luebckeren hilketan «erruaren parte bat» izatea, «indarkeria legitimizatzen duen solaskera bat» sustatu duelakoan.
Mikel Rodriguez

Informazio osagarria