Krisi politikoa gainditzeko bozak

Bolivian presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte gaur. MAS alderdiko Arce eta CC hautagaitzako Mesa dira faboritoak. Azken inkestak dio berdinduta daudela

Emakume bat CC hautagaitzaren hauteskunde kanpainarako gune baten aurretik pasatzen, La Pazen. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Boliviak datorren bost urteetan hartuko duen norabide politikoa izango da jokoan gaurko hauteskundeetan. Dena den, inkesten arabera, bigarren itzulira arte ez da argituko nor izango den hurrengo presidentea. Azaroaren 15ean izango da hori. Gizartea polarizatuta dago, eta bi hautagai nagusi ageri dira hauteskundeak irabazteko: Luis Arce, Evo Morales presidente ohiaren MAS Sozialismorako Mugimendukoa, eta Carlos Mesa, CC Komunitate Herritarreko presidente ohia. Azken inkesten arabera, pare-parean daude biak. Hamabost urtean lehenengoz, Morales ez da hautagai izango.

Presidentea aukeratzeaz gain, Boliviak Parlamentuaren osaketa ere hautatuko du gaur. Batzorde Legegile Plurinazionalaren eta Senatuaren gehiengoak erabakigarriak izango dira, presidentea edonor dela ere, gobernu berriaren egonkortasuna bermatzeko.

Bozak irabazten dituenak lehentasun izan beharko ditu pandemiaren kudeaketa eta koronabirusak eragin duen krisi ekonomikoari aurre egitea. Baina ez hori bakarrik. Hauteskundeak iazko urrian herrialdean lehertu zen krisi politikoaren ondorio dira, eta hura gainditzea ezinbestekoa izango da gobernabidea ziurtatzeko.

Iazko urrian, presidentetzarako hauteskundeak egin ziren Bolivian, eta Morales gailendu zen. Oposizioko alderdi nagusiek, ordea, hauteskunde iruzurra salatu zuten, hainbat irregulartasun zirela eta. Moralesek dimisioa eman zuen, eta herrialdetik ihes egin zuen, armadak estu hartuta. «Estatu kolpea» salatu zuen.

Jeanine Añez oposizioko senatariak hartu zuen estatu gidaritza. Herrialdeko behin-behineko presidente izendatu zuten, hauteskundeak egin artean. Bozak maiatzaren 3an egingo zirela iragarri zuen lehenengo, baina, pandemiaren eraginez, irailaren 9ra atzeratu zituen. Osasun krisiagatik data aldatu zuen beste behin, gaurko egunera, MASeko ordezkarien kritika artean. Izan ere, koronabirusaren aitzakian boterean «betikotzea» leporatu zioten.

Hauteskunde hauetan ikusiko da herritarrek MAS jarriko ote duten berriro boterean ala segida emango dion Añezen «trantsiziorako» gobernuak eskuinera egin duen birari. Moralesek urratutako bidearen kontrako noranzkoan, Añezek AEBengana hurbildu du Bolivia. Kubarekiko eta Venezuelako Gobernuarekiko harremanak eten zituen, Juan Guaido aitortu zuen Venezuelako presidente gisa, Bolivia ALBAtik atera zuen, eta Unasurretik ateratzeko prozesua hasi du.

Añez ez da hauteskunde lehian izango. Bere hautagaitza baztertu zuen, MASen kontrakoen botoa zatitzeko arriskua saihestu nahi zuela argudiatuta. Aldiz, uko egin dio hautagai jakin baten aldeko botoa eskatzeari.

Zalantzatien garrantzia

Pagina Siete hedabideak egindako inkestaren arabera —bozen aurretik egin den azkena—, berdinduta daude Arceeta Mesa: botoen %27,1 batak, eta %27,2 besteak. Hirugarren tokian legoke Creemos hautagaitzako Luis Fernando Camacho, botoen %14arekin. Iturri bera oinarri hartuta, oraindik botoa erabaki ez dutenek izan dezakete garaipenaren gakoa, %19,8 lirateke eta.

Arcek berak «boto ezkutu» bat dagoela ziurtatu du, MASi botoa emango diotela publikoki esan nahi ez dutenena. Talde horretan enpresariak eta «klase ertaineko» herritarrak ere badirela esan du. Ekonomia ministro ohiaren iritziz, MASen alde egingo dute, ekonomian emandako «aurrerapausoak» egonkortzeko.

Ezkerreko hautagaitzaren garaipena eragotzi nahi dutenek ohartarazi dute MAS gobernura itzultzen bada harekin bueltatuko dela Morales bera ere, Argentinatik Boliviara. Itzalpetik gobernatuko duela zabaldu dute kanpainan, eta badirudi herritarrek bat egin dutela ideia horrekin. Pagina Siete-ren inkestaren arabera, herritarren %61ek uste dute Arcek irabaziz gero Moralesek «kontrolatuta» aginduko duela. Presidente ohiak ezeztatu egin du. Haren esanetan, «etorkizuneko liderrak trebatzeko» itzuli nahi du herrialdera.

Parlamentuari dagokionez, inkestek diote Mesa presidente ohiaren CC indarrak izango duela ordezkaritzarik handiena Batzorde Plurinazionalean eta Senatuan. Hala ere, Camachoren alderdia ezinbestekoa izan daiteke gobernagarritasuna bermatzeko, gobernu berria MASek ala CCk gidatu. Gainera, aurreikuspenek Camacho jotzen dute garailetzat Santa Cruz eskualdean, herrialdeko eremurik aberatsenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.