Onintza Enbeita.
BIRA

Ileak

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Esan zezakeen «iletxoak dituzu», baina ez; «pelilloak dituzu», esan dit. Bost urte baino ez ditu. Barre egin dut. Ez naiz, ordea, galdetu gabe gelditu: «Bai, baditut. Zer dauka horrek txarrik?». Lasai erantzun dit ez dela ezer gertatzen ileak izatearren, berak ere ba omen ditu. Hitzak korapilatu egin zaizkit eztarrian, eta berak jarraitu du hizketan. Prakak bajatu eta berak hanketan duen ile ustez ugaria erakutsi dit, eta bere amak ez duela ilerik esan gero. Ulertzen da umea gorputzaz ari zela, ze haren amak buruan badu ilea. Larria, deigarria eta alarmantea da bost urteko ume batek horrela hitz egitea «pelilloez». Alde batetik, argi dago naturaltasunez egiten duela, baina ez nago ziur naturaltasunetik egiten ote duen. Esan nahi dut ez dakidala zer puntutaraino den natural haren begiak horri begira egotea. Eta ez ninduke hainbeste larrituko duela astebete argal egoteko zer egin behar dudan esan izan ez balit. Esan egin zidan, ostera. Esan nion agian nik ez nuela argaldu nahi, eta ez zion beste munduko garrantzirik eman kontuari.

Pentsatzen dut badagoela zerbait izebarengan ikusten duena. Litekeena da beretzat horrek ez izatea edertasunarekin zerikusirik, baina hortxe dauka: txiki-txikitatik. Ez ei da bakarra. Zerbait gaizki egiten ari garela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.