Berri Txarrak-en kontzertuaz saio berezia egingo du Hamaikak, bihar

Kobetamendiko emanaldiko giroa, kanta batzuk eta zenbait elkarrizketa jasoko ditu lanak

Gaur eta azaroa bitartean jasotako irudiekin lan luzeago bat egitea pentsatzen ari da Hamaika. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Gaur arratsaldean, agurtzeko birako udako kontzerturik handiena emango du Berri Txarrak taldeak, Kobetamendin (Bilbo), eta han egongo da Hamaika Telebista. Kateak saio berezia emango du hurrengo egunean, 20:30ean. Horretan, kontzertuko irudi batzuk emateaz gain, protagonistei eginiko elkarrizketak eta bestelakoak tartekatuko dituzte.

«Taldeak dimentsio oso handia hartu du, batez ere etenaldi mugagabea iragarri zuenetik; horregatik erabaki dugu saio berezia egitea», esan du Hamaika Telebistako Beñat Zarrabeitiak. «Udako ekitaldi kulturalik handiena izango da Euskal Herrian. Milaka lagun bilduko dira Kobetamendin, eta horrek albistegarritasuna ematen dio kontzertuari». Horrek guztiak justifikatzen, du, Zarrabeitiaren arabera, bihar ekitaldia «patxada puntu batekin» lantzea.

Berri Txarrak lagun artean izango du izenburu saioak, hau da, kontzertuak izango duen izen bera. Ordu erdiko lana izango da. Giroko irudiak, zaleei eginiko elkarrizketa labur batzuk, eta kontzertuan grabatu ahalko dutena erakutsiko dute saioan. Horrekin batera, agertokiaren atzean musikariekin grabaturiko elkarrizketak tartekatuko dituzte. Kontzertuaren aurretik, Ahotsenea gunean zortzi talde gazte arituko dira, eta horretan grabaturiko irudiak eta elkarrizketak sartuko dituzte.

Ostiralean, Berri Txarrak-eko abeslari Gorka Urbizuri eginiko elkarrizketa zabaldu zuen Hamaika Telebistak, eta horren pasarteak ere erabiliko dituzte asteleheneko saioan. «Kontzertuaz esaten dituenak ez ditugu sartuko, noski, ordurako pasatuta egongo direlako», esan du Zarrabeitiak. Izan ere, duela lau egun grabatu zuten elkarrizketa. «Baina etorkizunari begira eta taldearen dimentsioaz esaten dituenak bai, horiek sartu egingo ditugu».

Lau kazetari bidaliko ditu Hamaikak Kobetamendira. Sarean ere jarraipena egingo dute. Kontzertuaren grabazioa agertokiaren aurreko zulogunetik egin beharko dute, eta hiru kanta baino ezingo dituzte jaso.

Koldo Otamendik zuzenduko du saioa. Musika Zuzenean saioko aurkezle eta zuzendaria da. «Berak ezagutzen du inork baino hobeto musika eszena», esan du Zarrabeitiak. Laguntzaile gisa ibiliko da Zarrabeitia, Maddi Mochales eta Nagore Sarasolarekin.

Dokumental bat aukeran

Kontzertua «esperimental samarra» izango dela esan du Urbizuk, eta Hamaikan ere ez dakite oraindik oso ondo zer aterako den jasoko duten materialetik. Edonola ere, Zarrabeitiak esan du irudi asko hartuko dituztela, eta ez du baztertu azaroan Nafarroa Arenan emango duten azken kontzertuarekin eta iaz BECen eginikoarekin «zerbait luzeagoa» egiteko aukera. «Nire ustez, fenomenoak emango duazaroa bitartean gehiagorako, ikusten ari garelako sarrerak berehala agortzen dituztela, eta ikusminak gora egingo duela uste dugu. Izango dugu materiala azaroan zerbait txukuna egiteko».

Marino Goñi ekoizleak aurrekoan ETBko Ur Handitan saioan esandakoak gogoratu ditu kazetariak: Hertzainak, Negu Gorriak eta Berri Txarrak direla «euskal rockaren hirutasun saindua». Berri Txarrak-ek belaunaldiak lotzeko izan duen ahalmena eta utziko duen ondarea nabarmendu du Zarrabeitiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.