Albistea entzun

BEGIA HELTZEN EZ DEN LEKURA

Irudiei doinuz laguntzea baino zerbait gehiago da film batentzat bere soinu banda. Lotura inkontzienteak sorraraz ditzake musikak, ekintzak iragarri, giroak iradoki, baita irudiek erakusten ez dutena kontatu ere. Askotariko emozioak eragin, finean, zinemarako lanean ari diren musikagileen iritziz.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko apirilak 18

Goizetako kafe usaina bidaia baten hasiera izan liteke. «Ni haurtzarora narama, adibidez; ohean nintzela gurasoek kafea prestatzen zuten uneaz oroitzen naiz». Aranzazu Callejak usainaren ideiarekin parekatzen du zineman musikak izan dezakeen zeregina; haren ustez, lurrin bat bezala, doinu bat ere gai izan baitaiteke norbera beste leku batera eramateko. «Bizitzan estimulu pila bat ditugu, eta gure gizartean ikusmena gailentzen da, baina beste zentzumenak ere etengabe ari dira lanean aldi berean, eta, une batez, entzumenak edo usaimenak osatu ahal digute istorio bat, esperientzia bat. Niretzat, begirada iristen ez den leku hori, zineman, musikak betetzen du». Botere hori aitortzen dio soinu banda bati, eta iritzi bera du Pascal Gaignek ere, beste hitz batzuekin esplikatzen badu ere: «Musikak inkontzientearen rola joka dezake zineman; konexio inkontzienteak sortzea du egiteko garrantzitsuenetako bat, nire ustez». Baina ez bakarra. Pertsonaia baten «barne bizitza» azal dezake, edo planoan agertzen ez den eszena bat iradoki, Maite Arroitajauregi Mursego-ren ustez. Eta «konturatu gabe sentsazio ezberdinak sentiarazteko» gaitasuna du, Aitor Etxebarriaren iritziz.

Musikariak, zinemazaleak eta zinemarako soinu banden egileak izatea: ezaugarri horiek partekatzen dituzte Callejak, Gaignek, Arroitajauregik eta Etxebarriak. Aspaldi ekin zioten musikari eta musikagile ibilbideari, eta, hastapenetan zineman aritzea buruan ez bazuten ere, urteotan film ugariri jarri diete soinu banda. Laurak hasi ziren era bertsuan, gainera: zinemagintzan ari ziren inguruko lagunen bitartez. 1985. urtea zen Gaignek Zergatik panpox filmaren musika sortzeko proposamenari baietz esan zionean; ehundik gora pelikulatan lan egin du ordutik, baita sarritan aitortza jaso ere horregatik. Goya sarien aitortza jaso berri dute Callejak eta Arroitajauregik ere, Akelarre (2020) filmeko musikagatik, eta izan duten elkarlanarekiko eta elkarrekiko hitz ederrak baino ez dituzte. Musika ikasketak egin zituen Callejak, baina Arte Ederrak ikasten hasi, Borja Kobeaga ezagutu, eta haren lehen lanetan parte hartu aurretik, inoiz ez zuen konposiziorik sortu; dozenaka lanen soinu bandak sinatu ditu ordutik. Arroitajauregik, berriz, lehen diskoak emanak zituen Victor Iriarteren eta Aritz Morenoren laburretan parte hartu zuenerako, eta Emak bakia (2013) eta Amama (2015) filmetan aritu da gerora, besteak beste. Etxebarriak ere, El_Txef_A izenarekin, hamaika oholtza zapalduak zituen Markak (2016) dokumentalerako doinuak sortu zituenean —aurrez ere arakatu zuen eremu hori, zinema eskola batean zebilela eginiko lanetan—. Hondar ahoak telesailari ere jarri dio musika orain gutxi, eta, gaur egun, zinemarako beste proiektu batzuetan dabil lanean.

Imajinei laguntze hutsa baino zerbait gehiago da, lauren ustez, musikak zineman duen zentzua.

Loturak eta kontrasteak

Inkontzientearen ideiari heldu dio Gaignek, oroitzapenak eta erreferentziak gogora ekartzeko musikak duen indarraren ideiari: «Nire ustez, oso interesgarria den eremu bat da musika erabiltzea kontakizunaren elementu gisa, memorian eragin dezakeena. Adibidez, 1970eko hamarkadako kantari baten kantu bat jarriz gero, agian ez da hainbeste kantua bera interesatzen zaiguna, ezpada hark gugan eragiten duena; musikari hori zerbaiten erreferentea da, eta horra eramaten gaitu kantuak. Interesgarria izan daiteke garai historiko, egoera edo bestelako elementuen artean lotura inkontzienteak sortzeko». Alde horretatik, Callejaren iritziz, «musikak lortzen du filmak kontatzen duen istorioa edo narrazioa osatzea».

Musika beti joango da irudiaren alboan zineman. Baina harreman mota ezberdinak izan ditzake harekin, edo rol ezberdinak jokatu, Arroitajauregiren ustez. «Lagundu dezake irudia modu deskriptibo batean, adibidez, edo lagundu dezake pertsonaia bera, moduren batean bere barne bizitza azalduz, edo izan daiteke pertsonaiarentzat egindako musika bat ere...». Bat dator kideekin memorian eragiteko balio dezakeela, eta nolabait «inkontziente kolektiboan dagoen zer edo zer» bila daitekeela dio —«baina hori oso kulturala ere bada; beraz, hor kontuz ibili behar da»—. Edonola ere, elementuak lotzeko ez ezik, kontrasteak sortzeko baliatzea ere oso interesgarria zaio musikariari; garai historikoarekin edo eszenarekin bat ez datorren musikak sor dezakeen kontrastea, alegia —Yorgos Lanthimosen eta Sofia Coppolaren filmak jarri ditu adibidetzat—.

Eta zinemagintzan parte hartzen duten diziplina guztien artean sortzen diren harremanak dira Etxebarriarentzat gakoetako bat. «Zineman kasik arte denak daude batera; testua, aktoreak, estetika, argazkia, jantziak... eta musika da beste arte bat. Orduan, dena ari zaio guztiari eragiten denbora osoan, bai publikoari eta bai guri lanean ari garenean. Eta hori da zinemaren alde ederretako bat niretzat». Argi du eragin horiek gabe bestelakoak liratekeela berak sortutako piezak. Eta era horretan aritzeak baldintzapen batzuk ere ekar ditzakeen arren, muga gisa bainoago, berak zerbait sortzeko ekarpen eta pizgarri gisa bizi ditu. Izan ere, zineman musikariak ez dira bakarka aritzen, talde bateko kide ere badiren neurrian, eta filma ez da izaten haiek abiatutako proiektu bat, beste inork abiatua baizik.

Gaignek horretan dakusa bestelako konposizioak egitearekiko alde nagusia. «Beste arte baterako musika lantzean —izan zinema, antzerkia edo dantza—, diferentzia handi bat da zurea ez den koadro bat daukazula; proiektuaren atzealdea beste pertsona batzuengandik dator». Nolabaiteko muga edo baldintzapen batzuen barruan aritzea positiboa izan daitekeela dio, sortzeko beste modu bat dela, baina desberdina. «Kontzertu baterako musika egitean ez dut inolako mugarik. Hala ere, nik bi jardunak behar ditut».

Disko bat ontzea, esaterako, bestelako ariketa bat da Etxebarriarentzat. «Disko bat, niretzat behintzat, barne bakarrizketa bat da, non zu ari zaren zeure buruarekin berba egiten. Eta zinemarako lanetik erakartzen nauena da beste pertsona batzuen unibertsoan sartzen zarela. Gustatzen zait aztertzea zuzendaria nolakoa den, zer gura duen... eta hortik hasten zara lanean, zure nortasunarekin. Nik lehenik egin behar dut filmak eskatzen duena, baina izaera ere ez da galdu behar; hala ere, apur bat bai, uzten duzu alde batera barne bakarrizketa hori».

Egiteko modu ezberdinak

Film batean lan egiteko modu ugari egon daitezkeela uste dute lau sortzaileek. Proiektuak, zuzendariak eta musikagileak adina modu. Calleja: «Ia-ia gauza berri bat proposatzen dizu proiektu bakoitzak».

Jada landuta dagoen muntaketa baten gainean musika sortzea izan liteke bat, baina laurek izaten dute nahiago proiektuan hasieratik inplikatzea. Gaignek dio hastapenetan gidoiak irakurri ohi zituela. «Baina, orain, nahiago dut zuzendariarekin hitz egin, eta berak konta diezadala zein den egin nahi duen filmaren esentzia; gero zehaztuko ditugu xehetasunak, baina hori da axola zaidana, bere ikuspegia, gidoitik zuzendariak esaten dizun horretara urrats izugarri handi bat egoten baita». Gidoiaren gainean musika egitea ere egokitu izan zaio. «Gustukoa dut hori ere; nolabaiteko askatasuna ematen dizu, eta musikaren zati bat muntaketaren aurretik izatea hobea da haientzat ere, baina asmatu egin behar da, noski».

Callejak ere maite du filmaren hastapenetatik bertan izatea, eta hala jarduteko «zortea sarritan» izan duela dio. Zinemagilearekin hitz egitean hasten da bera «etorkizuneko film hori arnasten», eta uste du elkarrizketa horien bidez nahiz gidoia irakurriz «gauza garrantzitsuak ezagutzen» dituela musikagileak. «Baina, azkenean, muntaketa ikustean, irudia ikustean hasten zara benetan ulertzen edo zuk eman dezakezun horretara hurbiltzen». Gaignerentzat ere garrantzitsua da, behin muntaketa zehaztuagoa dagoenean, egitura, erritmoa, aktoreen lana eta abar aztertzea. «Asko eragiten dit aktoreek nola lan egiten duten eta nola mugitzen diren ikusteak; hori ikusi arte, zerbait falta zait».

Etxebarriak ere egin izan du lan irudien gainean. «Baina besteak ados badaude, ni hasieratik egotearen oso aldekoa naiz. Filmaketa hasi aurretik, gustatzen zait lekuen argazki batzuk izatea, edo argiztapenaren ideia batzuk, zer aktore ariko diren jakitea, gidoia irakurtzea... Asko gustatzen zait hori: ia filmatu aurretik ere, nire iruditeria sortzen hasten naiz».

Aurretiazko prozesu horretan asko gozatzen duela dio Arroitajauregik ere. Pertsonaien keinuei erreparatzea eta halako xehetasunak aztertzea, adibidez, nolabait «musikatik harago» joatea gertatzen zaio interesgarri. Adibide gisa jarri du orain lantzen ari den proiektuetako bat. «Oraindik gidoia bukatu gabe dago, baina zuzendariarekin jada ari gara pentsatzen, aurretik, nolakoak nahi dugun izatea soinua eta musika, eta denon artean ari gara lantzen hori». Nahasketen fasean izateari ere garrantzia ematen dio. «Beti ezin izaten da, baina, ahal bada, uste dut filmarentzat askoz ere hobea dela musikaria hor egotea. Garrantzi handia dute musikak eta soinuak, eta nola uztartzen diren gero». Iritzi berekoa da Etxebarria: «Konposizioa bezain garrantzitsua da niretzat nolako soinua izango duen, nola entzungo den. Horregatik, ahal bada, gustatzen zait parte hori ez galtzea».

Lengoaiak eta jarrerak

Diziplina ezberdinak izanik, zinema eta musika lengoaia ezberdinetan mintzo direla esan daiteke, baina elkar ulertzeko gai ere izan daitezke. Baita zinemagileak eta musikariak ere. Ez da beti erraza, Gaignek dioenez, musikaren lengoaia ez baita beti ezaguna zuzendarientzat. Musika zertarako nahi duen, zer asmo dituen harekiko... oinarrizko galderetatik tiraka zuzendariaren asmoa ezagutzea gakotzat dauka. «Musikari lanetik harago doan zerbait da, musikari-psikologo izatea bezala-edo [irriz]; saiatzea jakiten, norbaitek gauza bat esaten dizunean, benetan zer esan nahi duen, zein den haren asmoa, gero hori notetara, soinuetara itzultzen saiatzeko».

Elkarrizketan eta konfiantzan egin du azpimarra Callejak ere: «Niretzat, deitzen zaituenak ezagutzen badu zure musikaren profila, eta baldin badaki zure lengoaia hurbiltzen dela berak bilatzen duen mundura, jada abiapuntu on bat da. Eta, gero, zugan jartzen duen konfiantza dago; sumatzen baduzu hor zaudela bilatu zaituelako, zure lana gustatu zaiolako, badakizu ekarpen bat egin ahal izango duzula». Zuzendariaren jarrera funtsezkotzat dauka Arroitajauregik ere. «Zuzendariak gauzak argi izatea inportantea da nire ustez, baina are gehiago jarrera malgua izatea, entzuten jakitea, eta proposamenetara zabalik egotea. Niretzat, proiektu bakoitzean gauza berriak egiten saiatzea inportantea da; erronka polita izaten da probatzea, baina horrek zerikusia du zuzendaria zure ideiak entzuteko prest egotearekin ere». Horretarako, funtsezkotzat dauka bai zuzendariak eta bai musikariak «burua zabalik» edukitzea. Eta bi lengoaia izatetik harago, elkarlanean aritzea. «Azkenean, emaitza bat da; filmaren alde egin behar duzu lan». Bera aritu izan den zuzendariekin mintzaira bera partekatu izan duela uste du Etxebarriak. «Artean edo ikerketa artistiko batean murgildutako pertsonak gara azkenean, eta uste dut hizkuntza berean hitz egin izan dugula».

Bide jakinik ez

Proiektu bakoitza ezberdina izaten dela diote. Hasteko, zinemarako musika egitea ez baita «zientzia zehatz bat», Gaigneren esanetan. «Ez dago teknika jakin bat; eszena baterako balio dezake gauza batek, baina beste batek ere bai. Nork dio zer dagoen ongi eta zer gaizki? Zeren arabera? Oso interesgarria da, ez baitago ezeren oinarri sendorik. Etengabe berrasmatu zaitezke, eta munduko gauzarik dibertigarriena da hori». Iritzi berekoa da Calleja: «Konpositoreak adina musika izan ditzake film batek, eta denak egon daitezke ongi: ni lantzen ari naizen filma beste bati ematen badiozu, beste aroma bat izango du, eta beste bati emanda, beste bat... Eta hori da polita».

Arroitajauregik modu nahiko intuitiboan bizi du bere sorkuntza prozesua, eta intuizioaren atzean norbere bizipenak, ikusitako filmak, erreferentziak eta beste daudela uste du. «Behin filma ezagutu eta barneratuta edukita, nahiko instintiboa izaten da niretzat». Lanari heltzeko modu ugari daudela uste du hark ere. Eta hain zuzen, Gaignerentzat, zineman jarduteko garrantzitsua da musikariak «txipa aldatzen jakitea, batean edo bestean kokatzea, zuzendari batek edo beste batek esaten dizuna ulertzea; kameleoi bat izatea, baina zure izaerari eutsiz». Ez dela «jolas erraza» dio, ezta azaltzeko ere. «Oso intuitiboa da; une batean, musika bakarrik ateratzen da, aurrez egin duzun lan guztia modu libreagoan sortzen da. Horregatik, ez diozu inoiz utzi behar gauza berriak deskubritzeari».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inoiz Donostiako Zinemaldia bisitatu duten 800 zinemagile zein aktoreren irudiak ikus daitezke erakusketako <em>Photocall</em> instalazioan. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Alfonbra gorri bat publikoari

Ainhoa Sarasola

Donostiako Zinemaldiaren 70 urteotako irudiak jarri dituzte ikusgai 'Imajinatu Zinemaldia' erakusketan, Tabakaleran. Omenaldia egiten die jaialdiari eutsi diotenei, ikusleei bereziki
Turistak, Bilboko Guggenheim museoko atarian, Jeff Koons artistaren <em>Puppy</em> eskulturaren aurrean argazkiak ateratzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Inork ikusten al du 'Puppy'?

Iñigo Astiz

1997an jarri zuten Jeff Koons artistaren txakur erraldoia Bilboko Guggenheim museoko atarian, eta paisaiaren parte bihurtua da dagoeneko. Ez guztiz, ordea.
Metallica taldeak atzo iluntzean Bilbon emandako kontzertuaren irudia. ©Miguel Toña, EFE

Metalararen dardara bizia Bilbon

Berria

Zalantza egunen ondotik, Metallicak kontzertua eman du bart San Mamesen, 45.000 lagun aurrean. Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, eta The Hellacopters ere aritu dira.

Bisitari bat Donostiako Ekain galerian, Amable Ariasen zenbait lanekin irekitako erakusketan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Nekez zeharkatzen diren ateak

Itziar Ugarte Irizar

Ahotik ahora dabil esaldia galeristen artean: «Garai zailak dira». Ez da berria sektorearen apaltzea, arte salmentaren urritzea, baina azken bi urteetako giro nahasiak eta arteak gizartean izan duen lekualdatzeak formula berriak lantzera behartu ditu sektoreko askotariko profesionalak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...