Berriz hastea, saminari aurre egiteko

Dallas Green kanadarraren bakarkako ibilbideko zazpigarren diskoa da 'The Love Still Held Me Near'. City and Colour ezizenaz ezaguna den musikariak hamabi kantu bildu ditu diskoan, ohiko doinuak erabilita.

Alexisonfire taldearekin egin zen ezagun Dallas Green. VANESSA HEINS.
aitor biain
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Alesexisonfire taldearen hardcore doinu gogorrekin egin zen ezagun Dallas Green (Ontario, Kanada, 1980) musikaria, City and Colour ezizena hartu eta bakarkako bideari ekin aurretik. Modu paraleloan abiatu zuen proiektua hasieran, alter ego gisara. Izan ere, doinu leunagoetara igaro zen musikaria, melodia eta ahots leunez ezaugarritzen diren countryaren eta folk-rockaren goxotasunera. Dozena erdi disko argitaratu ditu traza horretan, Sometimes (2005) estreinako lanarekin hasi zenetik. Alez ale eta kantuz kantu bereganatu du entzuleen eta musika kritikaren arreta, taldearen jarduna bigarren mailan utzita.

Hain zuzen ere, ia hamahiru urteko etenaren ostean, Otherness eman zuen iaz Alexisonfire taldeak, eta The Love Still Held Me Near kaleratu du orain musikariak. Bakarkako proiektua abiatu zuenetik zazpigarren lan luzea du, eta orain arteko bidean arakatzen segitzen du. Hamabi kantuz osatutako diskoa da, erritmo lasaiak eta melodia goxoak dituena, nahiz eta indar handiagoko abestiak ere badauden.

Doluak eta atsekabeak eragindako ezinegonetik sortu ditu abestiak oraingoan Greenek. Lagun min baten eta senitarteko baten heriotzak nabarmen eragin baitzuten sorkuntza prozesuan, musikariak aitortu duenez. Eta zama horri gehitu zitzaion, halaber, 40 urte betetzeak eta bikotekidearekin harremana korapilatzeak eragindako krisi pertsonala eta pandemiari aurre egin behar izatea. «Ez dakit zein hitzek deskribatuko lukeen une horretan sentitzen nuen galduta egote hori», adierazi du musikariak. «Leku egokian ez nengoela sentitzen nuen».

Barrurako bidea

Barrurako bidea egin du Greenek, bada; sentimenduen erraietara, erantzunen bila. «Norberarengan zentratzen saiatzean datza, eta une horietan kontsolatuko zaituzten gauzetan itxaropena eta argia aurkitzen saiatzean. Niretzat beti izan da idaztea eta musika sortzea; beraz, horixe egin nuen», esan du musikariak.

Greenek berak eta ohiko bidelagun duen Matt Kelly musikari eta taldekideak ekoitzi dute diskoa. Soinuari dagokionez, aurreko lanekin alderatuta aldaketa handirik ez badago ere, musika adituek nabarmendu dute gitarrek presentzia handiagoa dutela disko honetan, eta zenbait kantutan Greenen ahotsa ere inoiz baino indartsuago entzuten dela.

Musikariak ez du ezkutatu, halere, Alexisonfire taldearen eragina ere antzeman daitekeenik diskoan. «Esango nuke zenbait abestiren zati batzuk indartsuagoak direla Alexisen [onfire] abestiak ere idazten ari nintzelako une horretan», adierazi du Greenek.

Hitzak, zuzen eta gordin

The Love Still Held Me Near ez da, dena dela, Greenek bere sakonera emozionalera egindako lehen sartu-irtena. Hogei urteko ibilbidean, maiz aritu izan da tristuraren edo bakardadearen inguruan, arima agerian utziz beti. Baina inoiz ez bezala egin du orain. Eta hitzetan ere agerikoa da hori.

Diskoa zabaltzen duen Meant to be pieza da horren adibide: «Baina orain joan egin zara/ Eta abesti hau idatzi dut/ Ez dut uste horrela izan behar duenik». Musikariak azken hilabeteetan bizitako ezinegonaren isla da Fucked it up, bestalde. «Eutsi gogor/ Eta madarikazio hau apurtzen saiatuko gara/ Nahi genuen guztia baikenuen/ Gero izorratu egin genuen/ Behar genuen guztia genuen/ Baina ez zen nahikoa».

Antzera ari da Things We Choose to Care About, After Disaster, Without Warning eta Hard, Hard Time abestietan ere. Aldiz, zulo beltzetik ateratzeko egindako ahaleginaren kontsolamenduaren isla dira diskoari izena ematen dion The Love Still Held Me Near eta A Little Mercy kantuak.

Baikortasunez itxi nahi izan du diskoa, Begin Again abestiarekin. Aurrera egiteko aldarri argi bat da: «Aspaldi da ez dudala lasaitasuna sentitu nire barnean/ Baina han, zerumugan, argia ikusten dut». Ez baitago berriz hastea bezalakorik saminari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.