Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finala

Goitik eta goian ikusten direnak

6.000 pertsonek jarraitu dute zuzenean Illunbeko finala. Alaia Martin finalera ez sailkatzeak harridura sortu du askoren artean. Xabier Gaztelumendik Beñat semeari txapela jantzi dionean lehertu da plaza.

Garaiz bete zuten bertsozaleek atzo Ilunbeko zenzen plaza, eta izugarri gozatu zuten.. GORKA RUBIA /FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Hemen goitik, Anoeta ikusten da. Eta Itsasoa. Eta eguzki izpiak Illunberako bideko espaloi gainetako auto ilaretan bristadaka. Tokitan daude bezperako haize ufadak; bertso-suma dator jendea. 15:15 dira. «Libre» dio oraindik parkineko seinaleak.

15:24an, Imanol Lazkano eta Laxaro Azkune Azpeititik ekarri dituen autobusetik jaitsi dira. Ilarak luzatzen hasiak dira sarrera desberdinetan. «14:45ean etorri gara. Toki ona hartu nahi dugu», 9. ateko soka hasiera-hasieran dagoen Tolosako hirukoteak.

Toki ona zer den. Batzuentzat, hondarreta; besteentzat, harmailak. Denentzako bada txoko bat. 15:35etik aurrera, zezenketetan basamortu izan ohi den Illunbe betetzeko lanean hasi dira bertsozaleak.16:05erako, heren bat okupatuta dago jada. 16:25ean, erdia baino gehiago. 16:30ean, sarrerak kontrolatzeko sistema etori da. Panikorik ez, faborez. Bost minutu, eta hemen ez da gertatu ezer. Lineako autobusak jendez beteta datoz, gero eta gertuago dago hasiera ordua. 6.000 lagun daude hemen, guztira.

17:03. Megafoniatik, musika ozendu dute. Erritmoa txaloka eramanez erantzun dute bertaratuek. Gogoz daude. Entzuleentzako mezuak. «Gogoratu gune honetan ezin dela erre», aurkezpen hitzaldian gutxien txalotu duten mezua.

Denentzako mezuak

Illunbeko ateak ireki direnean sarrera guztietan irakur zitekeen leloa, Donostia San Sebastian modan dago tapatzeko modua egin dute bateko eta besteko pankartek. Gaur UGALDETXO... inoiz baino Alaiagoa izanen da eta Liluratu baietz flamengo ta hango! Maite zaitugu Ane 1. atean. Aldamenekoan, Nerea Elustondo sudur gorria jantzita, Aupa Nerea bat; eta Bihotza, burua, eskuak, sentitu, pentsatu, ekin ezpain gorriekin! Aupa Ane! 3. atean: Nolako egurra halako ezpala! AUPA ATTE!!! 4.ean: Hariz ari, txapela josi. Aupa Oihana. 5.ean: Manifestazioa-- Atera bidera. Presoak etxera! 10.ean, Txapela Añorgara!

Goi-goiko eraztunean, pankarta gehiago: Gu beti izenikbe... baina gaur ez geratu hitzik gabe -aupa Oihana-; Aupa Laburu txapela seuru. Eurre!; Hementxe dala, hementxe dala... Aupa Beñat!!!; eta …ze besarkada ote datorki“k— txapela irabaztean!!!

Behean, hondarretan, Gaur bai... KatedrAL bat in zure hitzekin!

17:08. Badatoz zortzi bertsolariak. Jon Maiari egokitu zaio lehendabizi kantatzea; azkena izatea, txapeldunari. Ion Zaldua aurkezleak denen izenak ematean, Azpeititik etorritako hiru autobuskadak bereziki nabaritu dira. Burladeroa da oraintxe hutsik ageri den bakarra.

17:13. Hasi dira agurrean. 17:28. Hasi dira egurrean. Beñat Gaztelumendik finaleko lehen parteko azken bertsoa bota bitartean, 20:15 bitartean, oso gutxitan piztu dira harmailak eta egin dute eztanda txalo zartadek. Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran pailazo rolean jarri eta UPNkoek sudur gorriei dieten ikara kantatu dutenean, hortxe izan da unerik beroena. Bakarkako azken lanean Elustondok doinuarekin tupust egin duenean eta jendeak txaloka animatu duenean, beste momentu berezi bat sortu da. Gutxi gehiago, hiru orduko tartean. Boxeoan hasi nahi duen alabaren eta erabaki hori gustuko ez duen aitaren arteko saio umoretsuan, bere aurkako pintadei erantzun dien emakume ezagunaren saioan... Bristada batzuk izan dira.

Entzuleek ere izaten dituzte beren tarte bitxiak halakoetan, eta Illunbeko honetan ere bai. Pasillora irten eta puntukako saio osoa burladeroko ate zirrikitutik entzuten aritu dira asko, esaterako, lepoa luzatuta eta belarria are luzatuago, zezen plaza barruko punturik ez galtzeko; batek bi garagardo baso eskuan, besteak patata tortilla pintxoa. Eta atzera begiratu eta segurata ere bertsoak entzuten ari da.

Segi bertsoak entzuten. Azken txanpa. Bakarkako lanak bukatu dituztenean, finalera nor iritsiko esan zain, jendea tabernara edota erretzera. Berriz. Komuneko ilarako katedran, Martin denen ahotan. Gaztelumendi ere bai. «Nik ez dakit. Oso txarra naiz halakoetan», dio batek. Isilik geratu da atzekoa.

20:26. Komuneko kinielak ustel gertatu dira. Laburu eta Gaztelumendi pasatu dira buruz burukora. Txalo zaparrada. Beste planeta batera bidali ditu gai jartzaileak biak, eta Anoetara beharrean Illunbera heldu diren bi Bartzelonazale izatera gero. Umorea pizten saiatu dira biak. Labururen alde ez ote dagoen jende gehiena.

20:43. Kartzelako lana. «Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute». Illunbe osoa entzuten. 21:07. Itziar Etxezarreta Arakistain oholtzan, txapeldunaren izena esatera: «940,5 punturekin, Beñat Gaztelumendi!». Eztanda bat. Martini puntu bakarreko aldea aterata pasatu da buruz burukora Laburu, hala ageri da bertsozale.eus webgunean. Agurretan, Joxe Lizaso, zaintza sareak, lagunak, bertso-eskolak, etxekoak atera dira plazara. Xabier Gaztelumendik Beñati. Pili Arandia amari eskaini dio txapela txapeldun berriak.

Hemen behetik hondarretan altxatutako oholtza bat ikusten da. Eta oholtza gainean, aita bat semeari txapela hunkituta janzten. Eta, goi-goian, Illunbeko kristalezko sabaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.