'STREAMING'-AREN DISONANTZIAK

Euskal Herriko talde eta bakarlari askoren kantuak aurki daitezke musika entzuteko 'streaming' plataformetan. Batzuek uste dute entzuleengana iristeko beste bide bat direla, eta egungo eskakizunei segika batu dira horietara; beste batzuek nahiago dute ez egon, oinarriekin desados.

BERRIA.
aitor biain
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Badago egitate bat guztiaren oinarrian: musika ia ez da erosten dagoeneko, entzun egiten da Interneten. Digitalizazioak goitik behera aldatu zuen musikaren industria mende honen hasieran, eta paradigma berri bati hasiera eman zion: streaming-aren aroari. «Aldaketa handi bat da», aitortu du Amaia Ispizua Get In kontzertu sustatzaileko eta MIE Musika Industria Elkarteko kideak. «Euskarri fiskoen aroa amaitzen ari da, eta musika streaming bidez entzuten da gehienbat. Errealitatea hori da, nahiz eta disko salmentaren ereduak eusten dion oraindik».

Spotify, Apple Music, Deezer, Amazon Music, Tidal... Milioika kantu eta artista biltzen dituzten plataformek mundu osoko entzuleak bereganatu dituzte. Izan ere, klik batera mundu bete musika entzuteko eta deskubritzeko aukera eskaini die milioika entzuleri. Urteak dira martxan direla, baina hainbat artista ezagunek berriki hartu dituzten erabakiek, ordea, hizpidera ekarri dituzte, ostera, plataformen jarduteko moduak eta musikariei eskaintzen dizkieten baldintzak. Industria handiaren azpian bada beste errealitate bat, edonola ere; milaka baitira lehen lerroko argiaren itzaletan dauden musikari eta artistak.

Euskal Herriko talde eta bakarlari askoren kantuak aurki daitezke plataforma horietan. Milaka entzunaldi dituzte horietako batzuek, eta nabarmen gutxiago beste batzuek. Eta badira plataformetan egon nahi ez dutenak ere. Baina zergatik eta zertarako egon? Edo zergatik ez egon?

Ispizuaren ustez, esaterako, garrantzitsua da euskal musikarien lanak ere plataformetan egotea, edonoren eskura dauden erakusleihoak direlako, azken batean. «Garrantzitsua da kanal guztiak irekita edukitzea; hau da, disko fisikoaz gain, entzuleengana iristeko bestelako bideak ere izatea. Eta horretarako plataformak ezinbestekoak dira gaur egun». Izan ere, egoteak soilik existitzen zarela esan nahi du aro digitalean, eta ikusgarritasun hori bermatzen diete plataformek artistei.

Horregatik dago Gatiburen musika ere eskura lainoan. Badira urte batzuk beren kantuak plataformetara igo zituztela, eta, gaur egun, milaka entzunaldi dituzte horietako askok. «Egia esan, gogoeta egin barik eman genuen pausoa», adierazi du Haimar Arejita taldeko kideak. «'Jende guztia bat egiten dabil; gu ez gara gutxiago izango' esan genuen, eta horrela, gehiegi pentsatu barik batu ginen gu ere».

Taldeak milaka disko saldu ditu azken urteetan, nola Durangoko Azokan hala bestelako saltokietan. Baina formatu fisikoaren gainbeherak bultzatu zituen esparru digitalerako jauzia ematera. «Guk geuk asko igarri dugu. Eta, gainera, diskoak erreproduzitzeko moduak kasik-kasik ez dira geratzen, ez etxeetan, ez autoetan, ez musika entzuteko dauzkagun espazioetan. Horregatik erabaki genuen gutxienez egotea, taldeak ere aurrera egin behar duelako».

Klak!son taldekoek, berriz, ez dute sumatu hasieratik horietan egon beharra, eta zalantza gehiago izan zuten zer egin erabakitzerakoan. Orain gutxi jarri dute entzungai hainbat plataformatan iaz argitaratu zuten Puntu urdin margula diskoa (Mukuru). «Taldekide batzuek uste zuten Spotify bezalako plataformak ez zirela guretzat», azaldu du Iongu Biteri teklistak. «Ez gara oso ezagunak, eta ez ditugu entzule asko. Zalantza egiten zuten zein ekarpen egingo zion taldeari. Konturatu ginen, hala ere, pausoa eman ezean, gure mundutik ere apur bat kanpo geldituko ginela, jendeak ez duelako formatu fisikoa kontsumitzen».

Aurretik beste bi disko kaleratu ditu taldeak, baina horiek momentuz ez daude entzungai; aurki igotzea da asmoa. Orain arteko jarraitzaileengana ez ezik, entzule berriengana ere iritsi nahi dute, eta uste dute plataformek horretarako aukera ematen dietela. «Nik argi daukat: uste dut gure kasuan egotea ona dela, ez dela kaltegarria behintzat. Zenbat eta aukera gehiago izan entzule berriengana iristeko, hobeto».

Bat egiten du ideia horrekin Ispizuak ere, eta uste du streaming plataformak egokiak direla ibilbide luzeko taldeentzat nahiz maila apalagoan jarduten dutenentzat. Baina gogorarazi du erakusleihoa oso handia dela, handiegia akaso, eta horrek ere arriskuak dituela. «Plataformetan egoteak ikusgarritasuna emango dizu, baina horrek ez dizu entzuleak ziurtatuko. Kontuan hartu behar da denak daudela zaku berean».

Hain zuzen ere, adierazi du «artisten mitifikazioa» desagertzen ari dela plataformen eraginez. «Diskoetxeek duten kezkatako bat da: baliteke norbaitek zure kantu bat entzun eta zerrenda batean sartzea, baina gero ez jakitea norena den kantu hori. Lotura guztiak desegiten ditu». Horregatik, uste du Euskal Herriko musikarientzat funtsezkoena «gertukoari» eustea dela: «Garrantzitsuena da kontzertuak antolatzea hemen, bertako eragileekin loturak izatea, gertuko komunikazioari eustea. Plataformen paradigma txikien oso aurkakoa baita».

Aspaldiko eztabaida

Izan boladako musikariak lehen lerroan jartzeko erabiltzen dituzten moduagatik, izan entzunaldiengatik ordaintzen dituzten ordainsariagatik, plataformen jarduteko moduak beti izan dira eztabaidarako iturri.

Hain zuzen ere, modu horiekin ez dute bat egiten Lisabo taldeko kideek, eta haien musika ez dago plataformetan. «Kontzientziaz hartutako erabaki bat da. Spotify, adibidez, erabiltzen ez dugun plataforma bat da; ez dugu maite horren atzean dagoena», azaldu du Karlos Osinaga Txap taldeko kideak. «Egia da plataforma batean edozeinek ia-ia edozer entzun dezakeela, baina guretzat hori baino gauza garrantzitsuagoak daude; ez dugu hor egoteko beharrik».

Txapek azpimarratu du taldekideek musika eta musikaren industria ulertzeko «beste modu bat» dutela. «Ez gara profesionalak, eta gure bidea gure kabuz egin dugu. Nahiago dugu hortik jarraitu». Taldeak «ahalegin handia» egiten du formatu fisikoaren banaketan: «Hor islatzen da sortzaile bezala garena eta egiten duguna». Horregatik, nahiago dute entzuleek ere formatu hori lehenestea. «Uste dugu gustuko gaituen entzuleak bilatuko gaituela, eta, bilatzen ez bagaitu, ez da ezer gertatzen».

Ez diote arlo digitalari uko egin, nolanahi ere. Kantuak Internetez erosteko aukera eskaintzen baitute Bandcamp atariaren bitartez. «Bandcampek eta Spotifyk ez dute zerikusirik, noski. Spotify distribuzio komertzial bat da, zeinetan beti betikoek irabazten duten. Bere garaian jakin genuen zeintzuk ziren entzunaldiengatik jasotzen ziren etekinak, eta ez gaude prest hori onartzeko».

Ordainsariarena da, hain zuzen ere, plataformek eragiten duten eztabaida nagusietako bat. Gauza jakina da entzuleak kantuari play ematen dion aldiro diru kopuru bat ematen diola plataformak kantuaren egileari, baina zenbatekoaren kopuruarekin eta banaketa irizpideekin kritiko azaldu dira musikari asko eta asko.

Arejitak, esaterako, uste du Gatiburentzat ez dela «errentagarria» une honetan kantuak soilik plataformetan entzungai jartzea. «Oso gutxi ordaintzen dute plataformek; nahiago genuke entzunaldiak hobeto monetizatuko balira. Ikusten duzu kantuak sortzen egiten duzun lana, eta hori gero nola itzultzen den dirutan, eta pentsatzen duzu: 'ez du merezi'». Gatibuko gitarristak nabarmendu du, gainera, oraindik alde handia dagoela euskarri fisikoaren eta digitalaren artean. «Gu, gainera, autoekoizleak gara, eta, plataformek ordaintzen dizutenarekin alderatuta, aldea handia da, noski».

Klak!sonekoek diskoa Spotifyra igotzea bai, baina entzunaldien truke dirurik ez jasotzea erabaki dute —diskoa igotzeagatik derrigor ordaindu behar da, baina bi aukera daude: kopuru txiki bat jarri, eta entzunaldien truke ez jaso ezer; edo gehiago jarri, eta entzunaldien truke diru bat jaso—. Biteri: «Guri ez digu merezi. Etekinak jasotzeko, urtero ordaindu beharko genuke kuota bat, eta trukean jasoko genukeena hutsaren hurrengoa izango litzateke».

Etorkizuneko negozioa

Ispizuak aitortu du plataformek botere handiegia bereganatu dutela azken urteetan, eta zaila dela horiei mugak jartzea. Izan ere, enpresa pribatuak dira, multinazionalak gehienak, eta, beste esparru batzuetan egin moduan, merkatuaren jabe egin dira guztiz. «Mundu guztian erabiltzen dira plataforma horiek, eta oso zaila da korrontearen aurka igeri egitea. Whatsapp edo Telegram erabili ordez beste komunikazio bide batzuk erabiltzea eskatzea bezala da. Alternatibak badaude, baina kanpo uzten zaituzte, eta hori kudeatzea ez da erraza inorentzat».

Hala ere, uste du musikaren industriaren etorkizuna streaming plataformetan egon daitekeela. «Diru sarrerak izateko modua eskaintzen die musikariei; beraz, bide bat egon badago. Eta, zinemaren kasuan gertatu moduan, industriak ez du jakin nola kudeatu paradigma berria. Hala ere, esango nuke ari dela pixkanaka egokitzen, eta orekatuko direla ordainketei edo egile eskubideei lotutako irizpideak».

Arejitak argi du euskarri fiskoari eutsiko diola taldeak oraindik, eskaria badagoelakoan. «Guk horretan sinisten dugu. Apur bat erromantikoak gara alde horretatik. Baina diskorik saltzen ez dugunean gure musika soilik plataformetan jarriko dugun? Ez dakit, goizegi da oraindik ezer esateko». Iritzi berekoa da Txap ere: «Guk jarraituko dugu egiten dugun hori zaintzen, izan diskoetan edo kontzertuetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.