Beat belaunaldiaren nobela izarra euskarara

Jack Kerouacen 'On the Road' euskarara ekarri du Iñigo Roquek, Pasazaite argitaletxearekin. 1957an argitaratu zen aurrenekoz, eta Beat mugimenduaren atmosfera jasotzen duen obra gorentzat hartzen da.

Isabel Etxeberriaren laguntzaz aurkeztu zuen Iñigo Roquek Errepidean liburua, Zarauzko Garoa liburu dendan. LITERATURIA.
itziar ugarte irizar
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Jack Kerouacek aski izan zituen hiru aste, 21 egun, On the road idazteko. Orriak orriei itsatsi, eta idazmakinari ia atsedenik eman gabe, 36 metro luzeko paper-biribilkian sortu zuen nobela, gaurko egunez Beat belaunaldiaren eleberri enblematikotzat hartzen dena. 1951ko apirila zen, eta Jane Haverty emaztearekin zuen Manhattango apartamentuan egon zen idazketan sartuta Kerouac, urte batzuk lehenago AEBetatik eta Mexikotik egindako bidaiak paperera eramaten. Viking Press argitaletxeak 1957an publikatu zion aurrenekoz lana, eta, oraindik gaur, On the Road-en milaka ale berrargitaratzen da urtero. Bada, euskarara ere iritsi da orain; Iñigo Roquek itzuli du, Errepidean izenarekin, eta Pasazaite argitaletxeak kaleratu du. Atzo aurkeztu zuten Literaturiaren barruan, non Isabel Etxeberriak lagunduta aritu zen Roque.

Hiru aste behar izan zituen Kerouacek nobela idazteko. Eta bi urte behar izan ditu Roquek itzultzeko; idazleak liburuan kontatzen dituen bidaietan eman zuen denbora bera, hain zuzen, 1948. eta 1949. urteetan. «Itzultzailearen denbora beste bat da. Are gehiago, euskal itzulpengintzan gabiltzan gehienok ez dugulako bizimodua hortik ateratzen. Orduan, ahal denean tarte bat ateraz ibiltzen gara». On the Road, gainera, ez da sartu-irtenean ibiltzeko obra bat, Roqueren ustez. «Puska batean albo batera utziz gero, kosta egiten da berriro barrura sartzea». Aitortu du batik bat horregatik ez zaiola lan erraza egin Kerouac euskaratzea. Ardura bat izan du une oro: «Garai batean kontzientziaren jarioa esaten zena da liburua. Eta hori ez edertzeari eutsi behar izan diot».

Estilo aldetik, «ahozkotasunaren hurbiltasuna» da aipagarriena Roquerentzat. Hor aurkitu du itzulpenaren koskarik handiena. Kerouacek jazz saio bat deskribatzen duenean, esaterako: «Nola mugitzen diren taldekideak; bateria jotzailearen makila, abeslariaren izerdi tanta, nola makurtzen den, nola goratzen duen besteak saxofoia... Horrek euskaraz ingelesez bezala funtzionatu dezan sekulako lanak hartu behar izan ditut». Baita narratzaileak «esperientzia psikotropikoak» deskribatzen dituenean ere. «Hor logika galtzen da, eta itxuraz zabar, trauskil edo akademiatik kanpoko testu bat izanagatik ere, horrek, hain justu, zaildu egin du prozesua».

Sal Paradise da kontakizuneko protagonista, Kerouac beraren alter egoa litzatekeena. Berdin gertatzen da gainontzeko pertsonaiekin ere: Deal Moriarty, Neal Cassady litzateke; Carlo Marx, Alen Ginsberg; Marylou, Luanne Henderson; Old Bull Lee, William S. Burroughs; Paradisen izeba, Kerouacen ama Gabrielle; eta hala besteekin ere. «Belaunaldi horren nobela da. Baina bakoitzaren atzean zein dagoen jakin gabe ere, berdin-berdin funtzionatzen du liburuak», argitu du Roquek.

Moriartyren aurkezpenarekin abiatzen da nobela, hura baita ondoren etorriko diren bizipenen eragilea, Paradisek lehen orrietan aitortuko duenez. Jazzak, Ipar Ameriketako paisaiak, sexuak, drogen bidaiak, Ekialdeko filosofiak eta Moriartyren lagunek darabilten giroak guztiz liluratu, eta horrek bultzatu du Paradise errepidera. New Yorken hasten da dena, non Moriarty iritsi aurretik Paradise eta Marx —Kerouac eta Ginsberg— lagun min egingo diren. San Frantziskok ere pisua izango du bidaietan, baita Denverrek eta Mexiko Hiriak ere.

Jatorrizko testuak etenik ez du, baina ezagutzen diren edizio gehienak lau zatitan daude egituratuta. Bertsio editatu horren alde egin du Roquek ere. «Azkenaldian boladan jarri da jatorrizko bertsioena. Baina liburu bat editoreek ere egiten dute, eta gauzak datozen bezala argitaratzea ez da beti mesederako izaten».

Klasiko bat?

«Literatura estatubatuarreko klasiko bat da On the Road, baina zintzilik geratu den adar batekoa. Ez da Camus bat». Hala iruditzen zaio Roqueri, egun klasikotzat hartu ohi diren lanen aldean, gogoetez baino gehiago, ekintzaz beteta dagoelako Kerouacena. Memoriek eta bakarrizketek ere ekintza bizien adinako garrantzia dute, halere, nobelan.

Beat mugimenduaren lan ikonikoa da On the Road. Hor dudarik ez du Roquek. Antzeko mailan jarriko luke Ginsbergen Howl poema —Harkaitz Canok Ulua lez euskaratua—, baina Kerouacen izena besteen gainetik nabarmendu delakoan da. «Itxuraz bizizale bat da, munduan egin behar duena errepidean barna ibiltzea dela. Asko esperimentatu zuen, baina pentsamoldez nahiko kontserbadorea zen; gatazka horrek bizi zuen». Alkohola, atsekabea, musika, orgiak, Cadillac mailegatuak. Roque: «Bilaketa liburu bat da. Kanporako bidaia, baina, batez ere, barrurakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.