Montefuscoren katarsia

Standstill taldeko abeslari izandakoak bakarkako hirugarren diskoa kaleratuko du bi aste barru: 'Viaje al centro de un idiota'. MAZ jaialdian ariko da larunbatean, Basaurin.

Enric Montefusco abeslari eta musikaria. GUSTAFF CHOOS.
aitor biain
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ia hogei urteko bidea egin zuen Enric Montefusco musikari kataluniarrak Standstill musika taldearekin. Hastapenetan hardcore doinuetatik abiatu, eta, urteekin, taldeak sona lortu zuen indie rock edo rock alternatiboaren eszenan. Katalunian ez ezik, Europan ere entzule asko erakarri zituen. 2015ean, baina, taldeak iragarri zuen geldialdi mugagabe bat egingo zuela, eta kide bakoitzak bere bideari ekin zion. Denek jarraitu zuten musikari lotuta, hala ere: Ricky Falknerrek, esaterako, Egon Soda taldea sortu zuen, eta, egun, indie panoramako ekoizlerik ezagunenetako bat ere bada —Berri Txarrak-ekin eta Niña Coyote eta Chica Torndorekin lan egin du—; Montefuscok, ordea, goitik behera azalberritzea eta bakarkako bideari ekitea erabaki zuen.

Standstillek azken kontzertua eman eta urtebetera argitaratu zuen abeslariak estreinako diskoa: Meridiana (2016). Hiru urtera kaleratu zuen Diagonal (2019), eta orain aterako du hirugarren lana: Viaje al centro de un idiota. Azaroaren 18an argitaratuko da diskoa. Musika agerkari espezializatuen arabera, aurreko bi diskoen segidatzat har daiteke lan berria, sentimenduz, barrura begirako ahots sakonez eta doinu minimalistez beteta egongo baita hura ere. Hala iradokitzen du Bendito aurrerapen kantuak ere.

Disko bikoitza izango da: Infierno jarri dio izena ataletako bati, eta Purgatorio besteari. Nortasuna, moralaren eta arrazoiaren galera eta beste hainbat gai jorratuko ditu kantuetan, soinu elektroniko, minimalista eta hitz kantatu edo spoken word delakoen bidez. Edonola ere,Viaje al centro de un idiota ez da disko soil bat; musikaren muga oro gainditzen du. Hiru adar ditu: musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak. Izan ere, askotariko diziplinak uztartzen dituen ikuskizuna ondu du Montefuscok, eta haren soinu banda performancetik diskora eraman du.

Datorren larunbatean, Basauriko (Bizkaia) MAZ musika jaialdian aurkeztuko du lana, taldea lagun duela. Montefuscorekin batera, jaialdian parte hartuko dute Nacho Vegasek, Zaharak, eta Full Cab taldeak ere, besteak beste.

MAZ MUSIKA JAIALDIA
Noiz. Azaroaren 12an, larunbatean, 21:00etan.
Non. Social antzokian, Basaurin (Bizkaia).
Sarrerak. Aurrez eskuragarri www.mazbasauri.com-en (12€), eta leihatilan (15€).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.