'Jakin'-ek Euskal Herriko hizkuntza politikak aztertu ditu zenbaki berrian

'XXI. menderako hizkuntza politikaz' jardunalditik eratorritako sei adituren gogoetak bildu ditu 'Jakin' aldizkariak 255. zenbakian

XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia, urrian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituekin hertsatzailea den legediaren arrakaletan hizkuntza politika eraginkorra garatzeko moduez aritu ziren hainbat aditu iazko urrian Eibarren (Gipuzkoa), UEUk, Telesforo Monzon Laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak eta Jakinek antolatutako XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldian. Euskal Herriko eta Kataluniako ikuspegietatik heldu zioten gaiari, eta orduko hizlarien gogoeta batzuk eraman dituzte orain Jakin aldizkariaren 255. zenbakira.

Sei adituk hausnartu dute gaiaren inguruan. Malen Dominguez Zabala eta Aize Otaño Lizarralde XXI. menderako hizkuntza politika baten beharraz mintzo dira; Iñigo Urrutia Libaronak Hausnarketa juridikoak hizkuntza politikaren egungo bidegurutzeaz artikulua idatzi du; Iker Salaberria Urkizuk hizpide izan ditu EAEko hizkuntza politika: egoera, korapiloak eta erronkak ; Dabid Anaut Peñak Zaila bada, ez da ezinezkoa artikulua idatzi du, Nafarroako hizkuntza politikaren inguruan; eta Ione Josie Danjouk galdera bat jarri du izenburu gisa: Zenbaterainoko aukera dute tokiko erakundeek hizkuntza politika garatzeko?.

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak bidegurutzearen metafora erabili du hitzaurrean gaiaren inguruan gogoeta egiteko: «Bidegurutzearena euskararen biziberritzean azkenaldian erabiltzen den metafora bat da. Bidegurutzean gaude. Errotondan bueltaka, orain arte egindakoak irekitako bideak ixten ari direla. Jauziaren beharra ere ahoz aho dabil». Eta, egoera horren aurrean, proposamen bat ere egin du: «Adostasun sozial eta politiko berri baten beharra. Ausardiaz jauzi egin edo atzera egin, bi aukera baino ez direla geratzen esan genezake, sinple esanda».

Kolaboratzaile berria

Egunen gurpilean atalean, Maialen Akizuk eta Joanes Igeregik idatzi bana argitaratu dute. Kulturaz eta krisi ekosozialaz, hurrenez hurren. Horrez gainera,kolaboratzaile berria estreinatu da aldizkarian: Cira Crespo. Historiaren eta egungo munduaren arteko lotura landu du Oroimentsuak artikuluan.

Dom Campistron ilustratzaileak, berriz, Bañolet filmari egin dio aipamena aldizkariko kontrazaleko irudian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.