Iruñeko udal gobernua, krisian

Sokatik tira, hautsi arte

Iruñeko Udalaren krisiak agerian utzi du koalizioaren barruko indar korrelazioa ulertzeko bi ikuspegi dituztela talde handiek zein txikiek. Urtebete falta delarik, ikusteko dago zer ondorio izango dituen

Udal gobernuko kideak, Joseba Asiron alkateak herenegun eginiko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Edozein koalizio gobernuk irautea beti da zaila, eta, barruan lau indar badaude, are zailagoa. Teoriak dio denok irabazle aterako diren win-win dinamikak sortu behar direla; proiektu komunaren eta norbere interesen arteko orekaren jokoan, ezinbestekoa dela guztiak aterki beraren pean mantentzea. Alta, teoria hori eguneroko errealitatera eramaterakoan, maiz tentsioak sortzen dira. Politikan, orekak gatazkaren forma har dezake, eta tentsioa harreman politiko baten osasun onaren neurgailu ere izan daiteke. Gutxiengoa dutenen eta gehiengoa dutenen arteko sokatira ezinbestekoa da kasik, betiere guztiak erabakigarriak diren heinean, irtenbideak bilatzen dituzten heinean. Arazoa da sokatik tiraka arituz gero gehiegi tenkatu eta hautsi egin daitekeela.

Halako zerbait gertatu da Iruñeko Udalean. Astearteko osoko bilkuran, iazko sei milioi euroko superabita zertan inbertitu eztabaidatu eta bozkatzekoak ziren udal taldeak. Udal gobernuakaurretik onartutako egitasmoetarako inbertsioaren aurrekontua aurkeztu zuen: 1,2 milioi euro auzoen planerako —parke, kale eta dotazioak berritzeko—; milioi bat euro udal etxebizitzen parkea zaharberritzeko; 500.000 euro eskola publikoetarako; 1,2 milioi euro errepideak hobetzeko... Aranzadiko hiru zinegotziak eta Ezkerrako Edurne Egino abstenitu egin ziren, eta egitasmoa ez zen aurrera atera. Eginoren arabera, %80an ados zeuden, baina, EH Bilduk eta Geroa Baik euren zuzenketak ez zituztenez onartu, abstenitu egin ziren.

Hordagoen arriskua

Hori da hordagoen arazoa. Haustura eragozteko besteak norbere interesera lerrokatu nahi izateak balio dezake behin, baina oso tentu handiz aukeratu behar da unea eta maiztasuna. Iruñeko Udalean, hirugarrenean hautsi egin da soka. Joseba Asiron alkateak, EH Bilduk eta Geroa Baik ulertu dute udal gobernutik kanpo geratu direla beste biak.

Hiru urteotako ibilbidea ez da erraza izan. Aranzadik, Ezkerrak Geroa Baik eta EH Bilduk kultura politiko desberdinak dituzte. Haatik, iaz sortu zen benetako arazoa. Pio XII.aren etorbidea birplanteatzeko proiektuak piztu zuen txinparta. Aurrez, mugikortasun talde teknikoak hitzartu zuen etorbidearen bi norabideak errespetatzea eta alde banatan bidegorria bereiztea; aldiz, Armando Cuenca Hiri Ekologiako zinegotziak (Aranzadikoa) bidegorri bateratua planteatzen zuen. Ibilgailu pribatuei espazioa kentzera ez zirela ausartu egotzi zien Cuencak EH Bilduri eta Geroa Bairi.

Orduan etorri zen lehen hordagoa. Garraioaren inguruko gai zehatza «gobernu krisi» bihurtu zuten Ezkerrak eta Aranzadik. Gobernua apurtzera heldu gabe, ordura arteko norabidea zalantzan jarri eta aldaketan sakondu behar zela esan zuten. «Agintaldiaren erdialdera iritsi gara, eta, tamalez, gauzak ez dira asko aldatu», zioen Cuencak.

Krisiak agerian utzi zuen desadostasunak hobeto kudeatu behar zituztela, eta, bost hilabeteko negoziazio luzeen ostean, irizpideak argitu zituzten: 2015eko akordio programatikoaren gaiak eta haien garapen teknikoak aho batez onartzen saiatu behar zuten, eta, lortu ezean, gehiengoa errespetatu behar zen. Horri loturik, udal gobernuarekiko leial jokatu behar zuten lau alderdiek. Horrek ez zuen esan nahi desadostasunak jendaurrean agertu ezin zirenik, baina norbere planteamenduek bederen gehiengoaren indarra lortu behar zuten. Akordio horrekin batera, udal gobernua moldatu zen, eta, legealdi hasieran ez bezala, Geroa Baik bertan sartzea hobetsi zuen.

Alta, talde handien eta txikien arteko indar korrelazioa ulertzeko modu desberdinak dituzte batzuek eta besteek, eta atzeratu besterik ez zen egin krisia. Abenduan, aurtengo aurrekontuen bozketan, Aranzadiko zinegotzi batek aurka bozkatu zuen, ikuspegi kritikoa islatu nahirik. Leialtasunaren irizpidea auzitan jarri zela ikusirik, lehen ohartarazpena igorri zien Asironek. Bigarrengoan, asteon, hautsi egin da gobernua.

Zaila dirudi arrazoitzea %20ko desadostasun bategatik gobernu bat haustea. Behin kanpoan, Ezkerrak eta Aranzadik euren botoaren garrantzia leundu nahi izan dute argudio desberdinak erabiliz: sei milioiko inbertsioa berriro plantea dezakeela udalak edo osoko bilkura horretako gai zerrenda alkateak jarri zuela eta ondorioz eurak kanporatzeko agertoki politikoa nahita bilatuzuela. Alta, irudi dezake Aranzadik eta Ezkerrak ez dutela ondo neurtu euren abstentzioaren garrantzia. Edo, bestela, gobernutik at geratzeko asmoz aritu direla.

Elkarren beharra

EH Bilduk mahaian kolpea jo du hordagoen aurrean sendotasuna agertu nahirik, baina ahulago geratzeko arriskua du. Urtebete falta da hauteskundeetarako, eta erabakiak arnasa eman diezaioke UPNri, edo ez. Sinesgarritasuna azaldu, lidergoa sendotu, eta, batez ere, aldaketaren emaitza praktikoak gizarteratzea du xede EH Bilduk. Alta, aldaketak lau hanka ditu oraindik ere, eta, gobernu barruan zein kanpoan, denek dute elkarren beharra. Kritikak kritika, laurek nabarmendu dute aldaketaren aldeko konpromisoa, baina, aldi berean, hausturak harremana gaiztotu dezake.

Udal politikatik haragoko eragina ere badu hausturak. Haserre, Aranzadik estrategikoki «EAJ lehenestea» eta eurak alboratzea aurpegiratu dio EH Bilduri. Abertzaleak gai askotan ados jarri ez badira ere, Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean saiatu dira harremana estua izan zedin, eta aurkakotasun hori ondo neurtzen ahalegindu dira. Azken batean, 2019ra begira, hala parlamentuan nola Iruñeko Udalean, bestelako jokaleku politikoen giltzetako bat du Geroa Baik. Eta EH Bildu tentuz ariko litzateke PSN aintzat hartu dezaketen beste aukera aritmetikoei bidea itzi nahian, harreman politikoak zainduz, eta, batez ere, aukera hori ezinezko izan dadin saiatuz.

Horretarako, datorren urteko hauteskundeetan, indartsu azaldu nahi du EH Bilduk. Parlamentuan hazteko aukerak urriagoak dira, baina estrategiaren ardatz nagusietako bat udal arloa da, eta, horren barnean, Iruñeko Udala. Hausturak ondorioak izango ditu, baina 2019an ikusiko da onerako edo txarrerako den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.