Draghiren mezua gobernuei: zuen txanda da orain

Atzeraldia uxatu nahian, zorra erosteko programa berriro abian jarri du banku zentralak. Gordailuen tasa negatiboa %0,5era igo du. Interesak ez ditu igoko, inflazioa %2ra hurbildu arte

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea, atzo, Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun

Ozenago esan zezakeen Mario Draghik, baina nekez argiago: «Aho batez ados gaude aurrekontu politika dela tresna nagusia ekonomiari bultzada bat emateko. Bada garaia politika fiskalak bere ardura hartzeko». Hau da, EBZ Europako Banku Zentraleko kide guztiek, usoek zein belatzek, uste dutela gobernuen ordua dela gehiago egiteko. Euroguneko ekonomia biziberritzeko eta atzeraldiari izkin egiteko azken neurri sorta aurkeztu ostean, EBZko presidenteak aitortu zuen bere esku dagoen arloa, diru politika, ez dela nahikoa helburua lortzeko. Horregatik, zorretan itota ez dauden gobernuei gastu publikoa eta inbertsioak handitzeko eskatu zien, horrek eskaera sortu eta ekonomiaren gurpilak berriro olioztatuko dituelakoan.

Bereziki Alemaniari egindako eskaera da Draghirena eta EBZ osoarena, baina oraingoz Berlinek ez du entzun nahi: aste honetan aurkeztu dituen 2020rako aurrekontu proiektuak inbertsioak soilik pixka bat handitzen ditu, eta defizitik gabekoa. Edonola ere, Berlinek adierazi du atzeraldia «sendotuz gero» gastua «milaka eta milaka milioi» handitzeko asmoa duela.

Azken-aurreko bilera zuen Draghik EBZko presidente gisa, baina ez zen amestutakoa izan. 2017an eta 2018an, ekonomiak hazkunde tasa sendoa zuela, Draghiren asmoa zen diru politika normalago baterako urratsak egitea bere agurrean: zorra erosteko APP programa bertan behera uztea, interes tasak igotzen hastea, bankuei mailegu bereziak ematen uztea... Usteak ustel. 2019ko iraileko EBZren gobernu kontseiluaren bilerak ezer erakutsi badu, erakutsi du ezohiko politikak izango direla ohiko politikak hurrengo urteetan.



Luzera begira

Izan ere, Draghiren agurraren aurreko bileran, EBZk aldi luze baterako atzeratu zuen interes tasak igotzen hasteko epea. 2020 hasiera edo erdialdea aipatu beharrean, oso urrun dirudien data bat finkatu du banku zentralak: inflazioa gogoko duen mailan sendotzen denean —%2tik gertu, baina azpitik—. Are gehiago, azpiko inflazioari begira dago banku zentrala, erregaien eta elikagaien gorabeherei erreparatzen ez dien datura.

EBZren beraren kalkuluek diote gutxienez beste bi urtez interes tasak zeroan egongo direla —eta horrekin batera Euriborrak tasa negatiboan jarraituko duela—. Abuztuan, inflazioa %1ean geratu zen, eta urte amaieran %1,2ra iritsiko dela kalkulatu du, 2020an berriro %2ra jaitsi eta 2021ean %1,5era iristeko.

Badu garrantzia iragarpen horrek, horri lotuta dagoelako atzoko bileran EBZk hartutako erabaki nagusia: APP edo zorra erosteko programa berezia berriro abian jartzea. 2019. urtearekin batera eten zuen programa hori banku zentralak, 2,65 bilioi euroren aktiboak erosi ondoren. Euroguneko ekonomiak dopin gehiago ez zuela behar uste zuen Draghik orduan, baina oker zebilen. Azaroan berriro ekingo diote zor publikoa eta pribatua erosteari.

Hilero 20.000 milioi euro izango dira. Aurreko dosiak baino txikiagoa da hori: 2015eko martxotik 2016kora 60.000 milioi izan ziren hilero, 80.000 milioi hurrengo urtean, berriro 60.000 milioi 2017ko martxotik abendura, 30.000 milioi 2018ko irailera arte, eta 15.000 milioi azken fasean, 2018ko abendura arte.

Adituek dosi handiagoa espero zuten hilero, baina horren ordez beste zerbait eskuratu dute: programa horren iraupena inflazioari lotuta dagoela. Hau da, EBZk zorra erosiko duela «interes tasa ofizialak igotzen hasi baino pixka bat lehenagora arte». Urteak iraungo duela, alegia. Gainera, erositako bonuak iraungi eta EBZk bere inbertsioa berreskuratzen duenean, jasotako diru guztia berriro inbertituko du. Hau da, diruak zirkulazioan jarraituko duela. 2018ko abenduan, programa eten zuenean, 2,65 bilioi euroren zorra zuen bere kutxetan EBZk, eta, hilero milaka milioi bueltan jaso arren, 2019ko abuztuaren 31n 2,648 bilioiren zorra zuen bere esku EBZk.

Bozketarik ez

Zorra erosteko programak ez du EBZko gobernu kontseilu guztien adostasuna izan. Ohiko belatzei, Alemania eta Herbehereak, Austriako eta Estoniako ordezkariak ere batu zaizkie azken asteetan. Horiei guztiei iruditzen zaie programa hori gobernuak zeharka finantzatzea dela, eta hori debekatuta dago. Edonola ere, berriro ere usoak nagusitu zaizkie. «Neurriak babes zabala izan duenez, ez dugu bozkatu behar izan», argitu zuen Draghik.

Adostasun handiagoa izan dute atzoko bileran hartutako beste erabakiek. Batetik, bankuek erabiltzen ez duten dirua EBZn uzteagatik ordaintzen ari direna %0,40tik %0,50era handitzea. Garai normalagoetan, kontrakoa zen ohikoa, EBZk bankuei interes bat ordaintzea, baina 2015az geroztik banku zentralak interes bat kobratzen die, nahi duelako bankuek diru hori erabiltzea herritarrei eta enpresei maileguak emateko.

Bankuek askotan salatu dute neurri horrek kolokan jartzen duela beren bideragarritasuna, nekez pasarazi diezaieketelako kostu hori beren bezeroei —haiek dirua aterako lukete beren gordailuen truke ordaindu behar izango balute—. Draghik onartu zuen interes tasa negatiboek ondorio kaltegarriak dituztela bankuen irabazietan, baina ukatu zuen horren ondorioz porrot egingo dutela. Hori bai, EBZk erabaki du bere gordailuetan sartzen duten diruaren zati bati interesa ez kobratzea.

Bereziki Europa hegoaldeko bankuei interesatzen zaien beste programa bat berreskuratu du EBZk, TLTRO izenekoa. Horren bidez, nahi beste diru mailegatzen die bankuei, epe luzeago baterako. Interes txikiagoa eskatuko die dirua bezeroentzako maileguetarako bideratzen duten bankuei.

Bozketarik ez

Atzoko bileran, hazkunde iragarpena jaitsi zuen berriro EBZk: aurten, euroguneko BPGa %1,1 haztea espero du (-0,1), eta %1,2 datorren urtean (-0,2). «Atzeraldi baterako aukerak txikiak dira oraindik, baina handitzen ari dira», gaineratu zuen Draghik. Urriaren amaieran utziko du kargua Draghik, eta Christine Lagardek ordezkatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.