Koronabirusa

Maskaren erabilerak gora egin du araua ezarritakoan

Hirietan maskarak ikustea ohikoagoa da, baina ,arauarekin, herrietan ere gora egin du erabilerak. Herritarren ustez, araua «errespetatzen» ari dira.

Herritarrak maskara jantzita dabiltza kalean; esate baterako, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maialen Arteaga-Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
Bilbo-Antzuola
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Nekez ikus zitekeen irribarre txikiren bat atzo Bizkaiko hiriburuko kaleetan. Kafe bat hartzen ari zenari, akaso, ezkutuko irribarreren bat harrapatzea posible zen, tarteka bazen ere. Kale bete jende, kale bete maskara. Hiriak azkar onartu du Eusko Jaurlaritzak ezarritako arau berria. Badirudi Bilboko kaleek eguraldia iragartzen duten sateliteen gisara aurreikusten zutela maskaren erabilera. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak pasatu dira, eta maskararen derrigorrezko erabilerak irribarre eta aho guztiak estali ditu, baina ez ahotsak.

Jabier Barandiaran gazte bilbotarra Areatza plazan dago. Maskarapeko ahotsak argi dio arau berria «beharrezkoa» dela: «Azken batean, pandemia baten erdian gaude. Ez da babestuko gaituen txertorik atera oraingoz; beraz, beharrezkoa da gure artean babestea». Maskaren ohiturak aipatutakoan, aurpegiak irribarre baten antza hartu dio, begiak ertzetatik itxiz: «Egia da orain arte ez dudala beti soinean eraman», azaldu du Barandiaranek, baina gehitu du jende pilaketak egoten zirenean «beti» jantzi duela. Argi dauka araua beharrezkoa dela, baina mesfidantzaz ikusten du hauteskundeen ostean ezarri izana: «Hauteskundeen ostean oihartzun handiagoa izan du komunikabideetan. Lehen dena ondo zegoela saldu nahi ziguten, baina orain ez da horrela».

Luis Angel Castresana eta Jose Mari Amantes kafe baten bueltan bildu dira. Kafea edan bitartean ez dute maskararik jantzi behar izan, baina solasaldirako janztea erabaki dute. «Niretzat ez da oso erosoa, baina kontzientziatu behar dugu. Bilbon mundu guztia dago maskararekin. Jendeak kontzientzia du hemen», azaldu du Amantesek. Isunen inguruan ere hitz egin dute: «Derrigortzen ez bagaituzte, ez dugu jartzen, eta hau ez da txikikerietarako kontu bat», adierazi du Castresanak. Laguna ados dago, baina uste du egoera batzuetan «malgutasuna» izan beharko luketela.

Mesfidati bada ere, Bilboko auzoak eta kaleak maskaraz jantzi dira gaurkoan; irribarreak ezkutatu dituzte, baina ahotsek ez dute zigarro eta kafeen beharrik kaleak hartzeko.

Herrietan bada aldea

Herriko jaiak hastear egongo lirateke ostegun honetan Antzuolan (Gipuzkoa), baina maskarek hartu dute festetako zapien lekukoa. Egun batetik bestera, erabat aldatu da herri horretako giroa maskarari dagokionez. Egun bakar batean, herritar gehienek erabiltzen dute. Badirudi arau bat ezartzea batzuetan aski dela maskaren erabilera aldatzeko. Eta zigor bat, isun bat maskara ez erabiltzeagatik.

Kalebarren plazaren alboan dagoen taberna batean dago Ibai Zabalo, eta adierazi du erabilera «nabarmen» igo dela, aurrez ia inork erabiltzen ez zuela gaineratuta. Haren arabera, herri txikia da, eta baliteke herritarrak beste leku batzuetan baino lasaiago egotea, baina erantsi du araua errespetatzen ari dela jendea. Kezka ere badu: «Ikusi egin beharko da zer gertatzen den jendea erlaxatzen hastean denean».

Ane Lizarralde ere kalean dago, maskara jantzita. Hark ere orain arteko egoera izan du gogoan: «Esango nuke araua ezarri aurretik maskara janzteak lotsa ematen zuela, denok ezagutzen baitugu elkar». Zabalok esan bezala, uste du herritarrak ere lasaiago daudela herri txiki bat izanda, baina ez zaio zentzuzkoa iruditzen: «Jendez inguratuta egon ohi gara berdin-berdin». Hala ere, espero du arau honekin jendeak egunerokoan maskara erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.