Koronabirusa. Adinekoen egoitzak

Egoiliarra ardatz duen zaintza eredua bultzatu nahi dute Nafarroan

Zahar etxeetako eta beste gizarte zerbitzuetako egoitzak arautzeko dekretuaren zirriborroa aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. Etxe baten antz handiagoa izango duen eredu bat lortu nahi dute aldaketekin

joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ia 30 urteren ondoren, gizarte zerbitzuak arautzeko foru dekretua aldatu nahi du Nafarroako Gobernuak. COVID-19ak gogor jo ditu zahar etxeak, eta, ondorioz, etorkizunean adinekoen egoitzak ospitale bihurtzeko arriskuaz ohartarazi dute sektoreko hainbat ahotsek egunotan. Kontrako norabidean, Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztutako zirriborroak etxe baten tankerako bihurtu nahi ditu adinekoen egoitzak, egoiliarrei entzunez eta erabaki ahalmena emanez: «Lan egiteko modua eta egoitzetako espazioaren osaera aldatu nahi dira, zaintzaren kalitatea eta gizatasuna hobetzeaz gain, segurtasun handiagoa ere eskain dezaten», azaldu zuen Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak, atzoko aurkezpenean.

Oraingoz, proposamena besterik ez da. Astelehenetik aurrera, Nafarroako Gobernuaren gardentasunaren web orrian jarriko dute agiria, eta hilabete bateko epea emango dute herritarrek, sektoreko ordezkariek edo gizarte eragileek ekarpenak egin ditzaten. Abian den prozesu horretan, pandemiaren eraginak neurtzeko zahar etxeen artean egiten ari diren ikuskaritzaren ondorioak bilduko dituzte, baita parlamentu taldeen proposamenak jaso ere. Asmoa da azaro edo abendu aldera onartzea dekretua.

Hemendik aurrera, adinekoen egoitza berriek edo egungoen artean beste hamabost toki baino gehiago handitzeko eskaera egiten dutenek aldaketa adierazgarriak egin beharko dituzte, dekretua onartzen denetik. Lehenik eta behin, egoitzak txikiagoak izango dira; bestetik, gehienez hamasei lagun izango dituen elkarbizitza unitateak ezarri beharko dituzte, —egoitza berrien kasuan, erabiltzaile kopuruaren %65 beteko dute gutxienez—.

Elkarbizitza unitate horiek etxe baten tankera izango dute, sukalde batekin eta egongela batekin. Halaber, norbanakoentzako gelak 14 metro koadrokoak izango dira, eta birentzako gelak, 20 metro koadrokoak; bi kasuetan, bainugela propioa izango dute. «Nahi dugu egoitza handiagoa izan arren elkarbizitza talde txikiagoetan egin ahal izatea, denok buruan dugun etxearen kontzepzio horretara ahalik eta gehien gerturatzeko asmoz», aipatu zuen Ines Frances Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariak.

El Vergel, aitzindari

Dena den, egungo zahar etxeei eta gainerako gizarte zerbitzuetako egoitzei bi urteko trantsizio epea emango zaie espazio fisikoa, antolamendua, ebaluazio sistema eta kudeaketa eredua pixkanaka alda ditzaten. Maezturen arabera, egun ezgaitasun zentroetan jada ezartzen dira irizpide horiek, eta El Vergel zahar etxe publikoan ere 2018tik apurka moldaketak eginez joan dira. Eskubide Sozialen Departamentuarekin hitzarmena duten beste zentro batzuek hartua dute gidalerroei jarraitzeko konpromisoa.

Dekretuak konpromisoaz haragoko aldaketak hartzera behartuko du; adibidez, langileen prestakuntza hobetu beharko da. Zerbitzu bakoitzak erreferentziazko profesional bat izango du, eta egoiliar bakoitzeko langileen ratioa handituko da. «Ratio hori ez da bateratua izango zentro guztientzat; zerbitzuaren araberakoa izango da, eta horrek bermatuko du gutxieneko kalitate bat izatea», esan zuen Maeztuk. Gainera, arauak behartuko du psikogeriatria unitateak egoitzako eremu nagusitik bereiztea.

Egun, 13.097 laguni gizarte zerbitzua eskaintzen dieten 525 zentro daude Nafarroan: bloke nagusia 219 zahar etxek osatzen dute—9.105 lagun daude bertan—. Zerbitzuotan 5.000 langilek egiten dute lan. Maezturen arabera, nahi dute eredua «malguagoa» izatea eta pertsonen behar eta gaitasunetara egokitu ahal izatea.

Funtsean, gizarte zerbitzuen sarean bestelako filosofia bat ezarri nahi dute, eta gizarte politiketan aurreratuago dauden beste herrialdeen urratsei jarraitu; hala nola herrialde eskandinaviarrak, Kanada, Australia eta Erresuma Batua.

Nacho Iriarte departamentuko idazkari teknikoak zehaztu zuen ereduak erabiltzaileengan jarri nahi duela ardatza. Orain arteko ereduak zerbitzu oso bat ematea zuen xede, eta, orain, horrez gain, gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak eurak ere kontuan hartuko dira. Jateko, oheratzeko edo esnatzeko ordutegietan erabakitzeko aukera emango zaie, eta gelak pertsonalizatzeko aukera izango dute. «Ezin dira ordutegiak nahieran ezarri, baina, marjina bat izanda, erabaki ahalmen bat izan dezakete. Gainera, errespetatuak eta balioetsiak senti daitezela, intimitaterako eskubidea berma dadila eta kanpokoekin harremanak izateko aukera izan dezatela. Horrek guztiak lagun dezala bizi kalitatea hobetzen», aipatu zuen Iriartek.

Profesionalen zeregin nagusietako bat erabiltzaileak «entzutea» izango da. Arreta mota malgutu nahi da, baina, era berean, enpleguak egonkortu eta sendotu. Gainera, sare bat osatu nahi dute zentroek euren arteko informazioa truka dezaten eta zalantzak argi ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.